563 Zenbakia 2011-01-21 / 2011-01-28

Euskonews Gaztea

Gaiak: Teresa Catalan

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Musika maitatzeak bizimodua konposatzaile moduan egituratzea ekarri dio iruindar honi eta bere arloan izen sonatua bilakatu da urteen joan etorrian.

Iruñean jaio zen Teresa Catalan Sanchez 1951.urtean. Musikaren hatzaparrek gaztetan harrapatu zuten; hala, hiriburuko Pablo Sarasate Kontserbatoriora joaten hasi zen, eta piano ikasketak burutzeaz gainera, konposizioan ere sakontzeko aprobetxatu zuen. Musika notekin gozatzen zuen, baina gainera, bata bestearekin elkartuz melodia berriak konposatzea erakargarria suertatzen zitzaion. Teresa Catalan, gaztetan.

Gehiago estudiatu guran, Valentzia aldera bidaiatu eta bertako Unibertsitatean eman zuen izena; hala, Artearen Filosofian doktoretza egin eta Musika Sormen eta Estetika masterra burutu zuen. Handik, Italia aldera lekualdatu eta Sienako Chigiana Akademian hobetzeko eskolak hartu eta Musikaren Soziologia eta Konposizio Garaikidearen Teknika ikasketak burutu zituen.

Teresak estilo ezberdinetarako sortu ditu melodiak konposatzen hasi zenetik. Esate baterako, orkestrarako Adagio (1981), Cuatro nombres de mujer (1985), Europa (1991) eta Rondo para un mayorazgo (1998) sortu zituen. Bestalde, ahots musikarentzat, Equilibrio (1985), Zuhaitz (1987), Poemas humanos (1989), Aurora II (1995) eta Hom fora seny (2000). Korurako, Larunbata arratsaldian (1986) eta Dos efes en canto cuarto (1986) sortu ditu.

Esan daiteke Catalanek gehien jorratutako esparrua, halere, Ganbera musika izan dela. Hogei izenburu pasatxo dira nafar honek sinatutakoak, eta horietariko gutxi batzuk ditugu jarraian aipatutakoak: Sueño (1980), Fantasía y una noche (1982), Aunitz urtez (1983), Cuarteto sin n&uocute;mero (1985), Suite para dulzainas(1985), Europa (1987), Da Capo (1987), Aurora I (1995) , Juguetes Rotos (1995), Five on five (1997), Viaje a C&iocute;lquida (2000), edota Las Moiras (2008).

Horrez gainera, konpositore nafarrak hainbat jaialdiren koordinaketa eta zuzendaritza hartu izan du bere gain; besteen artean, Nafarroako Jaialdien zuzendaritza 1983an; Euskal Musika Berrien Jardunaldiak antolatu zituen (1994–1999); zein Zaragozako Veruela M&uocute;sica Viva jaialdiko zuzendaria izan zen 1996 eta 2000 urteen artean.

Catalan, era berean, Iruñeko Konpositore Taldearen sortzaileetariko bat izan zen. Nafarroako Gobernuaren Kultura kontseiluko kide izendatu zuten eta egiteko horretan jardun zuen 1985tik 1987ra; Tarazonako Musika Kontserbatorioko zuzendaria izan zen 1990 eta 1992 artean. Oposaketak ere egin zituen eta behin gaindituta, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioren Konposizio eta Instrumentazio Katedratikoa izatea lortu zuen. Horri esker, Zaragozako Kontserbatorioko zuzendariordea izan zen 1995–1997 eta jarraian, bi urtez Zuzendaritza, Konposizio eta Musika Teoria saileko burua.

Eginiko lan eskergak hainbat sari eskuratzea ekarri dio iruindarrari. Besteen artean, Remacha Musika Konposizio saria eman zion Vianako Printzea Institutuak 1984an; urte berean, Paulino Caballero Musika Interpretazio saria eraman zuen etxera; eta 1985n Konposizioko Europako Musika Urtea Saria iritsi zitzaion Nafarroako Kultura eta Hezkuntza sailaren eskutik.

Sormen handiko eta belarri fineko emakume nafarra, sentimenduz bustiriko musika askoren ama dela esan daiteke eta ondorioz, bere lan–esparruan izen garrantzitsua da Teresa Catalanena.