Euskonews Gaztea
Gaiak: Bingen Mendizabal
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Euskal musikari eta konpositorea da arabar hau. Azken urteotan batez ere filmetarako soinu bandak sortu ditu.
Gasteizen etorri zen mundura Bingen Mendizabal Alvarez de Arkaia 1962ko abenduaren 5ean. Txikitatik musika doinuek erakartzen zuten eta 1969an ezagutza musikalak jaso guran, Arabako hiriburuko kontserbatorioan eman zuen izena. Horrez gainera, 1978an Arrasatera joaten hasi zen Albina Madinabeitia biolin–jolearen eskutik eskolak hartzera. Argazkia: Noticias de Gipuzkoa.
Mendizabalek bere kabuz eskuratu du batez ere musikaren gaineko jakintza. Halere, laurogeiko hamarkadan harmonia ikasten hasi zen, baita konposizioa, kontrapuntua, fuga, konposizio garaikidea, musika elektroakustikoa, edota zinematografia–musika. Halere, berak esana da,“gauza asko ikasten hasi nintzen, baina ez nuen bat bera ere bukatu”.
Bokazio handia zeukan gazte hark eszenatokira igo nahi zuen, eta baita lortu ere. Aurrena, euskaraz kantatzen zuen rock eta funky musika egiten zuen Nahiko izeneko talde batean hasi zen. Etapa hura amaituta, Hertzainak taldearekin batera biolina jotzeari ekin zion, eta urte politak bizi izan zituen arren, bestelako asmoak zituen Bingenek buruan. Zinema gustuko zuen gasteiztarrak eta egunen batean soinu–bandak konposatzea bere egitasmoen artean zegoen.
Aurreneko aukera Juanma Bajo Ulloaren eskutik iritsi zitzaion 1989an, hain justu, El reino de Victor film laburrerako musika sortuz. Gerora ere, zuzendari gasteiztarrarekin beste hainbat proiektutan arituko zen: Alas de mariposa (1991), La madre muerta (1993), Airbag (1997).
Zinema mundu horretan sartu zenetik, ez zaio lanik falta izan eta pelikula ugaritan entzun ahal dira bere konposizioak. Besteen artean, El ojo del fotógrafo (1992), Mi hermano del alma (1993), Dame Lume (1994), Éxtasis (1995), Cachito (1995), Bajo la piel (1996), Robo en el cine (1996), Secretos del corazón (1997), La hora de los valientes (1998), El arte de morir (2000), Visionarios (2001), El viaje de Carol (2002), Torapia (2004), Reinas (2005). Amerikako Estatu Batuetatik ere jaso zuen deia, hain justu 1998an Los Angelesera bidaiatu zuen Doña Bárbara filmerako soinu–banda sortzeko.
Beste zenbait proiektutarako ere musika konposatu du, esaterako TVEko La Regenta telesailerako 1994an; Bartzelonako portu zaharra berritu zenean Nit de Mar ikuskizunerako musika 1995an.
Bingen Mendizabal Mikel Urdangarin musikariarekin elkartu eta Bar Puerto diskoa grabatu zuen 2001ean. Gero, 2003an Mendizabal eta Urdangarinek, Rafa Rueda eta Mikel Valverderekin batera Zaharregia, txikiegia agian disko–liburua ere kaleratu zuten eta AEB, Alemania eta Irlanda aldean ere ibili ziren ikuskizuna jendaurrean aurkeztuz.
Sormen lan ikaragarria eginez bere musika–zaletasuna ogibide bilakatzeko zortea eduki du Bingenek, askotariko estiloak landuz eta beti ere sentimenduz eginiko lanak direla agerian utziz.