561 Zenbakia 2011-01-07 / 2011-01-14

Artisautza

Marta Irusta. Pitxiak: Sarrera

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Sarrera

Berriki kaleratutako fitxa batean adierazi genuenez, zilarra lantzen duten artisauena gure elkarrizketetan sarrien parte hartu duen taldeetako bat dugu. Hain zuzen, EUSKONEWS aldizkariaren 237, 295, 317, 341, 475, 481, 501 eta 507. aleetan izan ditugu gurekin.

Horiei buruzko fitxetan, zilarraren eta bitxien inguruko historia, mitologia, sinesmenak eta etnografia aztertu, harriei, zinginarriei eta ofizioari lotutako terminoen esanahiak argitu eta etnografiaren eta sinesmen arteko loturak jorratu ditugu.

Gaurko fitxan ere, zilarra eta harriak lantzen dituen beste artisau batekin hitz egingo dugu. Marta Irusta Trucios eibartarra irudimen handiko emakumea da. Lanetan, emaitza bikainak lortzen ditu baliabide gutxirekin. Eibar, artisauen sorlekua

Armagintzak, tradizio luzeko eta sakon errotutako jarduera izanik, artisau-ofizio ugariren beharra izan du betidanik ekoizpen-lanetarako. Gure aldizkarian, honako hauek argitaratu ditugu:

- José Antonio Bastida, kulata-pikatzailea (EUSKONEWS 477. zk.).

- Vicente Alberdi, grabatzailea (EUSKONEWS 433. zk.).

- Salvador Sánchez, grabatzailea (EUSKONEWS 439. zk.).

- Mª Asunción Nogués, damaskinatzailea (EUSKONEWS 449. zk.).

Artisau-ofizio horietan oinarrituz, beste hainbat ere sortu ziren Eibarko hiribilduan. Gure aldizkarian, adibidez, horietako batzuen berri eman dugu. Ekar ditzagun gogora:

- Josune Mugerza eta Nerea Lazpita, ESKULAN, beira-lanak (EUSKONEWS 531. zk.).

- Iratxe Unanua, arropa pintatua (EUSKONEWS 553. zk.).

- Juan Antonio Guisasola, telazko panpinak (EUSKONEWS 176. zk.).

- Arrate Bidasola, aromaterapiarako produktuak (EUSKONEWS 523. zk.).

- Barrenetxeatarrak, Donostiara joandako okinak eta pastelgileak (EUSKONEWS 487. zk.).

- Eta gaurko artisaua: Marta Irusta bitxigilea.

Udaleko artisauek elkartea sortu dute: EIBART, Eibarko Artisauen Elkartea.

Orain arte alde onak aipatu ditugu, baina txarrak ere hor daude. Zoritxarrez, Eibarren, damaskinatugintzaren sorterrian, jadanik ez dago damaskinatu-eskolarik, eta ofizioa galzorian dago. Merkatua gainbeheran erori da, industrializazioaren eta damaskinatuen “antzeko” (baina ez pareko) piezak egiteko erabiltzen diren prozesu mekanikoen ondorioz. Horri guztiari borondate politikorik eza gehitu zaionez, damaskinatugintza ia berehala desagertuko da.