557 Zenbakia 2010-12-03 / 2010-12-10

Gaiak

Diasporako euskararen egoera

ZINKUNEGI, Kinku



Urtea amaitzen ari da eta abenduan sartu gara. Urtero bezalaxe Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu Euskal Herrian. Hainbat ekintza egingo dira han eta hemen, oso izaera desberdinekoak adierazpen instituzionalak, euskara gizarteratzeko hainbat ekintza, festa eta ospakizunak, besteak beste.

Euskal Herritik at ere ospakizun eguna da abenduaren 3a. Euskararen mapa gero eta zabalagoa da eta oraingo leloak esaten duen bezala “Munduoro Euskaraz”, horixe da xedea.

Historian zehar, asko eta asko izan dira sorterria utzi eta erbesteratu diren euskaldunak, arrazoi desberdinengatik eta garai desberdinetan, beti ere, bizimodu erosoago baten bila.

Ikastaroen berri emateko kartel lehiaketa.

Argazkia: Kinku Zinkunegi.

Euskal Herria, arrazoi batengatik edo bestearengatik utzi behar izan zuten haiek, euskara beraiekin eraman zuten jomuga zuten herrialdeetara. Elkartzeko beharrak bultzatuta Euskal Etxeak sortzen hasi zirenean, orain 100 bat urte, hauek Euskal Herriaren isla bihurtu ziren, nolabait esateko. Bertan, beste euskaldunekin elkartzeko aukera izateaz gain, euskal kultura eta ohiturak bizitzea eta mantentzea zuten helburu nagusi, eta, jakina, euskaraz. Esan bezala, betidanik ahalegin handia egin da euskal etxeetan euskal ohiturak eta kultura gordetzeko. Hori horrela, dantza taldeak eratu ziren, pilota lekuak eraiki, mus lehiaketak antolatu, eta abar. Ohitura hauek belaunaldiz belaunaldi igorri dira eta jarraipena izan dute, baina ez da horrela gertatu hizkuntzari dagokionez. Herrialde hauetara heldu ziren euskaldunek euskara beraiekin eraman bazuten ere, hurrengo belaunaldiek ez zuten beti bereganatu. Hauen kasuan, gizarte berrietan txertatu beharrak, bertako hizkuntza bihurtu zen lehenengo hizkuntza eta euskararen ikaskuntza eta erabilera, pixkanaka-pixkanaka lekua galtzen joan zen. Galera hori ekidin nahian, batetik, eta euskal kolektibitatearen artean hiztun berriak irabazi nahian, bestetik, euskarazko eskolak antolatzen hasi ziren hainbat eta hainbat euskal etxe, munduko hainbat herrialdeetan.

Kartel saritua.

Argazkia: Kinku Zinkunegi.

Euskararen igorpena, ez zen borondate kontua bakarrik, izan ere, baliabide egokirik ezak ere oztopatzen baitzuen horrelako ekimenak abian jartzea.

Jarduera hori oso baldintzatua egoten zen eta askotan nork irakatsirik ez izatean ez zegoen eskaintza hori egiteko modurik. Dena dela, baliabideak baliabide, ugariak ziren, han-hemenka, euskarazko eskolak eskaintzen zituzten euskal etxeak. Ikas material egokirik ez zuten, irakasle lanak burutzen zituztenek, gehienetan, ez zuten trebakuntzarik, nahikoa zen euskal hiztuna izatea eta ikastalde batekin lan egiteko borondatea izatea, azpiegiturak ere kaskarrak sarritan, baina arazo hauek guztiak parte-hartzaileen borondate sendoak minimizatzen zituen.

Eta euskaldun haien lan itzelari esker ezarri ziren gaur egun “Munduoro Euskaraz”-ek izan nahi duenaren oinarriak. Euskararen irakaskuntza Euskal Herritik kanpo

Euskararen irakaskuntza, arautu gabeko jarduera izan arren, era askotara gauzatzen zen: euskal etxeetan, zenbait eskoletan, Unibertsitateetan,... Esate baterako, 1904an Buenos Aireseko unibertsitatean euskarazko lektoradoa martxan zegoen, baina lehen esan dugun arrazoiengatik ez zegoen jarduera hauen iraunkortasuna bermatzerik eta askotan bertan behera geratzen ziren irakasle lanetan aritzen zenak utzi beharra izaten zuelako.

Gaur egun, Euskara Munduan eta lektorego programei esker, euskararen irakaskuntza atzerrian, neurri handi batean, jarduera arautua dela esan daiteke; bertan eta bertarako trebatutako irakasleak dituztelako edota hemendik bidalitakoak, programa eta material bateratuak dituztelako eta, askotan musu truk lan egiteari utzi eta jarduera diruz laguntzeko deialdiak argitaratzen ditugulako.

Nazioartean euskararen irakaskuntzaren egoera azaltzeko, bi arlo nagusi berezi behar ditugu: euskal etxeak eta unibertsitateak.

Euskal Etxeak: Munduan zehar, gaur egun, euskararen irakaskuntzari dagokionez, eremu desberdinak hartu behar ditugu kontutan, besteak beste, euskal etxeak, unibertsitateak, hizkuntza eskolak, bestelako elkarteak... Euskara Euskal Etxeetan

Gaur egun 170etik gora dira mundu osoan zehar barreiaturik dauden euskal etxeak, hurrengo taulan ikus dezakezun lez: Euskal Etxe kopurua Herrialdea 37 EEBB 1 Erresuma Batua 1 Belgika 3 Frantzia 10 Espainia 3 Mexiko 1 Kuba 1 Paraguay 2 Kanada 1 Alemania 1 Txina 2 Kolonbia 2 Peru 79 Argentina 2 Brasil 3 Chile 1 Dominikar Errepublika 1 Puerto Rico 6 Venezuela 1 El Salvador 10 Uruguay 3 Australia 1 Andorra 1 Japon 1 Italia

Zerrenda horretatik erdiek eskaintzen dituzte euskarazko eskolak herrialde desberdinetan: Argentina, Uruguay, Txile, Paraguay, Peru, Brasil, Kolonbia, Mexiko, Estatu Batuak, Kanada, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Espainia, Italia, Australia...

HABEk urtero hainbat hitzarmen egiten ditu nazioarteko euskal etxe eta federakuntzekin euskararen ikas/irakaskuntza sustatzeko asmoz. Horretarako hiru dira lan lerro nagusiak:

Irakasleen trebakuntza: Dagoeneko 75etik gora dira munduan zehar euskara irakasteko trebatu ditugun irakasleak. Momentu honetan, 35 irakasle berri trebatzen ari gara Hego Ameriketan eta 16 Ipar Ameriketan. Hauen trebakuntza urrutitik egiten da, Euskal Herritik, alegia, IKTak erabiliz nagusiki eta urtean bitan barnetegiak eratuz urrutitik landu ezin diren edukien ikaskuntza bermatzeko.

Euskodromoa prestatzen.

Argazkia: Kinku Zinkunegi.

Ikas materialak: Irakasleen lana erosoago egiteko eta ikasleek kalitatezko irakaskuntza jaso dezaten, Euskal Herritik kanpo erabiltzeko material esanguratsu eta bateratuak egitea izan da gure asmoa. Gaur egun, premia horri erantzun diogula neurri handi batean esan dezakegu. Batetik, taldeetan erabiltzeko lehenengo 3 urratsetarako material berezitua helaraziz (ikasleen %90 maila hauetan biltzen da) eta hartzaileen hizkuntza aniztasuna kontuan izanda gaztelera, frantsesa ala ingelesa harreman hizkuntza gisa erabiltzen dutenentzat. Horrez gain, internet bidezko eskaintza bermatzeko BOGA programa informatikoa ere eskura dute.

Euskara ikasleei dagokienez, 2000tik gora izan dira 2010ean euskal etxeetara jo duten ikasle helduak: Argentinan 600, Uruguayn 150, Txilen 60, Brasilen 100, AEBtan 170, Frantzian 180, Espainian 400...

Horiei beste 1.100 ume gehitu behar zaizkie. Umeen kasuan, garrantzi handia hartzen dute, izan ere, horiexek baitira etorkizuna. Batetik, Argentinako hainbat eskoletako umeak (Buenos Aires-eko eta Llavallol-eko Euskal Echea ikastetxeetan eta Necocheako Ikastola ikastetxean), non lehen zikloan euskararen hastapenak ikas edukietan dituzte ikastetxeko kurrikuluaren barruan. 3 ikastetxe hauetan 800dik gora dira euskara ikasgai duten haurrak. Bestetik, euskal etxe eta elkarteetan dituzten hau txokoetara hurbiltzen direnak.

Nazioarteko irakasle taldea. Montevideon 2010eko urtarrilean.

Argazkia: Kinku Zinkunegi.

Lektoregoak

Eusko Jaurlaritzak azken urteotan indarrean jarri duen programa da hau. Beronen helburua euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza atzerriko unibertsitateetan txertatzea eta, ahal den guztietan, balio kurrikularra bermatzea. Gaur egun 25bat hitzarmen ditu Eusko Jaurlaritzak atzerriko unibertsitateekin eta 661 ikasle inguru Bartzelona, Madril, Erroma, Helsinki, Brno, Mosku, Boise, Reno, Mexiko, Uruguai, Argentina, Txile...

Bestelakoak:

Euskararen irakaskuntzarekin bukatzeko, esan, Madril eta Bartzelonako hizkuntza eskoletan ere eskaintzen dela euskara gaur egun. Horiez gain, munduan zehar hainbat hizkuntza laborategietan, adibidez, Buenos Aireseko Centro Universitario de Idiomas-en, elkartetan, eskoletan...

Abenduaren 3a gainean dugula, ospakizun ugari izango dugu Euskal Heritik kanpo ere. Hego Hemisferioan ikasturtearen amaierarekin bat datorrenez, ikasturte amaierako festatzat hartzen dute, beraz, urtean zehar egindako lanak aurkeztu (antzerki, filma, aldizkari...) eta ondoren festa giroan ematen zaio amaiera ikasturteari. Ipar hemisferioan, berriz, lehenengo hiruhilabetekoaren bukaeran harrapatzen ditu, baina, hala ere, asko eta asko dira eskola egutegian Euskararen Eguna gorriz dutenak eta egun horretarako programa oparoak egiten dituztenak.