Euskonews Gaztea
Gaiak: Loti ederraren tranpa
Ispiluan begiratu eta bere burua zaharkituta ikusi zuen; begi inguruetan nabaritzen zitzaizkion batez ere denboraren joan–etorriak. Dozenaka zimurtxo txikik emozioz betetako bizitza eduki zuela adierazten zuten, negar eta irribarre asko eginiko pertsona zela salatuko balute bezala.
Irudi horri erreparatu eta gogora etorri zitzaizkion bizitzako zenbait une: gerra garaiko une latzak, ezkontza egun zoragarria, alaba jaio zeneko urduritasun eta zoramena, auzoko bolo txapelketa irabazteak eman zion ospea, berrogeita zortzi urteren ostean erretiroa hartu zueneko eguna, urrezko ezteiak ospatu zituenekoa ... Oro har, balorazio bat egin beharko balu, une goxoek irabaziko lukete bere bizitzako guda. Bai, 78 urte zituen eta zoriontsu sentitzen zen.
Nahiko pertsona umoretsua izan zen beti, txisteak gustuko zituen horietarikoa; botila erdi beteta ikusi eta gauza txarrenei ere alderdi ona bilatzeko joera izaten zuen. Beti keinu alai batekin hartzen zituen ingurukoak eta horrek gertuko lagunei ere aurrera egiten laguntzen zien.
Leihotik begiratu zuen eta oraindik eguzkia eszenan agertzeko ordutxo batzuk geratzen zitzaizkiola eta, ohera bueltatu zen. Han zegoen bera, elkar ezagutu zuten unetik aldamenean edukitako pertsona maitagarria. Bere alboan etzatea gustatzen zitzaion, loti ederrarekin egoteak indarberrituko balu bezala; bere kutuna zela iritzi zion, bizitzari egunez egun aurre egiteko behar zuen “tranpa”. Arnasa sakon hartuta, begiak itxi, emaztea besarkatu eta ametsen munduan erori zen berriz ere.
