543 Zenbakia 2010-07-30 / 2010-09-03
Urtean zehar gauza anitzek mugiarazten didate bihotza azkar–azkar. Nire lehengusuaren umea ikusten dudanean sortzen zaidan bizipoza ikaragarria da edota ongi eginiko lanarengatik zorionak ematen didateneko sentsazioak asebetetzen nau, baita herriko okindegira joan eta neska kolonbiarra euskaraz hitz egiten saiatzen ikusteak ere.
Une gogoangarri askotatik gutxi batzuk besterik ez dira aipatu berri ditudanak. Halere, azken adibideari dagokionez, molde horretan jokatzen dutenen gainean bi hitz esan gura nituzke. Alde batetik, pozgarria dela kanpotik etorri den pertsona batek gure hizkuntza aintzat hartzea, kontuan izanik bertoko askok eta askok, zoritxarrez, mespretxua adierazten diotela euskarari. Eta bestetik, portaera logikoa iruditzen zaidala, errespetuzkoa, kanpora joanez gero, tokian tokiko hizkuntzan hitz egin beharko baikenuke.
Baina noski, betiko leloarekin egiten dugu tupust, hizkuntzaren ofizialtasuna, batzuentzako bertokoa izan arren, arrotz sentitzen dutela, politizazioa... Neuk modu naturalean baliatzen dut euskara, eta euskaraz hitz egiten dudan bezala, euskaraz amesten dut, euskaraz maitatzen dut, euskaraz egiten dut lan... Eta zaila egiten zait horren xarma ederra duen eta belarrira horren goxoa egiten den euskara ikasi edo berba egin nahi ez duten pertsonak daudela pentsatzea.
Jakinduriak aberasten gaituela esan didate txikitatik, eta ongi dago ura H2O dela , edota Innsbruck Austrian dagoela jakitea, ADNk zer esna nahi duen ezagutzea... Eta zergatik ez harribitxia den lengoaia bitxi baten jakitun izan?
Tik–tak, tik–tak... euskaltegian eman izena... Tik–tak, tik–tak... hautua egiteko unea da.