543 Zenbakia 2010-07-30 / 2010-09-03

Euskonews Gaztea

Gaiak: Alfonso Sastre

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Letren munduan gira eta bira esparru anitzak landu dituen idazle ezaguna da Alfonso Sastre.

Madrilen jaio zen 1926. urtean, familia burges batetan. Aurrena, Nuestra Señora de los Ángelesen eskolatu zuen familiak, eta handik berriz, Cardenal Cisneros Institutura abiatu zen, batxilergo ikasketak egiteko asmoz. Estudiatzen jarraitzeko gogoz, Aeronautika Ingeniaritza hautatu zuen Goi Mailako ikasketa moduan, baina utzi egin zuen. Azkenean, Filosofia eta Letren Fakultatean matrikulatu zen. Argazkia: Noticias de Gipuzkoak utzia.

Alfonsoren bizitzak buelta handiak eman ditu XX. mendeko hogeigarren hamarkadaz geroztik; akaso gerra zibila eta ondorengo giroa bizi izanak nolabait markatu zuen bere bidea. Frankismoaren kontrako jarrera hartuta, ondorioak pairatu zituen idazle honek hasieratik. Besteen artean, zentsura jasan zuten bere lanek behin baino gehiagotan. Esate baterako, debekatu egin zioten 1950ean idatzitako Prólogo patético lana taularatzea; zorte txar bera eduki zuen Eskuadra hacia la muerte (1953), Muerte en el barrio eta Guillermo Tell tiene los ojos tristes (1955), El paralelo 38 (1958) zein La sangre y la ceniza (1965) lanekin.

Baina zentsuratzailearen atzaparrez gain, Sastrek kartzela ere ezagutu zuen diktadura garaian. Hala, nahiz eta aske geratu, 1956ean prozesatu egin zuten protesta batzuetan parte hartzeagatik; fidantza ordaintzeko banku kontuak bahitu, eta Frantzia aldera joan zen sei hilabetetarako.

Kartzelan denboraldi bat egin zuen 1960an; Carabancheleko espetxean bitan sartu zuten 1966 eta 1974ean. Azken kasu hari dagokionez, bere emazte Eva Forest atxilotu zuten ETAri lagundu ziola egotziz, eta aldi berean, Sastreri terrorismoa egotzi zioten; azkenean 1975ean irten zen presondegitik. Orduan, Eva alabarekin Bordelera jo zuen bertan bizitokia kokatuz baina 1977an, familia elkartu eta harrez geroztik, Hondarribian dauka bizilekua Alfonsok.

Idazle fazetari dagokionez, antzezlanak sortzen hasi zen Sastre, 1945ean Ha sonado la muerte drama idatzi zuen urte berean lagun batzuekin sortu zuen Arte Nuevo antzerki taldeko kide batekin elkarlanean. Ordutik hamaika izan dira idatzitako antzerki obrak. Besteen artean, Uranio 235 (1946), Cargamento de sueños (1949), Prólogo patético (1950)? Escuadra hacia la muerte (1953), La mordaza (1954), Tierra roja (1954), Guillermo Tell tiene los ojos tristes (1955), El cuervo (1956), Asalto nocturno (1959), Oficio de tinieblas (1962), La taberna fantástica (1966), Crónicas romanas (1966), Askatasuna (1971) Aventura en Euskadi (1982), Jenofa Juncal (1983), Los últimos días de Emmanuel Kant (1985), Alfonso Sastre se suicida (1997) edota Drama titulado No (2001).

Baina ez da landu duen genero bakarra, saiakera arloan ere murgildu izan da eta. Esate baterako, Drama y Sociedad (1956), Anatomía del realismo (1965), La revolución y la crítica de la cultura (1970), Crítica de la imaginación (1978), Escrito en Euskadi (1982), El drama y sus lenguajes I (2000), El drama y sus lenguajes II (2001), Ensayo sobre lo cómico (2002) zein El retorno de los intelectuales (2004).

Poeta gisa ere ezagutua da, eta Balada de Carabanchel y otros poemas (1976), El Evangelio de Drácula(1976), Vida del hombre invisible contada por él mismo (1994), Obra lírica y doméstica (2004) dira bere izenburuetariko batzuk.

Narrazioari dagokionez, berriz, Las noches lúgubres (1963), Las flores rojas para Miguel Servet (1967) , El lugar del crimen (1982), Necrópolis (1994) zein Historias de California (1996).

Sastrek nazioarteko sona dauka, eta horren erakusgarri da makina bat lekutan aurkeztu izan dituela bere obrak, bai eta hitzaldiak eman ere: AEB, Danimarka, Erroma, Kuba, Errusia, Kolonbia...

Bestaldetik, politika arloan, 2008ean EAE–ANVren hautagai zerrendatan bere burua aurkeztu zuen Espainiako Hauteskundeetarako; eta 2009an berri, Iniziatiba Internazionalista–Herrien Elkartasuna taldeko zerrendaburua izan zen Europar Parlamenturako hauteskundeetan.

Eta noski, eginiko lan eskergaren uzta sari forman iristea ez da bitxia egiten. Besteen artean, Antzerkiko Sari Nazionala eskuratu zuen 1985ean, bai eta Valladolideko ikusle eta kritikaren saria ere La Taberna Fantástica lanari esker. Euskadi Literatur Saria eraman zuen etxera Demasiado Tarde para Filoctetes zela eta, 1991n; 1993an Literatur Sari Nazionala (Janofa Juncal); La Habanako Arte Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen 2003an; edota Letren Kixote Saria jaso zuen 2005ean.

Hitzaren bidez eta jarrera aurrerakoi eta ezkertiarrarekin, hasieran arazoak izan arren, merezitako aintzatespena jaso du Alfonso Sastrek etxean eta kanpoan.