54 Zenbakia 1999-11-12 / 1999-11-19

Gaiak

Egungo euskoiberismoari buruzko zenbait ohar

ARTETXE, Karmele

Egungo euskoiberismoari buruzko zenbait ohar Egungo euskoiberismoari buruzko zenbait ohar 1998/1999 Jakitez kurtsorako egindako saiakeraren laburbilpena * Karmele Artetxe Oraingoz, euskalari nagusien arabera, euskara beste ezein hizkuntza bizi zein hilekin ez dago genetikoki ahaidetuta. Baina egoera hori ez da, ez saiatzearen ondorioz, euskararen etorki eta ahaideei buruzko proposamenak jada XVI. mendetik daudelako. Geroztik euskararen ahaidetza Europako zein beste kontinenteetako ia edozein hizkuntz familiatan bilatu da. Mendebaldeko Europan dagoen hizkuntza ez indoeuropear bakarra denez, euskarak, hizkuntzalari akademikoenak zein hizkuntza arraroenganako zaletuak erakarri ditu. Horren ondorioz, gai honi buruz dagoen produkzio historiografikoa itzela da. Teoriarik fantasiosoenak euskara, eta minoera, etruskoa, piktoera, sumeriera, edo guantxearekin loturak ezartzen saiatu dira. Azkenaldian, Ruhlenen proposamenekin batez ere, euskara egungo beste hizkuntza uhartekin harremanetan jartzeko ekimenak egon dira, hizkuntza ezezagun asko biltzen dituzten superfamiliak osatuz. Ruhlenen euskal moldaketa Martinez Lizarduikoak egin du. Dena den, euskara ahaidetzeko askosaz ere saiakera interesgarriagoak egon dira, hala nola, euskara eta europera zaharra zein indoeuroperarekin harremanetan jartzen saiatu direnak. Euskararen ahaidetze lanetarako gehien erabilitako hizkuntzak hauek izan dira: euskara eta hizkuntza semitikoak zein kamitikoak, batez ere iragan mendeetan landua; eta XX. mendean, euskara eta afrikar hizkuntzak. Adb. H. Schuchardtek (irudian), euskara eta bereberea harremanetan jarri zituen, zeren euskara berdin iberiera bazen, eta iberiera Afrikatik bazetorren, euskararen jatorri zein ahaideak han egon behar zuten. Euskara kaukasiar hizkuntza batzuekin edo guztiekin ahaidetzeko ahalegina, azken mendeko joera da. Ustezko kidetasun horren inguruan egindako lanak beste ezein hizkuntza konparaketek baino maila hobeagokoak izan dira, euskalari garrantzitsuenak beraulandu dutelarik. Baina Mitxelenak, bi hizkuntzen arteko antzekotasun corpusa aztertzean, hitz parekoen zerrenda kasuala zela adieraziz, auzia itxi egin zuen. Bukatzeko, nahiko historiografia sendoa duen, euskara berdin iberiera, ekuazioa aipatu beharra dago. Bien arteko lotura ezartzen saiatu zen lehenengoetarikoa Poza (1587) izan zen, tubalismo teoriaren, edo hobe esanda, ideologia politikoaren babespean. Tubalismoa, teoria ideologikotzat hartu behar da, euskal oligarkia intelektualak, helburu juridiko eta politikoekin, euskara ideologia baten sinbolo bihurtu zuelako. Tubalismoan, euskara, hizkuntza babilonikotzat hartzen da, hau da, Genesiaren arabera, Babeleko nahasketaren ostean sortutako 72 hizkuntzatariko bat da, eta Tubalek, Jafeten semeak, Iberiar Penintsulara ekarriko zuen. Ondorioz, bi tradizio bibliko nahasten dira, batetik hizkuntza babelikoena eta bestetik tubalikoa. Bestalde, penintsularen populatzea azaltzen duen Tubalen teoriari, euskokantabrismo ideologia gaineratzen zaio, hau da, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintziak, Kantabriar lurraldeekin lotuz, erromatarren zapalkuntzari aurre egin zioten lurralde garaitu ezinak izan zirela. XX. mendearen erdialdeaz geroztik, W. v. Humboldtek (1767 1835) irudian proposatutako teoriari k vascoiberismo izena jarri zion, gerora erabat arrakastatsua izan den izendapena. Euskoiberismoa, tubalismoaren jarraitzailea izan zen arlo askotan, eta aldi berean, berritzailea beste horrenbestetan. Euskoiberismoak tubalismotik mailegutan jasotakoa honela labur daiteke: batetik, aintzinatasunaren kontzeptua, bai hizkuntzarena baita biztanleena ere, bestetik metodoa, aintzinateko toponimoen etimologian oinarrituta, XVI. mendeko apologistek jada erabiltzen zutena. Berriz, euskoiberismoak tubalismoa berritzen du, euskarari jatorri babelikoa ukatzen dion heinean, eta metodologikoki konparazio bidezko ikerketetan oinarritzearekin batera, euskararen azterketa linguistikoa, mitotik zientziaren aurreko atarira igarotzen delarik.XX. mendeko euskoiberismoak denetariko ordezkariak izan ditu; zoroak (Cejador de Frauca), serio itxurakoak (P. Beltran, D. Fletcher,…), baina denak arras gaindituta gelditu direnak ikerlari kritikoen lanei esker, (Mitxelena, Tovar, Caro Baroja, Untermann). Dena den 1985etik aurrera, oraindik argi ez dagoen arrazoi batengatik, inoiz erabat baztertuta egon ez den euskoiberismoa indarberrituta azaleratzen da autore hauen eskutik: Edelmio Zamanillo Lectura y traducción de la lengua de los iberos, (1988) , Roman del Cerro El desciframiento de la lengua ibérica, (1990) eta El origen ibérico de la lengua vasca, (…), (1993) eta Jorge Alonso. Banan banan azter dezagun bada egile bakoitza. Zamanillo, idazle euskoiberista baino, grekofiloa da. Coguleko elebidunean oinarrituz, eta Gomez Morenoren signarioa behar bezala moldatuz, zera ondorioztatzen du: hasieran euskara eta iberiera bateratuta zeudela, eta aintzin hizkuntza honen garapen maila grekera zaharrarekin konparatu daitekeela. Baina greziar kolonizazioaren ondorioz batasun hori apurtu zen, bi adar bereiztu zirelarik; bata euskara berarena, eta bestea, iberierarena. Honela iberiera, euskara eta grekeraren arteko harremanen ondoriozkoa izango litzateke. Hizkuntzon bilakaeraren hipotesi hau zenbait testuren azterketan oinarrituko litzateke; Botorritako brontzea, Liriako zeramika gaineko esgrafiatuak, Cabeço das Fraguas eko inskripzioa, Yatova,… . Hau da, hizkuntza indoeuropar eta ez indoeuroparrak dituzten testuak nahastu ditu, hizkuntza ez indoeuroparrak direnetaz ezer esateko. Bere milaka akats linguistiko eta historikoak alde batera utziz, Zamanilloren grekera eta iberiera harremanetan jartzeko asmo hori ez da doakoa, autorearen xedea zera baita, momentu historiko hartako kulturarik zibilizatuenarekin, helenikoarekin alegia, iberiar mundua parekatzea, bere maila berdinera igotzeko. Zamanillok, penintsulako adierazpen kultural guztiak sistematikoki izaera greziarra dutela dio. Batetik, hizkuntza mailan, iberiera eta euskaragrekerarekin ahaidetuta daude, bestetik, antolakuntza politiko mailan, kleros itxurako erakunde greziarra ba omen dago; iberiarrek greziarrak berezkoa omen duten izaera "demokratikoa" dute, eta erlijio mailan Olimpo iberiko bati buruz hitz egin daiteke. Beraz, iberoak, Espainiako biztanleak, greziarrak beste garatuta badaude, orduan, aintzinaroan Espainian bilakatutako kultura ere garatua eta handia izango zen greziarraren antza zuen heinean. Era honetan iberierak euskararekin duen harremana gai kolaterala baino ez da, Espainiaren batasun originala oinarritzeko balio duena. Aintzin Espainia batu horrek, loraldia bizi izan zuen, harik eta erromantarrak heldu arte. Roman del Cerroren lan biek oihartzun handia izan dute zenbait egunkaritan, nahiz eta akats mordoa duten. Egia esan, bere teoria euskoiberista, beste hiru autoreena baino hobeto planteatuta dago, baina hala ere bere proposamenak aiza errefusa daitezke. Roman del Cerro ez da Valentzia aldean euskoiberismoa aldarrikatu izan duen bakarra. Valencianismoa defendatu dutenak, hau da, Valentziako hizkuntzak katalanarekin zerikusirik ez duela aldarrikatzen dutenak, euskoiberismoa landu dute bereizketa hori frogatzeko, horren adibiderik argienak P. Beltran eta D. Fletcher dira . Jesus Berguari buruz ezer gutxi esan daiteke, bere signario basicoak ez baitu irakurketa fidagarririk ematen; metodoaren zientifikotasuna oso eztabaidagarria baita; euskara eta iberiera parekatzeko orduan behar diren adaptazioak egitea zilegi dela esaten baitu; linguistika mailan, hainbat hankasartze baititu; anakronismoak baitarabiltza adb. España hitza .SPANE. hitzaren eratorria litzateke ; etabar. Euskoiberismoarentzat J. Berguaren lanek ekarpena baino kaltea suposatzen dute. J. Alonso euskoiberistarik oparoena da. Hainbat obra idatziz aurrerromatar garaiko penintsularen ikuspegi ez ohikoa eskaintzen du. Antza denez, iberiera, tartesiera, etruskoa, eta minoera deszifratzea lortu omen du. Arnaiz Villena Madrilgo Unibertsitate Complutensekokatedratikoarekin batera idatzitako liburua, bere libururik ezagunenetarikoa izan da: El origen de los vascos y otros pueblos mediterráneos (1998). Elkarlan hau jokaldi bikaina izan da, ale ugari saltzeaz gain, eta irizpide kritiko gabeko egunkarietan oihartzun handia lortzeaz gain, tesi euskoiberista garai "modernoetara" moldatzeko saiakeratzat har daiteke eta. Euskoiberismoaren eguneratze horren ondorioz, jada iberiera berdin euskara binomioak, orain trinititate itxura hartu du, hots, iberiera tartesiera berdin euskara, berdin geneak (HLA haplotipoak). Arnaiz Villenak, Cavalli Sforzarekin bat eginez, hizkuntzen arteko harremana geneetan ere isladatzen dela defendatzen du. Aldiz, P. Sims Williamsek, genetika eta linguistikaren elkarrekikotasuna oraindik frogatzeko dagoela erakusten du. Bere ustez, hizkuntza jakin bateko etnia, gene eta hizkuntzaren arteko koerlazio erregularrak aurkitzea ez da lortu oraindik. Beraz, euskoiberistek maila akademikoan ez dute oihartzunik, zientifikoki ez dutelako inolako ekarpenik egiten. Akademiak autoreon lanak ez ditu barneratu, akatsez beteta daudelako, eta inongo baliorik ez dutelako. Hasteko, edo ez dute metodorik, edota edukita ere, metodoak ez du diskriminadorerik, honela edozein iberiar hitzi euskal baliokidetasuna ematea posiblea delarik. Batzuk, metodoa baino jokabide estereotipatua agertzen dute, edozerk euskal itxura du, beronen frogapenerako hitzak edozein modutan zatitzen dira, eta edozein etimologia absurdu dute. Bestalde, aipatutako euskoiberistak, Roman del Cerro ezik , formazioz ez dira linguistak, gaiaren inguruko zaletu autodidaktak baino. Honela, euren ezjakintasunak euskara zein iberieraren sintaxi eta morfologia gabezia aldarrikatzera daramatza. Horregatik, euskara eta iberieraren arteko harremana maila semantikoan bakarrik frogatzen dute. Baina hor ere huts eginez, euskararen linguistika historikoa ezagutzen ez dutelako, eta latinezko edo are txarragoa dena, erromantzetik euskarara mailegatutako hitzak iberierajatortzat hartzen dituztelako. Dena den, hau guztia ez litzateke gertatuko baldin eta oinarrizko bibliografia ezagutuko balute (Mitxelena, Tovar, Untermann, De Hoz, Gorrochategui,…). Hala ere, salbuespen bat badago, euskarazko hiztegiak "behintzat" ezagutzen dituztelako, Azkuerenak batez ere. Beraz, egungo euskoiberismoaren ordezkarien ekarpenak euskara eta iberieraren arteko auzian hutsak dira, edozein ikuspegitik behatuta ere. Kasualitatez, edo agian ez hain halabeharrez, Mitxelenaren ikerketen ondotik, euskaldun hizkuntzalari garrantzitsurik ez dago euskoiberismoa defendatzen. Batzuk, jarrera hau arrazoi politikoengatik dela esan dezakete, baina zein euskal hizkuntzalarik ez luke nahiko euskara beste hizkuntzaren batekin ahaidetzea! Orain arte erabilitako barne berreraiketa bidezko informazio iturria beti ere mugatua baita, eta euskarak beste hizkuntzaren batekin bakarra balitz ere harremanik balu, hizkuntzalariak pozik leudeke. Hala ere, euskarak beti bezain isolatua jarraitzen du, eta onargarria den harreman genetiko bakarra duela 2000 urteko akitaniera da, oraingoz euskararen arbaso argiena eta bakarra. Karmele Artetxe Sánchez, Historian lizentziatua eta Eusko Ikaskuntzako kidea Euskonews & Media 54.zbk (1999 / 11 / 12 19) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria