539 Zenbakia 2010-07-02 / 2010-07-09
Ilustrazioa: Josemari Alemán.
Bañez jauregia Iturriotz kalean dago. Atearen gainean, esaldi hauek ditu harrian landurik: “Solus labor parit virtutem; Sola virtus parit honorem” (Lana bakarrik da bertute-iturri; bertutea bakarrik da ohore-iturri). Idazkun horrek agertzen dizkio ibiltari erneari Arrasate-Mondragonek bere zazpi mendeko historian izan dituen oparotasunaren eta ospearen sekretuak. Ez dut ezagutzen Hiribildu Noble eta Leialeko arima kolektiboaren definizio hoberik.
Arrasate izerdiaren eta ahaleginaren sinonimo da, guztien onerako egindako elkarlanaren sinonimo. Arrazoi horregatik, harro agertzen gara gipuzkoarrak, gaiaz aritzea egokitzen zaigunean. Eta ez bakarrik —baina baita ere— hiribilduak altzairurik onena ekoizten zuelako (hartaz forjatzen zuten “Ezpata irabazlea: Arrasatekoa zure altzairua, eta Toledokoa tenplea”, erromantzeak zioen bezala); ez bakarrik atzo arte mundu osoko ateak eta leihoak ixten zituzten sarrailak ekoizten zituelako, edo orain bertan ekoizpenaren antolamenduan, automatismoetan, elektronikan edo etxetresna elektrikoetan nabarmentzen delako. Haren hiri-trazadura dotore eta homogeneoaz ere harrotzen gara. Ordena eraginkor eta pitzadurarik gabeko baten erakusketa plastikoa da, baina emankorra, irudimen estetikorako.
Arrasate, izan ere, nahiz eta hiri langiletzat daukan batik bat bere burua, sekula ez zen desnaturalizatu, sekula ez da bihurtu fabrika-hiri, beste hiribildu ospetsu batzuk bezala. Aitzitik, Erdi Aroko ereduarekiko nahiko zintzo gordetzen du bere multzo historikoa, eta halako arrazionaltasun batekin hazi da beti.
Arrasateko alde zaharra elipse inguratzaile bat bezala dago eratuta Udaletxearen eta parrokia-elizaren inguruan. Erdi Aroko ohiko hirigintza-patroi bat da. Erradiozentrikoa deitzen zaio. Elipsearen mutur batean Portaloia dugu, hiru kalek osatutako hiruhortzeko baten ardatza. Izan ere, hor bereizten edo batzen dira hiru kale nagusiak: Ferrerias, Erdiko kalea eta Iturriotz. Kantoi banaz daude bereizita. Lehen kalea da, ezbairik gabe, ospetsuena. Hor ziren sutegi ugariri zor die izena. Horien mozkinei esker, jauregi bikainak eraiki zituzten, baina askotan erre ziren beren labeetako txinpartengatik. Halere, etxe-aurpegi ederrak geratzen zaizkigu, hala nola, Okendo jauregia, edo 46. zenbakian dagoena, erdiko patio eta guzti.
Ilustrazioa: Josemari Alemán.
Erdiko kalea da hiruetatik zuzen bakarra. Antzina Gaztelara zihoan bidea da, eta erantzukizun horrek halako aire itzaltsu bat ematen dio, halako duintasun bat. Mendia etxeko galeria ezaguna Udaletxearen garaikoa da. Hori, berriz, Martin Karrera beasaindarrak eraiki zuen: euskal arkitektura barrokoaren erakusgarri bikaina. Plazaren beste aldean, San Joan Bataiatzailearen harrizko elizatzarra dago. Merezi du barrura sartzea; horko ezohiko zurezko aulkiteria gotikoagatik eta horiek dituzten irudi burleskoengatik, besteak beste. Iturriotz kalea, azkenik, jadanik etxe dotoreen gunea zen gremioen garaian. Hor dira oraindik Azkoaga jauregia —bakuntasun nabarmeneko obra—, jadanik aipatu dugun Bañez jauregia, edo Pedro Biteri Arana jaio zen lekua oroitarazten duen plaka. Plaka ongi merezia, bidenabar esanda, jaun ongile eta eskuzabal hark aztarna sakona utzi baitzuen Arrasaten, Donostian, Hernanin eta Gipuzkoako beste herri batzuetan, bere poltsikotik zenbait eskola eraikita.
Lagun batek diost Arrasatek baztertu egin behar lukeela Mondragon konposatua, azken finean Alfontso X.a Jakituna erregearen burutasun bat izan baitzen hiribildua horrela bataiatzea. Ez nator bat iritzi horrekin. Izan ere, Erdi Arotik datorren toponimo poetikoak ederki islatzen du herri bikain horren jakinduria.
Elezaharraren arabera, hiribildua sortu aurretik dragoi bat bizi zen mendietan, eta izuturik zeuzkan inguruko baserritarrak. Luzaro iraun zuen horrek. Halako batean, ordea, haraneko gizonek burdinoletan burdina egiten ikasi zuten. Teknika horri esker, olagizonek burdina gorizko arietetzar bat landu zuten, eta, haren kolpe batez, munstroa akabatu. Ekintza haren oroigarritzat, Mondragon jarri zioten izentzat hiribilduari Erdi Aroan sortu zutenean, hau da, Dragoiaren Mendia.
Bere fantasia poetikotik harago, mito kimerikoak egia historiko garrantzitsu bat dauka gorderik bere baitan: burdingintzak ekarri zizkien askatasuna eta oparotasuna Gipuzkoako hiribildu honetako herritarrei.