539 Zenbakia 2010-07-02 / 2010-07-09

Gaiak

IkerChem eta minbiziaren aurkako terapiak

OTAEGUI, Dorleta ZUBIA, Aizpea



IkerChem onkologiaren arloan sendagai berrien aurkikuntzara zuzenduriko spin-off enpresa bat da. 2006. urtean sortu zen, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Organikoa saileko zenbait ikertzaileren eskutik: Fernando Cossío eta Ana Arrieta irakasleak eta beraien taldean doktore-tesia egindako ikertzaile batzuk hain zuzen ere.

Unibertsitateko ikerkuntza-taldean, hainbat enpresa bioteknologikorekin elkarlanean, aktibitate biologikoa zuten konposatuak aurkitu eta patentatu genituen, gero enpresa hauek patenteetatik abiatuz bere produktuak garatzen zituztelarik. Gure doktoretza-ikasketak bukatzen gindoazen heinean, guk ere geure enpresa sor genezakeela pentsatu genuen, molekula berriak diseinatu eta sintetizatzeaz gain, produktuen garapena ere geure gain hartuz.

2005. urtearen erdi-aldera, Bic Gipuzkoa Berrilanen laguntzaz, merkatua aztertzen hasi ginen, eta azterketa honen ondorioz ikusi genuen bazegoela merkatuan guk proposatutako aktibitatearen beharra. Ondoren, enpresa-plana eta bideragarritasun-azterketa egin genituen, eta proiektuak eskaintzen zituen aukerak eta beharrak zehaztu ondoren, IkerChem enpresa moduan eratu zen 2006ko maiatzean.

IkerChem-en moduko enpresa bioteknologiko berrien sorreran, zailtasunetariko bat hasierako ekipamendu eta instalazioetan egin beharreko inbertsio handia izan ohi da (laborategiak, tresneria, ...). Gure kasuan, ondorengo erakundeen babesa eta laguntza ekonomikoa oso lagungarri izan dira: EHU, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua.

Argazkia: Andrew Mason.

Gaur egun 9 langile ari gara IkerChem-en lanean, formakuntzaz kimikariak, biokimikoak eta farmazeutikoak izanik. Gure helburu nagusia aplikazio terapeutikoak dituzten konposatu berriak garatzea da, batik bat onkologiaren arloan. Horretarako, lehenik gaixotasunaren jatorria aztertzen dugu, zehazki bere zereginetan akatsak dituzten proteinak aztertuz. Ordenagailuez baliatuz, proteina hauen egituraren eredu tridimentsionalak sortzen ditugu, eta eredu hauetan oinarrituz, proteinen aktibitatea geldiarazteko gai diren konposatuak diseinatzen ditugu.

Jarraian, ordenagailuz diseinaturiko konposatu horiek laborategian sintetizatzen ditugu kopuru txikietan, kimika organikoan erabili ohi diren teknikez baliatuz. Behin konposatuak lortu ondoren, bere aktibitate biologikoaren neurketa kanpoko laborategi batean egiten da. Lehen belaunaldi honetako konposatuak aktiboak badira, aurrera jarraitzen dugu bere garapen preklinikoarekin. Aldiz, behar adinako aktibitaterik ez badute, bere egituraren diseinua berrikusten eta berregiten dugu, konposatuei aldaketak sartuz belaunaldi berri bat sortzeko. Behin konposatu aktiboenak lortutakoan patentatu egiten ditugu.

Lortutako konposatu aktiboenekin froga preklinikoak hasten ditugu. Froga hauen bidez, gure konposatuak animalietan seguruak eta eraginkorrak direla egiaztatzen da, ondoren gizakietan probatu ahal izateko. Fase preklinikoak gainditzen dituzten konposatuak gizakien fase klinikoetan (I., II. eta III. faseak deituriko saio klinikoak) sartzen dira.

Gure ezaugarri berezietako bat gure lan-metodologia da, enpresa farmazeutiko handiek erabiltzen duten hurbilketarekiko ezberdina dena. Multinazionalek konposatu-bilduma handiak hartu eta saiaketa masiboak egiten dituzte, tratatu nahi duten gaixotasunaren aurkako aktibitate biologikoa duten molekulak aurkitu arte. Gure hurbilketa, berriz, diseinu arrazionalean oinarritutako bilaketa zuzenduagoa egitean datza.

Orain arte burututako ikerkuntza-lanari esker, IkerChem-ek onkologiaren arloan garatu daitezkeen bi patente erregistratu ditu. Batetik gure enpresaren tamaina, eta bestetik saio klinikoen prezio altua kontutan izanik, gure enpresaren estrategia bat multinazional farmazeutikoei gure produktuetako bat lizentziatzean datza. Izan ere, sendagai bat merkatura iristeko oso baldintza zorrotzak bete behar dira bere eraginari eta segurtasunari dagokionean. Sendagai bat merkatura iritsi dadin bataz beste 10-14 urte bitartean behar izaten dira, fase klinikoak gainditu eta merkaturatzeko beharrezkoak diren baimenak eskuratzeko.

Argazkia: The Wandering Angel.

Hau dela eta, industria farmazeutikoak molekula berrien beharra du etengabe. Sarritan, molekula berriak sendagaien produkzio-zikloaren hasieran kokaturiko enpresa txiki eta moldakorrek sortuak izan ohi dira, IkerChem-en moduko enpresek hain zuzen ere. Enpresa farmazeutiko handiek molekula berrien lizentziak enpresa txikiei erosita, hasierako faseetan dibertsifikazio handiagoa lor dezakete kostu erantsi handiegirik gabe, eta molekula hoien garapena eta kudeaketa aurrera eramateko gaitasuna dute.

IkerChem-en beste estrategia bat, konposatu batzuen garapena geuk kudeatzean datza. Ildo honetan, gure molekula batzuekin fase preklinikoetan aurrerapausoak ematen ari gara, oraingoz oso emaitza itxaropentsuak lortu ditugularik. Beraz, konposatu hauekin epe ertainean fase klinikoak hasteko baimenak lortzea espero dugu. Konposatu-familia berriak ere ari gara garatzen, aurreko konposatuek arazorik agertuz gero proiektuak jarraipena izan dezan. Konposatu hauek garapen-fase goiztiarragoetan aurkitzen dira.

IkerChem-ek urte hauetan egindako ahalegina eta ibilbidea, jasotako sarietan islatzen da. 2005ean Manuel Laborde Werlinden lehiaketaren 1. saria jaso genuen, unibertsitate-ingurunetik sortutako enpresa-ideia berriei zuzendurikoa. 2006an Toribio Echeverría lehiaketaren enpresa-ideien 1. saria eta sari teknologikoa jaso genituen. Azkenik, 2010eko maiatzean Emprendedor XXI lehiaketaren fase autonomikoa irabazi genuen. Lehiaketa hau la Caixa-k antolatua da, eta hazkunde-ahalmen handia duten enpresa gazte eta berritzaileak saritzen ditu.

Une honetan, IkerChem-en minbiziaren progresioa eragozten duten molekula-familia berriak garatzen ari gara. Honetaz gain, etorkizunean beste arlo terapeutiko batzuetan ikertzeko asmoa dugu, hala nola, gaixotasun neurodegeneratiboetan.