Euskonews Gaztea
Gaiak: Koloretako lorategiak
Modernitatearekin batera, karrikak bestelako itxura hartzen hasi dira, eta zenbait zonaldetan lehen lorategiak zeuden tokian, orain zementuzko zabaldegiak nagusitzen dira, herriak nortasuna galdu eta hoztasunez egiten dio ongietorria herritarrari. Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal.
Oroitzen dut txikitan nola jolasten genuen zuhaitz eta landarez hornitutako enparantzan. Horiek inguratzen zituzten barandetan esekitzen genituen gure buruak amaren begirada zorrotza lepo atzealdean sentituz. Eta noizean behin “erori eta burua apurtuko duzu!” esaten zigun arren, tximino sentitzearen emozioak bultzatuta–edo, ez genion sekula kasurik egiten.
Zenbatetan probatu genuen lurraren gogortasuna, zenbatetan entzun amaren ahotik “zer esan dizut! Niri ez egin orain negarrik! Altxa, ez da ezer pasa eta!”. Orain aldiz, neska–mutikoek emozio horiek bizi ote dituzten zalantza sortzen zait, besteak beste, nora igo ez dutelako izaten belarraren ordez porlana duten lorategi artifizialetan.
Gure txikitako paisaiak guztiz aldatu dira –gehienetan itsusiago bihurtuz, ene iritziz. Gris kolorea nagusitzen da, eta modernotasunaren aitzakiarekin, so egiteak begietan min ematen duten tokiak hasten dira agertzen gure udalerrietan. Akaso zaharkituta egongo naizela pentsatuko duzue, ez naizela batere modernoa. Ez zait axola. Argi eta garbi esango dut behin eta berriz, leku hauek nire iritziz, xarmarik gabekoak dira.
Eta gogoeta egiten dut maiz, hiria itxuraldatzen ari diren horiek gusturik ote duten ala ez galdera etortze baitzait burura leku horietatik igarotzen naizen bakoitzean –ez nahiz ohitzen ikuspegira.
Ezen ziur nago, biztanleen artean galdeketa eginez gero %80ak toki horiek benetan itsusiak, erabilgarritasunik gabekoak eta logika handi barik eginak direla iritziko ziola. Baina agintariek halako erabakientzako ez dute herria kontsultatzen, eta ez naiz oso oker ibiliko, mota honetako munstrokeria edo bestelako proiekturen baten artean hautatzera bultzatuko bagintuztela, gustura asko hartuko genituzkeela egun batean gurean nagusi izan ziren koloretako lorategiak.