529 Zenbakia 2010-04-23 / 2010-04-30
Euskal Herria baserria eta baserritarraren figura barik ulertu eta imajinatzea ezinezkoa da. Kultur transmisioa, hizkuntza, familia, jendarte egituraketa, lurralde antolamendua, ekonomia... baserriak honi guztiari marko bat eman izan dio mendeetan zehar eta egun, Euskal Herri nekazal horretatik urrun egon arren, nekazaritza ezinbestekoa izaten jarraitzen du eta oso presente dago gure bizitzetan. Industrializazioa igaro, informazioaren jendartean murgildu eta gure gizartea guztiz eraldatu da historian zehar. Hala ere, zientzia fikziozko pelikulek aurreikusten zuten ez bezala, 2010. urtean janaria ordezkatzen duten pilularik ez da asmatu eta zorionez, bizirauteko elikagaiak kontsumitzen ditugu. Jaten jarraitzen dugu, bai, baina tamalez gero eta elikagai gutxiago produzitzen ditugu bertan eta gainera nekazaritza industrializatutik datoz gure jakiak. Elikagaien merkantilizazioak eta globalizazioak ingurugiroan eta osasunean duen eraginaz gain, lehen sektorera dedikatzen diren pertsonengan, eta bizikiago gazteengan, eragin indartsua du. Argazkia: EGK.
Honi eta honetatik eratortzen diren problematikei heltzen die Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak kaleratu berri duen Hizpideak IV ?Gazte Baserritarrak. EAEko nekazari eta abeltzain gazteen egoera sozioekonomikoa? publikazioak (www.egk.org webgunean eskuragarri). Bertan, lehen sektorean jarduera produktiboa gauzatzen duten edota gauzatu nahiko luketen pertsona gazteek bizi duten egoera aztertu da, baina nolabait sektoreari ere begiratu bat eman zaio. Izan ere, sektoreak bizi duen krisiagatik ematen den errelebo falta da egoeraren ondorio argiena. Esaterako, 2006an EAEko 21.660 esplotazioetatik 160 besterik ez zeuden pertsona gazteen titulartasunpean, gainera egun 1.go sektoreko langileen %25 baino ez da gaztea eta EAEn enplegua duten gazteen artean %1.7 baino ez dihardu lehen sektorean.
Errelebo falta horretan asko dira eragiten duten faktoreak. Nekazaritza eta abeltzaintza sozialki oso irudi txarra duen aktibitateak dira, lan-baldintzengatik (ordu-kopuru handia, lanen nekagarritasuna,...) eta landa-eremuko bizi-baldintzengatik (zerbitzuak eta baliabideak, isolamendua...). Baina sektorean gazteen jarraipena eta gazte berriak sektorean sartzea oztopatzen duten arrazoiak topatzeko, tokiko dinamikei (lurraren erabilera-presioa eta espekulazioa, distribuzio bideen jabetzaren kontzentrazioa...) eta dinamika orokorrei (Erkidegoko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Politika, elikagai merkeen inportazioa ugaritzea,...) so egin behar zaie.
Izan ere, produkzio-bide garrantzitsuena, hau da, lurra, mugimendu oso gutxi duen merkatu baten parte da eta gainera presio handiak jasaten ditu erabilgarritasunari dagokionez (etxebizitza, azpiegiturak, industria,...). Azken urteetan bere balioa asko handitu da (azken 20 urtetan prezioa 5 aldiz igo delarik) eta gainera nekazaritzako jardunak gauzatzeko egokienak diren lursail potentzial kopurua jaitsi da; laborantzarako egokienak diren lurrak eta hirigintzari dagokionez merkeenak direnak berdinak direlako (lursail lauak, aranak...). Hazkunde honek suposatzen duen karga ekonomiko handiak lurra landu eta lurretik bizi nahi duten pertsonen aukerak murrizten ditu.
Bestalde, lan baldintza kaxkarrena aurreiritzi bat izatetik urrun dagoela ulertzeko, azken urteetan nekazaritzako errenta (ordainsarien guztirako fluxua eta sektoreak jasotako irabaziak) %20 jaitsi dela besterik ez dugu aipatu behar. Errentaren galera hori sektorearen errentagarritasunaren testuinguruan ulertu behar dugu, batez ere produkzioagatik ateratzen den onura-marjina txikitzearen ondorioz eman baita. Zergatik? Batetik, bultzatzen den ereduan aktibitatea hasi eta mantentzeko egin behar diren inbertsioak (instalazioak eta makinaria) oso altuak direlako. Eta bestetik, nekazaritza eta abeltzaintzako produktuen salerosketetarako merkatuak bizi izan duen kontzentrazio-prozesuaren ondorioz, agente gutxi batzuk (elikagaiak banatu eta merkaturatzen dituzten kate handiek) kontrolatzen dutelako produktuaren azken prezioa eta nekazari bakoitzak produktu bakoitzaren trukean jasotzen duena ere. Produktu mota askotan baserritarrari kostetik beherako ordaina ematen zaio gaur egun, eta hori, hasiberriak diren gazteen kasuan, jasanezina den egoera da. Gainera, bertoko nekazal produktuek mundu guztitik etorritako produktuekin lehiatu behar dutenez, presioa are handiagoa da.
Etxebizitza eskuratzeko problematikak landa eremuan ere berebiziko indarra dauka, eta honen promozioari lotuta herri txikietako biztanleria handitu bada ere, gazte populazioak behera egiten jarraitzen du. Orokorrean, gure landa eremuko herri txikietan eraikuntzaren hazkundea eta lurzoruaren artifizializazioa eman da, lehenengo bizilekua izateko etxebizitza bakar eta bi familiatako ugari eraiki delako. Honek, hirigintzako espekulazioa eta lurraren gaineko presioa eragiteaz aparte, etxebizitzen prezioak puztu ditu eta nagusitu den hirigintza eta geografia garapen-mota nekazaritzako jarduerari lotuta ez egotea ekarri du. Bestetik landa eremuko herri guneetan hutsik dagoen etxebizitza-kopuru handia dago eta alokairuaren merkatua zeharo eskasa da. Babez ofizialeko etxebizitzei dagokionez, zer esanik ez: gutxi egin da eta ez da nekazaritzarekin lotu. Honek guztiak gazte askorentzat landa eremuko herrietatik alde egiteko arrazoi bat irudikatzen du egun eta aldi berean produkziora dedikatu nahi duten askorentzat oztopoa suposatzen du. Ustiapenetako Titular eta Ugazaba gazteak (16-29) sexuaren arabera. EAE. (Iturria: Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ustiapenen Egiturari buruzko inkesta. INE. 2007)
Dinamika orokorragoek ere, esaterako Nekazaritzako Politika Bateratuak (Europar Batasuneko gobernuek definitzen dutena) eta honek EAEn duen aplikapenak, enplegu galera ekartzen ari dira. Mundu mailako merkatura begira diseinatutako politika orokorrak, esplotazio industrialen aldeko apustua egin dute azken urteetan, eskala handiko proiektu intentsibo eta industrialak diruz lagunduta. Bitartean, politika komunak inposatzen dituen lege, arau, baldintza eta betebeharrek esplotazio txiki eta tradizionalak itotzen dituzte; paradoxikoa benetan, esplotazio txikiak errentagarritasuna galtzen doazen bitartean, baserritarren bizirautea bermatu besterik egiten ez duten diru-laguntza zuzenak ematen jarraitzen dutelako.
Nekazaritzak eta konkretuki gazte nekazari eta abeltzainek bizi duten panorama ilun honetan ordea, argia ematen duten dinamikak egon badaude. EAEn kontsumitzen denaren %20a baino produzitzen ez den arren eta elikadurari dagokionez burujabe izateko lehendabizi lurra babestu (EHNEren ikerketen arabera 660.828 hektarea hain zuzen) eta ostean elikagaiak produzituko dituzten gazteak lur horietan instalatzea beharrezko balitz ere, egoera horretara hurbildu gaitzaketen pausuak ematen hasi dira batzuk. Elikadura subiranotasunaren bidetik (hau da, herrialdeek euren berezko ezaugarriei egokituta beharrezkoak dituzten jakiak produzitzeko gai egingo dituen eredutik) produkzio eta gizarte eredu jasangarri batera jotzen duten esperientziak existitzen dira. Durangoko Erralde Hiltegia batetik, eta Nekasare bestetik, langileen bizi-baldintzak hobetu eta merkatuko azken emaitza ere hobetu daitekeenaren adibide dira. Zentzu honetan, duintasunean (produktuaren prezioari, kalitateari eta ingurugiroarekiko harremanari dagokionez) oinarritutako zuzeneko harremana bultzatzen dute biek. Erraldek, ?faenado tradizionalaren? bidez, produkzio lokalari irtenbidea emateaz gain, okelaren kalitate eta prezioari begira harakin eta nekazarien interesak orekan jartzen ditu. Nekasarek ere, baserriko produktuez osatutako etxez etxeko otzaren sistemaren bidez, bitartekariak tartetik kendu, produktore eta kontsumitzaileen interesak armonian jarri eta gazte asko instalatzea ahalbidetu du. Esperientzia biek elikadura osasuntsua bultzatzeaz gain, nekazari eta abeltzainen duintasun ekonomikoa ahalbidetzen dute, prezio justuak ezarri eta produkzio-distribuzio zirkuitu laburrak eraikitzen dituztelako.
Modu honetako proiektuak dira etorkizun berri bat irudikatu dezaketen dinamikak, baserritarrek sustapen nahikoa izan dezaten lege esparruaren malgutzerekin eta aipatutako lurraren babestearekin batera. Elikadura subiranotasuna da enplegua sortu eta nekazaritza zein abeltzaintzan jardun nahi duten gazteei aukera berriak emateko tresna posible eta beharrezkoa.