526 Zenbakia 2010-03-26 / 2010-04-09
Zerainen XVIII. espetxea bisitatzetik, Segurako Aste Santutako prozesiotara egingo dugu, paraje ederrez inguratutako udalerrietara hain zuzen ere. Aizpeako meategiak. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala) Zerainetik itzulia
Hala, Goierriko eskualdean eta Aizkorri Aratz parke naturalean kokatutako Zerain herria izango dugu aurreneko geltokia. Udalerrian bertan eta baita inguruetan ere, zer ikusi edukiko dugu; ezen herri txikia izateak ez du esan nahi ikustekorik ez dionik eskaintzen bisitariari.
Aurrena, herri gunean bertan geratuko gara, eta toki ezberdinak bisitatzeko aprobetxatuko dugu. Besteak beste, ikusgarriak dira XVI. mendeko Andra Mariren eliza; Francisco de Goyari eskainitako estatua –honen arbasoak zeraindarrak baitziren– edota ostatu barruan kokatutako XVIII. mendeko espetxea. Baina esan dugun legez, kanpoaldean ere bada zer ikusi, eta toki bat aipatzearren, 1890ean Lasurtegi ibaiaren alboan Larrondo familiak eraikitako zerrategi hidraulikoaren aztarnak begiztatuko ditugu. Edota Aizpea auzoan kokatutako meategiko labeen arrastoak. Argazkia:Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala) Segura helmuga
Zerain atzean utzita, Segurara egingo dugu, eta bertan ere zenbait harribitxik ongietorria egingo digute. Alfonso X.k fundatu zuen herria 1256an, eta harresiz inguratu zuen, hain zuzen ere, defentsarako plan gisa. Gaur egun oraindik, garai hartan biztanleek herrira sartzeko erabiltzen zituzten ateetatik hiru mantentzen dira zutik, eta horietatik ikusgarriena, Zerain Portalea deitzen dutena dugu.
Bestelakoak ere begiztatu ahalko ditugu udalerrian. Esate baterako, Ama Jasokundearen eliza ageriko zaigu begien aurrean; jatorriz estilo gotikoduna den arren, 1564an euskal gotiko estiloa gehitu zioten. Eraikin erlijiosoekin jarraituz, ermita ugari daude Segura aldean, Santa Engrazi, San Andres edota San Sebastian, besteak beste. Gainera, XVII. mendeko Sorkundetar Komentua ere eraikin interesgarria da bisitatzea gura duenarentzat.
Gainera, Segurak bestelako altxorrak ere erakusten dizkio bisitariari eta horien artean, XVI eta XVII. mendeetan eraikitako jauregi ugari aurkituko ditugu karriketan. Jauregi, Balenzegi, Arrue edota Lardizabal daude deigarrienen artean, eta egun ere, eraiki zituzteneko esentzia eta handitasuna mantentzen jarraitzen dute.
Baina bada Aste Santuetan Seguraraino gerturatzen den jendea. Arrazoia, urtero antolatzen dituzten prozesio ezagunetara joan eta ikuskizunarekin gozatzea izaten da. Kaleak jendez betetzen dira Ostegun eta Ostiral Santu egunetan eta penitente eta soldaduek elizatik figura erlijiosoak atera eta herrian zehar nola desfilatzen duten ikusteko baliatzen dituzte egun horiek.
Goierri aldeko bi herri eder hauetara gerturatzeko arrazoi ezberdinak eman dizkizuegu. Jaiegunak aprobetxatu eta animatu horiek ezagutzera! Orain arteko ibilaldiak: Butroitik Barrikara Bastidatik Lapueblara Bardearen itzalean Lapurdiko mugan Artikutza, uharte bat barnealdean Karrantzan barrena San Adriandik Uxue eta Xabier Baxenabarren zehar Deba–Zumaia Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera Valderejoko altxorra Iratiko oihanean barna Urbasa eta Andia Parke Naturala Gorbeia Parke Naturala Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz Goierri ezagutuz Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz Durangaldea Lizarra inguruetan Txingudiko badian Mungia aldean Uribarri Ganboa urtegia inguratuz Erriberrira bidean Pasaia–Astigarraga Zuia hobeto ezagutuz Arratiako txokoak Baiona Ttipitik aurrera Los Arcos–Viana Mauletik Ospitalepera Ibarrangelu–Elantxobe Gesaltza Añana Balmaseda Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com