
Artisautza
Arrate Bidasoro. Aromaterapia eta artisau kosmetika: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Xaboiak egiteko, animalien koipea edo gantza erabili beharrean oliba-olioa eta soda kaustikoa erabiltzen da. Horri esentziak eta belarrak eransten zaizkio, hala nola izpilikua, asunak eta abar, zer lortu nahi den kontuan hartuz.
Kontuan izan behar da xaboiek ez dutela balio soilik azala garbitzeko; horretaz gain, produktuak poroetatik azalean barneratzen dira.
Arratek xaboia egiteko erabiltzen duen prozesua honako hau da, funtsean: Ontzi batean ur hotza ipintzen du eta soda gehituz joaten da, makila batekin nahasten duen bitartean (ez da inoiz ezer metalikorik erabili behar). Beti soda erantsi behar zaio urari, eta sekula ez ura sodari. Soda kaustikoak azala erretzen du eta begietarako oso arriskutsua da; ondorioz, lan hori egiteko, eskularruak erabili behar dira, arropa eta gorputza babestuko dituen amantal lodi bat, betaurrekoak eta maskara jantzi behar dira, eta oso ingurune aireztatu batean jardun behar da. Aparte, soda beroa dagoenean harekin nahastuko dituen olioak prestatzen ditu. Xaboiari bere propietateak eta nahi dugun kolorea emateko behar diren osagaiak gehitzeko momentua da. Dena ondo nahastuta dagoela irizten diogunean, moldeak likido horrekin bete eta hozten laga behar dira. Egun batzuetan geldituko dira horrela, ondo lehortzeko eta egoki “asentatzeko”.
Olioak eta esentziak egiteko Arratek berak jasotzen ditu loreak eta landareak mendian. Xaboiari eman nahi dion testuraren arabera, era batean edo bestean lantzen ditu.
