521 Zenbakia 2010-02-19 / 2010-02-26

Gaiak

Arressate, 1260. Arrassate, 1334

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Arrasaten —bai, horrela idatzi dut, bat ere arazorik gabe— aurten ospatzen den efemeridea dela-eta, hasi zaizkigu etimologoak dantzan, batzuetan beraiek markatutako doinuaren erritmoan eta besteetan komunikabideenean. Dantza bitxia, zikloki errepikatzen dena, eta niri behintzat bat ere graziarik egiten ez didana, ezer ekartzen ez diolako herriaren kultura altxorrari.

Egungo euskal hezkuntza sistemari oinarrizko abiapuntua eman zitzaionetik hogeita hamar urte baino gehiago igaro da. Eta iruditzen zait ez dugula aldi tarte horretan geure historia txikiaren irakaskuntzari gutxieneko kontzeptu argigarririk eskaintzeko ahalmena izan. Nire ustez, zerbait gaizki egin dugu, eta okerrak han hemenka barreiatuta nabarmen daitezke, esfortzu handirik egin gabe.

Zazpi mende t’erdiko historia txikiak behatzen digu arrasatearroi eta egiaztapen mingotsa da labainkada gehiegi egiten ditugula haren zehaztapenetan. Ez nagokie bakarrik historiako hari mehe eta taxutzeko zailei, baizik eta, batez ere, marra lodiz markatutako zutabe nagusiei. Agian zeharo oker dabilena ni neu naiz, baina uste dut arrasatear haur eta gazteei irakaskintzako lehen urteetan garbi adierazi behar zaiela euren jaioterriaren historia txikiko (denak dira handi!) nondik norakoa. Zorioneko euskal curriculumaren ezinbesteko puntutzat hartzen dut nik hori. Eta, bestalde, gurearen gisako gizarte hipersentiberan, derrigorrezkotzat jotzen dut etengabeko historia berrirakurketa eragitea, ideologia desberdinetatik ere adostasun minimoetara ailegatzeko. Tamalez, nire ikuspuntu hori ez dator bat eskoletan loratzen denarekin ezta gizarte entramatuan antzematen denarekin ere. Berriz diot, oker ibil naiteke. A! Eta diodana, arrasatear gizarteari bezala beste edozein herritakoari aplika dakioke.

Aurten 750 urte dira Mondragon sortu zuela Gaztelako Alfontso X. Jakitunak. San Esteban del Puerton, 1260ko maiatzaren 15ean izenpetutako dokumentu originala Udaletxeko alkatearen gelan ikus daiteke eta bertan, besteak beste, irakurtzen da:

Arrasate/Mondragón (Gipuzkoa). Hiri-gutuna, 1260ko maiatzak 15.

“... Por saber que avemos de fazer bien e merced a todos los pobladores de la puebla que es en Leniz, que avie ante nombre Arressatte, a que Nos ponemos nombre Montdragon...”

Dokumentu horren eskribaua Gil Martinez de Siguenza izan zen.

Une historiko hartatik 74 urte eman ondoren –1334ko ekainaren 6an eta San Juan de la Peñan- Alfontso XI erregeak —X.ren birbiloba, hain zuzen— baieztatu egiten du birraitonaren dokumentuan emandako Gasteizko Forua eta, besteak beste, honela dio:

“... E mostraronnos en commo el rey don Alffonsso, nuestro visavuelo, que poblo la dicha villa de Montdragon, les ovo dado un previllegio en que se contiene que por saber que avia de faser bien e merçed a los pobladores de la puebla que es en Lenis que avia antes nonbre Arrassate a que el puso nombre Montdragon...”1

Kasu honetako eskribaua Pero Ferrandes izan zen.

Ongi entzun al zuen Gil Martinez de Siguenzak herrixka zaharraren izena 1260an? Gaizki transkribitu al zuen Pero Ferrandesek dokumentu zaharretik berrira? Ez dugu sekulan jakingo. Baina edozein etimologok bere lanari kronologikoki dokumentatua lehen aldiz agertzen den hitzarekin ekin behar dio. Hori hasteko. Eta gero, gogoratu behar du gai serio batekin ari denean irudimenaren hegoak zuhurtzia osoz erabili behar direla, funts gabeko teoriekin pertsonala ez nahasteko.

Horregatik, interes handikoa iruditu zait Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain oso eta katedradunaren ekarpena, baita Euskonewsen zenbaki honetan ere, gure herriaren jatorrizko euskal izenaren etimologia aztertuz. “Mondragon-750 urte” efemeridearen inguruan argia jartzen lagunduko du.

ARRESSATEtik ARRASATEra (edo, Pero Ferrandes da erruduna)

1 Eusko Ikaskuntzak bere “Fuentes Documentales medievales del Pais Vasco” bilduman publikatu zituen 1984an, Arrasateko dokumentu batzuk, eta besteak beste hemen aipatutako biak daude.