521 Zenbakia 2010-02-19 / 2010-02-26

Gaiak

Pastoralaren historiaz (II/II)

DAVANT, Jean-Louis

Zuberoako euskaltzaina BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



Pastoralaren historiaz (I/II)

7. Pastoral berria 8. Oraiko trajeria izkiribainoak eta errejentak 9. Emazteak trajerian 10. Trajeriaren geroaz 7. Pastoral berria

Pastoral berria ez zaigü bat-batetan zelütik erori. Bere prehistoria üken dü. Lehen ürratsak edireiten deitzot errejent idazle haien lümapean. Biblia eta leheneko saintüak ützirik, Safforesek Napoléonekin gei laiko eta politiko bat hartü züan, gaineala bere denborakoa, heroia zentü berrixka beitzen, 1821ean. Badakigü istoria hüllanaren aipatzea gaitz dela, hilaren familia eta lagünak hor beitaude, lehen herrokan. Koraje boxi bat behar da, bena balio dü, püblikaren interesa handizki piztürik beita. Aguerrek Henri IV.aren istoria ez züan sinple, errege hori behin beno haborotan errelijionez kanbiatü beitzen.

Üskaldünak Ibañetan zinez pastoral berrizalea izan zen. 1906 idatzia, 1908an Atharratzen eman züen, eta 1954an Sohütan (Sorhoetan). Izenbürüa eüskaraz dü, pastoral xaharrek ez bezala. Üsatü beno eüskara hobean idatzia da. Eüskaldünen historiaz ari da, ezin ükatüzko eüskal kontzientzia batekin. Hiru alderdi agertzen dütü: türkak (Espainiako müsülmanak), kiristiak (Charlemagneren frankoak) eta eüskaldünak. Tripartismo horrek püblikaren lana ez dü aisatzen, eta bere gisako bakoitxa egon da pieza interesgarri hori.

1929 Barkoxen Guillaume II trajeria eman züen gerla handiko gerlari ohiek. Idazlea, Pierre Appeceix Salahanka herritarra, haietarik zen, handizki kolpatüa. Historia ofiziala kontatzen dü frantses aldetik, bere experientzia kontütan hartü gabe. Modernoa da halere igaran berri eta orano bero-beroa den istoria bat kontatzen düanaz, bai eta hiltzera doan eüskaldün soldadoak sorleküari kantatzen deion azken kantore hunkigarriaz.

Pastoral baten antzezpena iragartzen duen kartela.

Iraültza handia 1953an hasiko da Pierre Bordaçarre / Etxahun-Irurik hontüriko Etxahun koblakari trajeriarekin. Zer berri erkarten düan: Izenbürüa eüskaraz. Heroi eüskaldün bat: zortzi ohoratüko dütü, haietan lau xiberotar; Ximena dü salbüespena. Mintzaje sotil bat, kasik egün orozkoa, haatik frantses hitz hanitxekin. Kantoreer lekü zabala emaiten dü: aitzinetik bizpahiru ziren, eta latinez.

Bederatzü pastoral emanik üken dütü: Etxahun koblakari, lehentze Barkoxen, 1953an Matalaz, Eskiulan, 1955an Ber(e)terretx, Maulen, 1958an Santxo Azkarra, Gotaine-Irabarnen, 1963an Le comte de Tréville, Irurin, 1966an Chiquito de Cambo, Maulen, 1967an Pette Beretter, Gotaine-Irabarnen, 1973an Ximena, Atharratzen, 1979an Iparragirre, Urdiñarben, 1880an

1976an idazle berri bat agertü zen Urdatx / Santa Grazin, Junes Casenave apeza: herriko semeak hontürik, beren historia antzeztü züen herritarrek. Berritzapen handia ekarri züan horrek ere, trajeriari noblezia sinple bat emanez. Hona zer ekarri zeion: euskararen mail gora bat, bereziki hiztegi aberats eta xahüa, erranaldi aberats eta sotilekin: eüskara astegünenaren ordez, eüskara igantena. historia handiaren errespetüa: ordü arte, pastorala frantsesezko libürüxka batetarik egokitzen züen, nahiz hura ipüinez eta lejendaz kozatürik zen ; Casenavek aldiz historia handia libürüetan eta paper zaharretan ikertzen züan lehenik zorrozki, eta gero bere istoria dokümentü haien arabera hontzen. zorroztarzüna (la rigueur) ekarri züan bertsogintzan ere: aitzinetik neurtitzen lüzegoa kanbiakor zen; hamasei silabatara ekarri züan, erditik zatitüz zortzi zankotako bi partetan.

Casenaveren ondotik hasi giren pastoral idazle haboroxeek haren bidea hartü dügü, eta hortan kritika elibat entzün üken dütüt ene adineko lagün zonbaiten aldetik, bai eziz eta Etxahunek pastoral goxoak idazten zütüala eüskara aisa batetan, eta gureak gaitzago direla, zerebralagoak. Ihor ofentsatü gabe, oritarazi nahi nüke püblikaren eskola maila zinez goiti joan dela geroztik, eta hori ere kontütan hartü behar dügüla. Egia da ber denboran teatrean ahalaz baztertü behar direla erranaldi konplikatüak eta hitz arraroak, ez beita irakurtzean bezala gibel jiterik: aktürrak erran arau, entzün behar eta ber denboran entelegatü. Haatik üdüri zait hortan oreka bat, ekilibre bat etxekitzen dügula.(AURKIBIDEA) 8. Oraiko trajeria izkiribainoak eta errejentak

Oraiko pastoral idazleak, lehen pastoral antzeztüaren ordenan:

1 - Junes Casenave, 1976, Santa Grazi, Urdatx / Santa Grazin.

Orotara hamar trajeria emanik eüskaraz, bat frantsesez: Landakoa 1997an, Pueyrredon.

2 - Allande Aguergaray Bordaxar, 1985, A. d’Oihenart, Muskildin.

Bigerren bat 1996an, Sabino Arana Goiri, Garindainen.

3 - Jean-Michel Bedaxagar, 1988, Agosti Xaho, Urdiñarben.

4 - Jean-Louis Davant, 1990, Abadia Ürrüstoi, Maulen.

Orotara sei trajeria emanik.

5 - Pierre-Paul Berçaits, 1991, Harizpe, Muskildin.

Orotara bost trajeria emanik.

6 - Roger Idiart, 1991, Xalbador, Larrainen.

Bigerren bat 2001ean, Etxahun-Iruri, Irurin.

Berriki zentü zaigü lapurtar apez hau, xiberotartüa.

7 - Patrick Quéheille Kanpo, 1997, Herriko Semeak, Barkoxen.

Bigerren bat 2010ean, Xahakoa, Barkoxen.

8 - Niko Etchart, 2002, Urruti jauregiko Peirot, Altzürükün.

9 - Dominika Récalt, 2006, Oiherkoren trajeria, Hegillorren.

Bigerren bat 2009an, Belagileen trajedia, Aloze-Ziboze-Onizegainen.

10 - Jean-Pierre Béhocaray Bizkai, orano eman ez diren bi trajeriarekin:

Etxahun Barkoxe khantore egilia (Pierre Héguiaphalen 1985eko frantses idazkitik); Jesüs Nazareth-ekoa, 2004.

11 - Jean Bordachar, Monzon, 2011an Larrainen emaitekoa.

12 - Michel Etchécopar, Üskamerikan artzain, Xiru 2008, Gotaine-Irabarnen.

13 - Maite Berrogain Ithurbide, Catalina de Erauso, 2008, ondoko urte batez emaitekoa.

Oraiko pastoral errejentak :

Marcelin Héguiaphal (1910-1996) eta Battitta Urruty (1919-2004) irakasle famatuen ondotik, ezagünenak dira Jean-Pierre Récalt Altzabeheti Althabekoa eta Jean-Fabien Lechardoy Barkoxe Mardoenekoa, bena besterik ere badago. Hona ene jakinean erauntsi düenak, lehen emanaldiaren arabera sailkatürik:

1 - Michel Berçaits, 1991, Harizpe, Muskildin.

2 - Jean-Pierre Récalt, 1991, Xalbador, Larrainen. Orotara hameka trajeria kudeatürik.

3 - Jean-Fabien Léchardoy, 1998, Herriko semeak, Barkoxen. Bost lan, 2010ekoa barne.

4 - Jean Berdot, 2000, Madalena de Jauréguiberry, Eskiulan.

5 - Michel Arotce Sartantxü, 2001, Etxahun-Iruri, Irurin (Battitta Urrutyrekin).

6 - André Eppherre eta

7 - Pier-Pol Berçaits, 2003, Ramuntxo, Idauze-Mendin.

8 - Maite Ithurralde-Pessans eta

9 - Sophie Larrandaburu, 2006, Jesüs, Mauleko Saint François ikastetxeko ikasleekin.

10 - Nicole Lougarot Etchécopar, 2006, Oiherkoren trajeria, Hegillorren.

Idazlearekin esküz-esküz aritzez, algarri hobekuntzak proposatzez, errejentak miraküllüak egiten dütü. Istoria mehe batetarik zerbait eijer adelatzen dü, idazki hon batetarik pieza eder bat eraikitzen, testü arraro eta haütü batetarik antzerki handi bat ospatzen. Pastoral txarrik ez düt behinere ikusi. Egia da gozatzera joaiten nizala, eta ez jüdikatzera: istoriari behatzen nitzaio bürütik bürü, eta holaz ez niz behinere debeiatzen lüzeenetan ere. Hori beita oroz gainetik trajeria: istoria bat ederki kantatürik eta dantzatürik, eta ez kantaldi edo dantzaldi soil bat. Holakoak hanitxez merkeago egiten ahal dira, pastoraleko lan izigarria hartü gabe.

Kantore gidariak ere aipatzekoak dira

Kantoreak lekü handia hartü dü, bereziki azken hogei urteetan: üsüan dozena bat trajeriakal. Nik horiei gehitzen ditzet noiztara koblakarien bertset elibat algarrizketetan, dialogoetan, üsatü bertset gregorianoak beno ahaire sotilagoetan beitira, eta monotonia hausteko haütü. Haatik entzüle zonbaitek kantoreekin nahasten dütüe. Holaz Ezpeizekoan kritika bitxi bat egin zeitan entzüle gazte batek, bi aldiz ber ahairea egari nüala: bena lagüna, bertset arruntetan berrehün aldiz ber ahairea entzüten diagü!

Berriki arte, pastoral errejentak lan hori ere segürtatzen züan. 1995etik phürü, Arrokiagan, Aguirre Presidenta trajeriaren libretean, bi kargüak bereizirik ageri dira. Kür edo koro gidari ezagünenak dütügü Beñat Achiary, Michel Etchécopar, Pier-Pol Berçaits, Niko Etchart, Sophie Larrandaburu, Lüxi Etchécopar Ximena...(AURKIBIDEA) 9. Emazteak trajerian

Lehen ürratsa Marcelin Héguiaphal errejentak 1976an Urdatx / Santa Grazin egin züan Junes Casenaveren lehen trajerian, emazteak kür edo koroan sartüz.

1979ean neskatila eta emazte gazte elibatek, Battitta Urruty errejent züelarik, Etxahunen Ximena eman züe Atharratzen eta gero Irurin, halako desafio bat bezala. Mezü eder eta ozena entzünik izan zen: ondoko urtean Urdiñarben, Etxahunen Iparragirre trajerian, Urruty berriz errejent zelarik, andereek emazte rolak bete zütüen lehentze gizonekiko antzezpen batetan.

Hamar urte berantago, 1990ean, ene Abadia Ürrüstoi trajerian, Maulen, emazte hanitx bazen, ikastolako aita-amak beitziren aktürrak, eta ez zen batere aisa dener lan baten emaitea. Zonbait izentatü güntüan aüzapez edo mera, bedezi, abokat eta hemeretzügerren mentean gizonen monopolio ziren ahal bezain kargütan, bena ez zen aski. Lüxi Etchécopar Ximenak galtatü zeitan emazteak türk bezala aritzen ahal zirenez. Erran neion ez nintzala kontre, arren biek errejenta ikusi behar günüala. Segidan Battitta Urrutyrekin mintzatü ginen, eta hura ere arrunt akort izan zen. Hola sortü zen türk andereen kargü berria. Eder izateaz gain, mintzoa badizüe, bai eta egarten ere gük beno hobeki. Holaz satanak isiltzen ahal dütüzü haboroxeetan: nik ja dantzan ikusi nahiago ditit, eta beste hanitxek ere. Arren haien partez, ene trjerietan ja, türk andereek (les dames turques) erraiten ditizüe asüna bezain goxo diren egiak, bena entzün behar direnak. Eta bazter ütz dadila betiko «türketa» izen itsusi hura !

Pastorala antzezteko ezenatokia, Louis Colasek 1922an egindako marrazki baten arabera.

2000. urtean Eskiulan, Berçaitsen Madalena de Jaureguiberry trajerian, J. Berdoten manaspenean, lehentze andere bat süjet izan zen gizonekiko antzezpen batetan. Miraküllü hori arraberritü da 2006an Urdatx / Santa Grazin, Santa Engrazia trajerian, J.P. Récalt errejent züalarik, eta berriz aurten Aloze-Ziboze-Onizepean, Récalt anaiekin, Belagileen trajedian.

2008an lehentze agertü zaigü emazte bat trajeria idazle: Maite Berrogain Ithurbide.

Emazteen parte hartzeak beste ondoriorik ekarri dü, bereziki arropen ederra. Pastoralaz jakintsü diren zonbait hortaz plaini dira: lehiaketa kario batetan sartzea dela herri txipien kaltetan, eta gaineala trajeriaren desbideratzea «reconstitution historique» baten egitez, anakronismoa teatre berezi horren kalitate bat delarik. Egia da pastorala heinez kanpo kariotzen ari dela.

Haatik antolazalea izan dadin txipi ala handi, pakazaleak nor dira? Batetik püblika; bestetik erreklama egile diren ofiziale, tratülant, banko, enpresa eta lantegiak; hirugerrenik diharüz lagüntzen düen erakunte püblikoak.

Bigerren püntüaz, egia da türken gorria eta kiristien blü / urdina ez direla beti errespetatzen, bena azken urte hoietan indar bat eginik izan da alde hortara, jentea orai arrenküra horrez jabetü beita. Azkenekoz, arropa hanitxak herriko emazteez josirik dira, «musutrük» errana den bezala, eta gero, pastorala joan ondoan, zonbait herritan ja dendariak artetarik biltzen dira beren lanari segida baten emaiteko. Hori ere pastoralaren frütü bat da, eta ez txarrena, adiskidantza eta algarrekiko bizia hazten beitütü herrian.

Beste ondoriorik ere badü pastoralak: üsü dantza talde iraünkor bati sortzea emaiten deio, edo kantarien kür / koro bati, eta hor ere fidelenak emazteak dira, dantzan prefosta gazteenak.

Gaineala jente zonbait eüskararen ikasten edo hortan trebatzen hasten dira gaü eskoletan. Hori güzia ez da kanpotik borogatzen: Xiberoan sortü behar da, edo heben bizi. Gure artean badira xiberotar ez direnak, bena heben izanez berehala entelegatzen düe, baita parte hartzen.

Aktürretara ützül gitean apür bat. Lehenago hogeita bost edo hogeita hamar bat ziren, eta satanak bizpahiru. Orai hanitxez haboro: ehüneta hogei 2004an Maulen (Antso Handia), haboroxeago 2008an Ezpeizen (Xiberoko Jauna). Maulekoaren ondotik kanpoko zonbaitek erran züen hiribürüak bere indarra erakutsi nahi üken zuala. Ez da hori: oraiko modaren arabera, jin ziren aktürgei güziak honartü ziren, eta prefosta ez ziren norbaiten manüz jinik. Bena prefosta Arrokiagan beno jente haboro bada Maulen, eta nahiantak ere hein bat araberan. Alde batetarik eder da, pastorala herritar güzien afera demokratikoa beita. Haatik pratikan egiazko problemak ekarten dütü. Tauladan edeitea bera, bada zerbait... zer arren han igitzea! Eta errejentak zer lana bakoitxaren eskolatzeko, armada horren ordenan erabilteko, bakoitxari kargü baten emaiteko. Denen beztitzea ere prefosta, zer lana!

Dantzariak ere gero eta haboro dira. Gisa batez hobe! Bena hamar, hamabi, hamalau ageraraztea, ez ote da zonbait aldiz kalitatearen kalteetan? Haatik üsüan motiko beno hanitxez neskatila haboro dantzan ari: hortan ere fidelago dütügü.

Aktürren zione handi horrek pastorala lüzatzen dü joan-jin, sar-jelki eta harat-honatetan, bai eta rola kanbiokan. Gaineala istoria bertsetez emendatü behar da, ahalaz arizale bakoitxari bat edo besteren kantatzera emaiteko: ene azken bietan gei nüan beno hogeia bat bertset haboro sartü behar üken düt. Püblik haboroxea ez da debeiatü, bena bizpahiruk erran düe «lüze züan», beharbada ez beitira istoriari jarraiki, bena pastoral güzietan agitzen diren hütser beha egon.(AURKIBIDEA) 10. Trajeriaren geroaz

Mündüko bi gerlen artean Georges Hérellek iragarri züan laster hiltzera zoala pastorala:

«Qu’on renonce donc aux vaines espérances. Le théâtre basque est irrévocablement condamné au même sort que ses congénères. Le théâtre flamand et le théâtre pyrénéen ont succombé vers 1830, le théâtre breton vers 1850, le théâtre de l’Apennin toscan et modénois vers 1870, le théâtre du Trentin vers 1880. Le théâtre basque ne leur survivra pas longtemps.» (Etre basque, Jean Haritschelhar, P. 281).

Hérelle hil zen, denak maleruski egün batez eginen giren bezala, bena pastorala orano bizi da, seküla beno azkarrago.

Orai üdüri zait Hérelleren ber bidetik doala Kepa Fernandez de Larrinoa, Vitoria / Gasteiz Fakultatean irakasle dena. «Pastoralaren azkenaren zentzazioak» artikulua idatzi beitzüan Eusko Ikaskuntzaren «Théâtre populaire européen» libürüan, hor irakurri düdana ontsa entelegatzen badüt, honek ere pastoralari bizitze llabürra hitzemaiten deio. Ez niz segür hiltzen ikusiren düala.

Hortan ez düt erran nahi denak ontsa doatzala gure antzerki xahar eta beti berrian. Arrenküra zonbait badüt nik ere, haatik ez trajeriaren iraüpenaz, bena horren edükiaz eta kalitateaz.

Arrakasta handitzen ari zaio pastoralari, eta püblika hedatzen. Püblik berri hortan bi joera desbardin eta kontrajarriak ere üsnatzen dütüt: alde batetik istoria ezagütü nahi düana, bestetik komedia müsikal eijer batetara horra dena beste xederik gabe. Zoin ote nausitüren zaigü? Pastoralaren geroa baldintzatzen dü güdüka gorde horrek.

Pastorala zinez arriskütan ezarten dü, ene ustez, idazlearen testüaz axolik ez düanak, beti llabürtzera bulkatü nahi gütüanak, beti kanbio eta berritzapen haboro galtatzen deigünak. Holakoak ez daki zer den egiazki pastorala, ikasi behar dü. Erran dezogün klarki, argi dezagün tai gabe. Pastoralak istoria bat kontatzen dü, eta hori aldikal berri da. Ez erran astokipastorala beti ber gaüza dela edo «la pastorale c’est toujours pareil»! Eta eüskaldün kasetalari zonbaitek ez haboro eni galta «aurtenko pastoralak zer dü berririk?» Berritzapenik handiena dü istoria berri bat kontatzen düala, eta kito!

Istoria bat ez daite konta testürik gabe. Marrazki bizidünetan ere (hots dessins animés delakoetan ere) hitz edo erranaldi elibat agertzen dira burbuiletan, zer dabilan argitzeko. Idazleak testüa sobera llabürtzen balin badü, haren istoriari ezin gira jarraiki, galtzen gira eta debeiatzen eta kalakan hasten, üngürükoer epantxü eginez. Esplikazione zonbait behar dira, eta zübü elibat jelkaldi batetik besteala.

Debeiatzen baniz, erran nahi dü istorian ez nizala sartü, edo haria galdürik düdala, edo kantükoen kalakek nahasi naiela.

Istoriako geiak eta heroiak ere badü bere pezüa. «Trajeria» da pastoral antzerkiaren egiazko izena. Epopeia da, gei epikoa behar dü, eta ez komikoa. Arren trajeria idazleek kasü egin behar dügü heroien haütatzean, aski azkar eta serios izan ditean, bai eta mezü baikor bat ekar ahal deigüen.

Prefosta berritzapenak ere behar dira, betidanik izan dira, eta orai seküla beno haboro ekarten ditzogü. Bena hortan ere soberakinari kasü! Moldegaizki kanbiatzen badügü, desgisatuko zaigü egiazko pastorala, Zer nahi gisaz ere, badira pastorala maite ez düen jenteak Xiberoan ere: lehen ere baziren. Bena maite dügünak bakean ütz gitzen: ihor ez dügü bortxatzen. Beren osagarriagatik etxean egon diteala, edo beste nonbait ingana. Ber denboran guri ere hon eginen deigüe.

Idazleak bere leküa etxeki behar dü, pastoralaren aita edo ama da. Ez dü modaren esklabo izan behar, alolezent edo nerabeak bezala. Hein handi batetan, harek dü moda egiten, errejentarekin esküz-eskü. Haatik trajeriaren moldea idazlearentako torpea da, libertate güti üzten deio. Arren izkiribaino bat pastoralean ez bada gustüan, ez dü hura desgisatü behar, bere zerbütxüko ezarri. Antzerki edo teatre mota libroagorik asma dezake, Pier-Pol Berçaitsek eta Patrick Quéheillek egiten düen bezala. Horik bietan ari dira iruski, hots arrakastarekin. Haatik izan daite osoki pastoraletik bazter ari den idazlerik ere. Eta behar lirateke, urtea hein lüze beita. Pastoralak üda betatzen dü, maskaradak negüa, bena larrazkena eta bedatsea hütsik daude.

Ene azken hitza. Pastorala euskaldünen Opera dügü, gizon eta emazte azkarrekin. Ez dezagün hartaz egin opereta pinpirin bat, aizeak norat nahi derabilana, azken modako arropa asmazaleen esklabo diren gaixo neskatoxe gaizki pakatü, mehakoil eta gosejankinen üdüriala.(AURKIBIDEA)

Allande d'Oihenart pastoralaren irudikapenaren detailea Muskildin (Zuberoa). 1985ko uztaila.

Bibliografia

Hau ez da bibliografia jakintsü bat: aipatzen dütüdan obrak aisa edireitekoak dira. Izkiribaino / idazleak sailkatzen dütüt, ez ordena alfabetikoan, bena kronologiaren arabera, züberotar trajeriaz hontü dütüen izkiribü / idazki zaharrenen arabera.

Michel, Francisque: Le Pays Basque, 1857. Elkar, 1994.

Webster, Wentworth: Les loisirs d’un étranger au Pays Basque, 1901. Elkarlanean, 1999.

Hérelle, Georges:

- La représentation des Pastorales basques à sujets tragiques, 1923, Paris.

- Les Pastorales à sujets tragiques. Techniques des pièces. Histoire des répertoires. 1926, Paris.

- Le répertoire du Théâtre tragique. Catalogue analytique. 1926, Paris.

Urkizu, Patri: Eusko teatroaren historia, 1975, Donostia.

Casenave, Junes:

- Vers l’origine du théâtre souletin, revue Ekaina n° 6, 1983.

- Zuberotar antzerkiaren sortzeaz eta iturriez, Antzerti aldizkarian, 1983.

- Artikülü franko aldizkari eta kazeta ezberdinetan.

- Gaineala bi libürügei, orano agertü gabeak:

1- Xiberoko antzertia edo pastorala.

2- La pastorale, théâtre populaire souletin. Argitaratü behar güntüke.

Haritschelhar, Jean: Etre basque. La pastorale, PP. 276-286. Privat, 1983.

Oyharçabal, Bernard:

- Zuberoako Herri Teatroa, Donostia, 1985.

- La pastorale souletine. Edition critique de Charlemagne. Donostia, 1991.

- Place de Sainte Elisabeth de Portugal (1750) dans l’histoire des tragédies traditionnelles en langue basque, revue Lapurdum IX, décembre 2004, Bayonne (PP. 205-214).

Aguergaray, Arnaud:

- A.d’Oihenart trajeriako libretean, Muskildi, 1985.

- Les pastorales modernes en Barétous, revue Ekaina n°40, 1991, PP. 283-294.

- Cent ans de pastorales en Soule et dans les Pyrénées, Jakintza, Ciboure, 2008.

- Artikülü franko kazeta eta aldizkari ezberdinetan.

Lauburu: La pastorale, Théâtre populaire basque en Soule (1951-1980), Bayonne, 1987.

Orpustan, Jean-Baptiste: Précis d’histoire littéraire basque, 1545-1950, Izpegi, 1996.

Davant, Jean-Louis:

- Pastoralaren aldaketaz, Euskera, separata: Tolosan 1998/XI/13-14, Antonio Maria Labaienen mendeurrena, V. Herri-Literatura Jardunaldiak: Herri antzerkiaz (301-313 or.).

- Artikulu franko aldizkari eta kazeta ezberdinetan.

- Igaraneko trajeria zonbait: Xiberoko Jauna trajeriako libret ürrentzean, Ezpeize, 2008.

Marliave, Oilivier de: Fêtes et traditions du Pays Basque, éditions Sud-Ouest, 1998.

Kortazar, Jon: Pastoralak, Egan 1998 –1/2ko gehigarria.

Etchécopar Etchart, Hélène:

- Théâtres basques, une histoire du théâtre populaire en marche... Gatuzain, Baiona, 1998.

- Ambivalence du théâtre populaire basque: Théâtre populaire européen, Eusko Ikaskuntza, Bayonne, 1998 (PP. 63-85).

Fernandez de Larrinoa, Kepa: Pastoralaren azkenaren zentzazioak, Eusko Ikaskuntzaren libüru hortan, 181-188 ostoaldeetan. (AURKIBIDEA)

Pastoralaren historiaz (I/II)