514 Zenbakia 2009-12-25 / 2010-01-08

Gaiak

Gabonak

MUJIKA, Juan Carlos

Opus Deiko Komunikazio Bulegoaren zuzendaria BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



Idazten hasi aurretik, XXI. mendeko gizakiok kutsatu gaituen ohiturari jarraituz, Googlen sartu eta “Navidad” hitza idatzi dut. Lehenik agertzen den aukera Wikipediaren Web guneari dagokiona da eta honela dio, gazteleraz: “La Navidad (latín: nativitas, ‘nacimiento’) es una de las fiestas más importantes del Cristianismo que celebra el nacimiento de Jesucristo en Belén” (“Gabonak Kristautasuneko jairik garrantzitsuenetako bat dira, Belenen Jesukristo jaio zela ospatzen dutenak”). Norbaitek pentsa dezake globalizazioaren garai honetan egokiagoa dela Christmas party edo Eguberri festako giro bat, Gabon Zaharretako Time Square bertsio bat balitz bezala. Hala ere, Wikipedia aseptikoak honela jarraitzen du, sakonago: “Los angloparlantes utilizan el término Christmas, cuyo significado es ‘misa (mass) de Cristo’. En algunas lenguas germánicas, como el alemán, la fiesta se denomina Weihnachten, que significa ‘noche de bendición’”. Ingeles-hiztunek Christmas terminoa erabiltzen dute, Kristoren meza (mass) esan nahi duena. Hizkuntza germaniar batzuetan, alemanez adibidez, Weihnachten deitzen zaio jaiari, hau da, ‘bedeinkapen gaua’.

Hori guztia nire bilaketaren emaitza autentiko, original eta xumea; bi mila urte iraun duen festa erlijiosoa, geroztik milioika pertsona kristauentzat oinarrizkoa den gertaera bat ospatzera eraman dituena: Jainkoaren gizon egitea. Ospakizunak ere xumea izan behar luke, baina gure bizitzan kontraesan asko izaten da; pentsatzen dugunaren eta esaten dugunaren edo esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko kontraesanez beteta gaude. Eta azkenean, bizitza konplikatzeko joera izan ohi dugu.

Wikipediako bertsioaren ondoren, Googlek aukera gehiago eskaintzen ditu Eguberriari buruz (gazteleraz). Eskaintza zabala da, lehen 10 aukeren artean, honako web gune interesgarriak daude, besteak beste: “2009ko Gabonak: eguberri hauetarako behar duzun guztia”, edo beste hau: “Eguberria: jai dibertigarri eta umoretsuak”. Norbaitek lagunak zoriontzeko sormen arazoak baldin baditu, ez dadila arduratu, beste orrialde hau izango baitu eskura: “Gabonetarako esaldiak”. Gai horri buruzko blogen artean, duela 4 ordu sartu den azkena: “Eguberrietatik gustatzen ez zaidana”. Egileak dio gehien gorrotatzen duen gauzetako bat dela “hilaren 9rako dena antolaturik izaten dela”.

Argazkia: -stamina-.

Gabonetako festen jatorriak ez du zerikusirik jaiok ospatzeko daukagun moduarekin. Familiaz gozatu nahi genuke, elkarrekin bizi, deskantsatu, ohikoak baino gauza sakonagoetan pentsatu, baina azalekotasunaren olatuak eraman egiten gaitu, nekatu arte; ihes egin nahi diogu otordu, opari, zorion-agur eta abarren eskaintzari, azkenean neka-neka eginda uzten gaituztelako. Gure bake, alaitasun eta baikortasunezko mezuak ere ez dira oso sinesgarri izaten, okasiorako diseinaturiko esaldiak baitira, merkatuan erosiak. Programaturikoaren mundu honetan, zenbat eskertzen diren eskuz idatzitako lerro batzuk! Egiazkoak bete egiten gaitu; berdin dio mezuaren luzerak, zuk neuri esaten didazu eta horixe da garrantzitsuena. Zenbat bider aldatu digu aldartea ustekabeko dei batek egun hauetan, ahaztuta genituen lagun zaharrak gogoratzean...

Duela gutxi, zutabegile ezagun batek honela zioen, bere buruarekin haserre: “Abiadura handiko tren batean bizi gara, goraino beteta eta geltoki askotan geratzeko astirik gabe, baina nora doan ez dakigun tren batean, nora eramango gaituen ez dakigula. Segurtasun artifiziala bilatzen dugu: Asko goaz! esaten dugu, baina arrazoi horrek ez gaitu asetzen. Askotan, gainera, molestatu egiten gaitu norbaitek gelditu eta bere bizitzari zentzua emango dion gauza egiazkoagoren bat bilatu nahi duela esaten duenean”. Halaxe da, gogoeta gehiago egin nahi genuke, baina ez dugu lortzen. Noizbait norbaitek egin zuen horretarako ahalegin bat eta Haurtxoa sehaskan dago konposatu zuen. Eta niri gogoeta ona iruditzen zait; ezin da hitz gutxiagorekin gehiago esan. Xumetasuna erakargarria da eta norbaiti buruak gehiago ematen ez badio, besterik ez bada kantatu egin dezake, kantuz ere pentsatu egiten baita.

Eguberria bidaia seguruen denbora ere bada. Nor bere habiara. Hator, hator etxera! Zenbat aldiz ez ote gara etxera itzuli, etxekoekin elkartu eta familiako une horien balioa eta beroa sentitu, mila aldiz pasadizo eta gertaera berberak kontatuz, momentu alaiak eta aldi berean tristeak elkarrekin pasa ditugula gogora ekarriz. Eta egia dela sentitu izan dugu, familia ere egiazkoa dela, bete egiten gaituela, merezi duela aurrera ateratzeak, batzuetan hautsi egingo dela iruditu arren.

Gabonak, Christmas, Weihnachten, Navidad. Kristauontzat, beste aukera bat zer ospatzen dugun konturatzeko. Une hartatik, ez gaude bakarrik munduko bidaia honetan eta tren honek helmuga ona dauka. Autentikotasuna, familia, adiskidetasuna guztiontzat. Balore horiek ezin ditugu galtzen utzi. Indartu egin behar ditugu gure eguneroko bizitzan, utz dezakegun ondarerik onena osatuko dute eta. Gabon Zoriontsuak!