514 Zenbakia 2009-12-25 / 2010-01-08

Gaiak

Eguberrietako gastronomiaren historia Euskal Herrian

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



Esan dezagun, lehenik eta behin, Eguberrietako handitasunak Kristautasunak eta modernitateak sortutakoak direla. Beraz, logikoa denez, kristautasunaren aurreko gure gizartean ez zen Eguberririk ospatuko.

Ez da ahaztu behar, bestalde, ospakizun guztiak, baita Eguberrietakoak ere, familia bakoitzaren baliabide ekonomikoen mende zeudela, eta daudela.

Antzina-antzinatik, Eguberriak inguratzean, maizterrak baserriaren eta baserriko lurren urteko errenta ordaindu behar izaten zuen esku-dirutan edo espezietan (gehienetan garia), aldez aurretik notario aurreko eskrituretan adierazitako kopurua. Horrez gain, ondo gizendutako bi kapoi ere eman behar izaten zituen, agirietan hala agertzen zelako. Maizterrak urteko errenta eta kapoiak baserriko jabeari edo haren administrariari ematen zionean, jabeak bazkaltzera gonbidatzen zuen maizterra eta arraina ematen zion, bakailaoa, hain zuzen.

Astigarragako Murgia oinetxeari dagokionez, eskura dugun lehen dokumentua 1382koa da.1 Urte hartako irailaren 18an, Pedro Martínez de Oñaz jaunak eta haren ama Navarra Martínez de Onazek hitzarmen bat egin zuten eskualdeko bizilagunekin, eta hitzarmeneko baldintzen artean esaten zenez, Murgiako jaurerrian etxebizitza jabetzan zutenek Eguberrietan hainbat erreal eta kapoi ordaindu behar zituzten urteko ordain edo zerga modura: Apaeztegi, Martin-goena eta Etxabe baserriek, adibidez, bakoitzak bost erreal eta bost kapoi ordaintzen zituzten urtean; Zubiburu eta Iribarri baserrikoek, erreal bat eta bi kapoi; Larramendikoek bi kapoi bakarrik; eta gainerakoek ere antzera, Mendiola, Garbelin eta Etxazurikoek izan ezik, baserri horiek ezer ordaindu beharrik ez zutelako. Bi urtez jarraian ordaintzen ez bazuten, etxea automatikoki Murgiatarren jabetzakoa izatera pasatzen zen (hori gertatu zitzaien, esate baterako, Joanitorena baserriko bizilagunei).

Argazkia: jlastras.

1700. urtean, Maria Nikolasa Uranga Joakin Mañarinegiren alargunak, Aiako Amaz Behekoa baserria alokatu zuen Gipuzkoan, urtean 10 anega gari, 11 anega arto, 20 zortzi errealeko eta 2 kapoiren truke. Errenta Santu Guztien egunean ordaindu behar zuen eta kapoiak, berriz, Eguberrietan.2

Gure Gabon egunetan, honako hau izaten zen ohiko afaria: lehenbizi, baratxuriz eta olioz ondutako aza, nahiz eta Nafarroako zenbait lekutan kardua jartzen zuten azaren ordez; bigarrenez, (baliabide ekonomikoen arabera) bakailaoa edo bisigua erreta, bijilia-garaia zelako; postrera heltzean, berriz, gipuzkoarrok eta bizkaitarrok intxaur-saltsa aukeratzen genuen, baina Nafarroako zenbait tokitan kapoi-salda ezaguna (azukrea eta arbendolak zituena). Gabonetako azken-buruko ezagunena, ordea, bihotzeko konpota izaten zen, gehienetan sagarrez edo udarez eginiko janari apala.

Kanta zahar batean, onomatopeia alaiez goresten zen Gabonetako afaria:

“Aza-olioak pil-pil

Bisigua zirt-zart

Gaztaiña erriak pin-pan!

Aia goxo-goxo, epel-epel”.

Aza, bisigua, gaztainak eta ahia (gari-irinez eginikoa), alegia.

Gau horretan, afarian ohikoa izaten zen irin lorez eginiko ogia, etxean jaten ez bazuten ere, elizako ofrendarako egiten zena.

Afaltzen hasi aurretik, ogia bedeinkatu egiten zuten. Aitak labanaz gurutzearen zeinua egin ohi zuen ogi biribilaren gainean, eta, ogiari musu eman ondoren, zati bana ebakitzen zuen mahaikide bakoitzarentzat. Gabon eguneko afarian, lehen ogi zatia etxeko hildakoentzat gordetzen zen, batez ere ahaide hurbilenentzat eta berriki hildakoentzat. Ogi hori mahai-zapiaren azpian (edo zapi zuri batean bilduta) edukitzen zuten, eta, afaldu ostean, armairu barruan edo gainean gordetzen zen, hurrengo urtean afaltzen hasi aurretik erretzen zuten arte. Sendatzeko ahalmenak zituenaren uste osoa zuten, eta, urtean zehar norbait (pertsona edo animalia) gaixotuz gero, zatitxo bat ematen zioten jateko; uholdeak izateko arriskua zegoenean edo itsasoa zakartzen zenean ere, Gabonetako ogi zati bat botatzen zen izadiaren haserrea baretu asmoz. Jose Migel Barandiaranen arabera, Gabonetako ogiaren ezaugarriei buruzko sinesmen hori ia Europa osora zabaldurik zegoen.

Gogoan izan behar da, orobat, gure aitona-amonen baserri gehienetan ardoa urtean hiru aldiz izaten zela: herriko zaindariaren jaietan, Eguberritan eta garia jotzeko egunetan. Zahagi txikietan ekartzen zen ardoa, azkenean urez edo sagardoz ere nahasi ohi zuten, gehiago iraun zezan.

Argazkia: adactio.

Derrigorrezko haragi-uztea desagertu zenean, kostaldean Gabon egunean arraina –bisigua edo txitxarroa– jateko ohiturak iraun bazuen ere, barnealdean haragia nagusitu zen: ardikia, antxumea, arkumea, kapoia edo oiloa.

Pasadizo modura esan dezagun, XIX. mendeaz geroztik, hiriguneetako gozotegietan txokolate eta boladu ugari saltzen zirela egun horietan, izan ere, langileak, neskameak eta aprendizak, nekazari-eremuetan biziki estimatuak ziren elementu horiek oparitzat zituztela itzultzen baitziren Gabonetan beren baserrietara.

Turroi-kontsumoa berrogeiko hamarkadara arte zabaldu ez zen arren, etxeko turroiak eta mazapanak askoz lehenagotik egiten ziren, batez ere hiriguneetan. Gehienetan, arbendol irindua, azukrea eta eztia beroan nahasiz egin ohi ziren, zenbaitetan anis-aleak gehituz. Era berean, mazapanak, girlatxeak, polboroiak eta bestelako gozokiak ere prestatzen ziren, eta etxeko haurrentzat sekulako oturuntza izaten zen, ez haiek jaterako orduan bakarrik, baita ama gozoki haiek prestatzen hasten zenetik ere.

Gerra ostean eta “gosete” famatua igaro ondoren, ekonomiak herriko zaindariaren jaietan eta Eguberrietan nahierara jateko aukera eman zuen: zainzuriak, bakailao eta urdaiazpiko kroketak, oilaskoa (oraindik ere ezteietan ematen zuten produktu sonatua zenean) eta, amaitzeko, etxean egindako postrea: arroz-esnea, esne-torradak edo sagar erreak eta turroiak.

Gaur egungo aldaerak ugariak dira, baina, beharbada, turroiek eta alkoholak leku nabarmena izaten jarraitzen dute.

1 MARTÍNEZ DÍEZ, Gonzalo, eta beste batzuk. Colección de documentos medievales de las villas guipuzcoanas (1370-1397). Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Donostia. 1996. 180. orr.

2 GIPUZKOAKO PROBINTZIAKO ARTXIBO HISTORIKOA. II. Saila, 1337. Agiri Sorta, 132. or.