513 Zenbakia 2009-12-18 / 2009-12-25

Euskobooks

Aipamena. Euskal mitologia. Izena duen guztia omen da: Mitología vasca. Todo lo que tiene nombre es

Egileak: Andrés Ortiz-Osés, Luis Garagalza Argitaratzailea: Kutxa Fundazioa, 2006 Orrialde kopurua: 331 ISBN: 978-84-7173-488-4 Ezaugarriak: Bi zati nabarmentzen dira obra honetan, lehendabizikoan, euskal mitologiaren ezaugarri historiko, kultural eta etnologikoak azaltzeko baliogarri izango dugun artikulu luzea. Bigarrengoa, berriz, irudiz ongi hornitua dago, eta euskal mito nagusien hautaketa irudiztatua dakarkigu. Mitoa interpretatzen laguntzeko, irudi bakoitzarekin artikulu labur bat dago. Pasadizo interesgarriak ere badatoz. Obraren helburua ez zen mito guztien zerrenda zorrotza egitea, baizik eta euskal mitologiaren alderdirik esanguratsuenak azaltzea irakurleari, betiere pertsonaia edo elementu bakoitza dagokion testuinguru historikoan edo jatorrian kokatuz, gure kulturan utzi duten arrastoa aztertuz, eta euskal ondare etnografikoari buruzko jakin-mina eraginez irakurleari. Egile-talde bikaina izan du obra honek. Aipatzekoak dira Andrés Ortiz-Osés eta Luis Garagalza Arrizabalaga doktoreak. Horiez gain, Felix Gerenabarrena doktoregaiaren eta Josetxo Beriain, Jose Guimón eta Joseba Zulaika doktoreen artikuluak ere irakurgai daude, guztiak ere euskal mitologiaren zenbait alderdi aztertzen dituztenak. Elena Odriozolaren 24 irudi original ditu obrak (bat mito nagusi bakoitzeko), baita zenbait irudi historiko-artistiko ere, pertsonaia bakoitza edo haren ingurua hobeto ulertzeko lagungarri izango zaizkigunak. Carlos Etxepare Zugasti