507 Zenbakia 2009-11-06 / 2009-11-13

Artisautza

Aines. Bitxi-diseinatzailea: Historia

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Artea eta artisautza

Harluxet Hiztegi Entziklopedikoak ARTEA honela definitzen du: Materia, irudia edo soinua erabiliz, gizakiak material edo inmateriala dena espresatu edo imitatzen duen ekintza edo ahalmena; herri edo garai jakin bateko artelanen multzoa. Arte erromatarra, Erdi Aroko artea.

Kairoko Arabiar Hizkuntzaren Akademiako hiztegian hitz bera begiratuz gero, ARTEAren honako definizio hau aurkituko dugu: emozioak eta sentimenduak, eta bereziki edertasunaren sentimendua, kitzikatzeko gizakiak erabiltzen dituen baliabideen multzoa.

Baina, ARTEA ez da unibertsala, izan ere, gizarte batzuek ez baitute kontzeptu hori beren hizkuntzan. Halere, badute estetikaren aurrean erantzuteko gaitasuna, estetikaren plazeraz gozatzekoa, izan ere, gizaki orok dugu gaitasun hori.

ARTEA jasotzen (ikusten, entzuten...) duenarengan erantzun estetikoa sortzen duen objektua edo jarduera da. Ikertzaile batzuek baieztatzen dute “gizaki guztiek gozatzen dutela estetikaren plazeraz”, nahiz eta artea dela ez jakin, gehituko nuke nik.

F. Boas antropologoak honako hau zioen: “gizakiak, aldeko egoeretan, bereziki nahikoa denbora libre zuenean, antzina baino antzinago hasi ziren artean trebatzen”. Horren arabera, aisialdirako denbora gehiago izateak suspertu zuen artea.

EDERTASUNAREN ideia beste gauza bat da. Hori kultura-talde bakoitzaren araberakoa da, eta ez da kontzeptu unibertsala. Giza talde bakoitzak EDERTASUNAREN bere kontzeptua du, eta hortaz, lan bat ARTELAN gisa baloratzeko irizpide desberdina du.

Jacques Maquet irakaslearentzat edertasuna objektuan eta behatzailearen begietan oinarritzen da, eta horien bien artean “komunikazioa” egon behar da. Artistak beretzat eta gizartearentzat sortzen du. Sortze guztien azken xedea beste batzuei gozaraztea da, beste batzuek ikustea.

Lourdes Méndez Pérez irakasleak bere “La Antropología ante las artes plásticas” lanean honako hau zioen: “Artista batek lan bat sortzen duenean, estetikaren bitartez balio kultural batzuk adieraztea nahi izaten ditu, eta horretarako, bere irudipena erabiliz hori lortzen hobekien lagunduko dioten adierazpide formalak bilatzen ditu”.

Artea, estetika, edertasuna, hiru gai ezin hobe norbere gogoetarako.