504 Zenbakia 2009-10-16 / 2009-10-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskara da nire aukera

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Eusko Ikaskuntza besteak beste, euskal kulturaren aldeko lana egiteagatik da ezagun eta oraingo honetan euskara ardatz duen proiektu berri bat jarri du martxan, hain zuzen ere, erakundearen Gazteria Sailetik (Ei Gazte!) bideratutako ekimena. Argazkia: LiveFromAmsterdam Euskara erabiltzen dugu?

Euskara da nire aukera izenez ezagun, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan aurrera eramaten ari den ikerketa da. Horretarako, hiru talde osatu dituzte Euskal Herriko askotariko lekuetako neska–mutilekin. Naiz eta kasu honetan proiektua soilik hiru lurraldetara mugatzen den, antolatzaileek ez dute hala ere, gainerako lurraldeetan beste sasoiren batean ikerketa burutzeko ideia baztertzen.

Lurralde bakoitzean bi toki ezberdinetan egingo da azterlana, alde batetik hiriburuetan eta bestetik, parte hartzaileek hautatutako herri batetan. Euskara gai zentraltzat hartuz, esparru ezberdinetan gure hizkuntzaren erabilera zer–nolakoa den ikustean datza ikerketa. Erakunde publikoetan, kalean, ikastetxeetan, denda zein tabernatan eta abar, gazte zein helduek beraien harremanetarako euskara hautatzen duten ala ez behatzea eta testigantzak hartzea da egin beharreko lana. Eta gainera, herritarrari euskaraz aritzeko ematen zaizkion erraztasunak eta ipintzen zaizkion trabak zeintzuk diren begiratzea ere ikerketan parte hartzen dutenen esku geratzen da.

Hiru lurralde, hiru tutore eta 25 parte–hartzaile ikerketa honetan murgilduta. Hala ere, antolatzaileek argi utzi nahi izan dute ez dela ikerlan zientifiko eta zehatza izango burutzen ari direna; hori bai, datu batzuk atera eta konklusio jakinen bidez errealitatea apur bat hobeto ezagutzea xedeen artean dago.

Pentsatzen duguna baino gehiago erabiltzen al dugu euskara? Agian, gizarte oso euskaldunean bizi garela iruditzen zaigu eta errealitateak gaztelaniaz hitz egiteko joera handia dugula erakutsiko digu. Emaitzak ikusi behar eta ondorioak atera. Horretarako, 2009ko azaroaren 13tik 15era bitartean aterpetxe batean elkartuko dira Euskara da nire aukera proiektuko parte hartzaile guztiak eta talde bakoitzean ateratako konklusioak partekatuko dituzte.