502 Zenbakia 2009-10-02 / 2009-10-09

Gaiak

75 urte urriaren iraultzatik

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Hirurogeita hamabost urte betetzen dira 1934ko urriaren 5ean izan zen matxinadatik. Euskal Herrian, batez ere, Arrasaten izan zuen eragina, eta gertaera haiek sakon markatu zuten denbora luzez herriaren bizitza. Josemari Velez de Mendizabalen “Bizi izan juat” liburuan (2000), Jesus Trincado Baños une haietako protagonista baten oroitzapenak argitaratu zituen. Eta Euskonews-ek berreskuratu nahi izan ditu pasarte haiek, aldizkariaren irakurleentzat.

1934ko urria hel du zen eta eskuinak aldarrikatutako diktadura berriari aurre egiteko armetarako deia egin zitzaigun. Hondamendia. Marcelino Oreja, Dagoberto Resusta eta besteak.

Urriaren 5ean ehun eta hamar gazte izan ginen atxilotuta herrian eta Guadalupeko presondegira eraman gintuzten, iraultzarako keinua egiteagatik salatuta. Zetorren mugimendua bezperan antzeman genuen. Zinetik itzultzen ari nintzen nire andregaia izateko komentzitu nahian niharduen neskarekin. Lantegiko laguntzailearekin eta UGTko beste kide batzuekin gurutzatu ginen bidean. Hurrengo eguneko goizeko seietan lehendabiziko leherpenak entzun nituen. Guardia zibilen kuartelaren ondoko etxe baten teilatutik eskuz eginiko lehergailuak jaurtikitzen ari ziren. Herriko Etxera joan nintzen. Ordurako Karlista mordo bat preso zeuzkaten, armak har ez zitzaten. Sozialisten egoitzara iritsi aurretik tiro bat entzun nuen eta hara sartu bezain laster Celestino Uriarterekin topo egin nuen, eskopeta erabiltzen ez zekielako tiroak ihes egin zion beste lagun batekin mintzatzen ari zela. Uriartek eskopeta nire eskuetan ipini zuen eta Herriko Plazara bialdu ninduen.

Nik ez nuen etsairik, edo behintzat hori iruditzen zitzaidan. Herriko plazan nengoela, Txorta-ren eskolan nirekin ibilitako Pedro Azkarraga laguna ikusi nuen, karlista zenez gero Zirkulura zuzentzen ari zena. Berarengana jo nuen eta une hartako egoeraren berri eman nion atartean. Etxera itzultzea hobe zuela aholkatu nion. Eta horrela egin zuen lagunak, besarkada batekin elkar agurtu ondoren. Goizeko zortzietan erreleboa bidali zutenean Herriko Etxera hurbildu nintzen eta bertan nengoela Marcelino Oreja “basurdea” hatzematera bialdu ninduten, beste batzuekin batera.

Zuhurtziaz joan nintzen, bere bizkarzainekin egongo zela uste nuen eta. Astebete batzuk lehenago, UGTkoek belar jango genuela esan zuen Orejak hitzaldi batean, eta ordudanik gauzak ez zetozen oso garbi harentzat. Baina gure harridurarako, eskaileretatik behera bere emazteak lagunduta jaitsi zen... eta ia-ia aingeru gizen eta arriskugabea zela konbentzitu gintuen.

Jesús Trincado Baños.

Geroxeago jakin nuenez, Orejarekin batera, idazkaritzan Dagoberto Resusta eta Ricardo Azkoaga zeuden. Azken biak lantegiko zuzendariarekin nahasteak beldurtu egin ninduen, han edozein gauza gerta baitzitekeen. Celestino Uriarterekin mintzatu nintzen eta hiruak elkarrekin ez edukitzeko arrazoiak eman nizkion. Nire hitzak entzun ondoren Uriartek agindua eman zidan, Dagoberto eta Rikardo beste toki batera eramateko. Horretara nindoan Juanito Sanverde Mendizabal azaldu zenean, Gasteiztik hiru kamioi soldadurekin zetozela abisatzera.

Albiste horrek astoratuta, nonbait, Trinketeko atartean erresistentzia burugabe baten antzezpena eratu zen eta kamioi bat irauli zuten batzuek, haren ostean gorde eta Herriko Etxearen defentsa antolatzeko. Ez ziren ohartu ekintza harekin gu guztion satartea eraikitzen ari zirenik. Eta orduantxe azaldu zen burubero arriskutsua, hiru detenituak zekartzana, eta Celestinori galdetu zion:

Onekin zer einbiejuau...?

Erueizak ostera ta...

Celes-ek ez zekien ezer estrategia militarrez, ez baitzuen ezta soldadutzarik ere egin.

Krimen higuingarriaren aurrean etsita geratu nintzen, hitzik gabe, esku hartze armatuaren erdian harrapatu ninduen uhinak, eta gizonki jokatu nahi izan nuen arren alperrik suertatu zitzaidan ahalegina. Dagobertoren heriotza sakon sentitu nuen; Dago-ren gaineko oroitzapenak nire lehen jaunhartze egunerarte ninderaman, ospakizunean atera zidaten argazki bakarraren egilea izan baitzen. Orejaren hilketa ez zitzaidan hain gogorra gertatu, langileen kontra aritu baitzen beti eta UGTko nire afiliaziotik ezin nuen onartu haren joera zitala. Laffite injineruaren kaleratzea ere Orejari leporatu beharko litzaioke. Poza nagusitu zitzaidan, aldiz, Rikardo Azkoagak ihes egin ahal izan zuela jakin nuenean. Azkoagak estimatzen ninduela uste dut, eta oker ez banago berau izan zen Administral Kontseiluan nitaz ongi mintzatu zena, lantegian betebehar berri eta hobeagoetarako gai nintzela azalduz. Bi heriotza eta etsipen nagusi bat: garbi zegoen bortizkeriako bide hartatik ez gindoazela inora.

Urriaren zorigaiztoko egun hartan zaintzako lanetan egon nintzen bitartean Erdiko Kale eta Iturriotzeko leiho eta balkoietatik zelatuta ninduten, antza. Eta hiru pertsonak salaketa ipini zuten nire kontra fusilaz armatuta ikusi nindutelakoan. Bere izena aipatuko ez dudan horietako batek, sendiko euskarri bakarra zenez gero soldadutzatik asko geratu zena, ez zituen bereizten fusila eta 12 kalibreko bi ahotako ehiza-eskopeta. Bigarrenak, artean gaztetxoa, Mauser eta eskopeta nahasi zituen.

Hirugarrena, lantegiko Ignacio Chacon injinerua zen. Katoliko apostolikoa zen, eta ezun nezakeen pentsa halako erreakzio itsua izan zezakeenik nire kontra. Guadalupeko presondegira etorri zitzaidan, herrian norbaiti errekisaturiko plano bat nik egina ote zen galdezka. Itxuraz, marrazkiko irakaslearen ustez ni ezik beste inor ez zegoen herrian hain plano zehatzik egiteko gaitasunarekin, eta Chaconek horixe egiaztatu nahi zuen. Bada, inoiz frogatu ahal izan ez zidaten planoaren gaineko aitatasunarengatik herriko bederatzi pertsonaiarik arriskutsuenen artean sailkatu ninduten.

Ekintza burugabe haren ostean mendira egin genuen ihes, Gasteiztik iritsitako soldaduek beldur. Baina biharamunean geure buruak entregatu genituen, ez baikenuen ezelako azpiegiturarik egoerari eusteko, istiluek bapatean gainezka egin zuten eta. Herriko udal kartzelan eduki gintuzten zenbait egunetan Guadalupeko gotorlekura bialdu aurretik. Presondegi hartara, aldi berean, Bilbotik preso arrunt mordo bat ekarri zuten, guren artean nahastu eta guri egonaldi ahalik eta latzen eginarazi nahian.