502 Zenbakia 2009-10-02 / 2009-10-09

Gaiak

Butroeko itsasadarra

ADEVE



Euskal Herriko Natura aldizkaria 39. zk.

Mendigana eta Bizkargi mendietan daude Butroe ibaiaren iturburuak. Ibai horri, Morga herria zeharkatu eta Olabarrin Errigoitiko urak jaso ondoren, ur-emaria gehituz doakio Sollubetik datozen errekastoen ekarpenez. Arro horrek, ipar-mendebalde norabidea du, 175,15 Km2-ko azalera eta 30 km-ko luzera. Fruiztik aurrera ibaia nahikoa haran zabalean doa. Haran horretako herri nagusia Mungia da. Butroe ibaia, izen bereko gaztelutik gertu igarotzen da, Plentzian itsasoratu baino lehen.

Zuhaitz-landaredia koniferoen birlandaketek osatzen dute ia soilik, baina bada abeltzaintza-erabileretako azkalarre ugari ere. Oro har, ur-bazterretan ez da ikusten ibaiertz ondo artatu batean egon ohi den haltzadirik.

Ibai arro horrek jasaten duen kutsadura metalurgia eta kimika industriek eragiten dute batik bat; zenbait eskutan, baina, abeltzaintza-ustiategien hondakin diren gai organikoek sortzen dituzte kutsadura guneak.

Mungian arrantzarako ibai barrupea dago, Soietxeko zubiaren eta Haizeneko urtegiaren artean.Itsasadarraren ibaiertzean bertan kokatzen da Plentzia eta bertatik nahiz Elortzara daraman errepidetik haren zati bat ikus daiteke. Bestalde, Butroe Gaztelutik abiatuta, bide estu bat eskuinaldeko ibaiertzaren zati batetik igarotzen da, itsasadarretik gora.

Espazioak Butroe ibaia eta horren ibaiertzak biltzen ditu, izen bereko gazteluaren eta Plentziaren artean, baiak Gorlizko baldian duen bokalea baino lehentxeago. Itsasadarraren ezkerraldean dagoen Txipioko padura barne hartzen du eta errepide-tarte batek banatzen ditu biak.

Ibaibidea marearen gora-beheren menpe dago, gaztelutik gertu dagoen zatia kenduta, eta ibaia motel doa eta meandroak egiten ditu. Lur guztiak Kuaternarioko alubioi-deposituak dira.

Paisaiaren ikuspegitik bi zati zeharo desberdin bereiz daitezke. Arañaren atzealdean oso estua da, baso-erabilerako lurretan ahokatuta, eta bazterretan zati handi batean zuhaitz-estaldura gordetzen da. Ondoren ibaia ireki eta ibaibidea zabaldu egiten da. Bertan limoak nagusi dira eta bazterretako eta itsasadarreko padura-ingurunea nekazaritza eta hiri-lurretan zehar zabaltzen da.

Plentziako itsasadarraren alboko lurren zati bat zeharo aldatuta dago jatorrizko egoerari dagokionez. Amaierako tartean urbanizazioek eta errepideek itsasadarra mugatzen dute eta padura-landarediko zatirik nabarienetakoa (Txipio) errepide batek banatzen du itsasadarretik.

Itsasoaren goraldi eta beheraldirako horrek dakarren oztopoa habitat mota hau arian-arian narriatzera darama, itsasadarreko ura behar adina sartu eta ateratzea ahalbidetzen ez bada behintzat. Butroe ibaiaren estuarioko kanpoaldea

Estuario-inguru hau ondo kontserbatuta dago; badia batera zabaltzen da, Barrikaondo eta Astondo muturren artean mendebaldean bata eta ekialdea bestea. Itsasadarra modu asimetrikoan zabaltzen zen, mendebalderantz, Barrikondo labarren eta Busterriko mutur txiki eta arrokatsuaren artean; Busterrin “erietxe txikia” dago, lehenago gotorleku bat egon zen leku berean, hain justu.

Eskuinaldean Plentziako muinoa ukitzen zuen; kostaldean zeuden hareatza laburretako batean ontziola bat eraiki zen, eta bazter batean, ur geza eskura baitzuen, portu txikia eraiki zen. Egindako lurperatzeei esker, lehorrak lekua kendu zion itsasoari, baina eraldaketa handiena estuarioaren eta itsasoaren arteko kaia eraikitzearen ondorioa izan zen. Harrezkero, kaiek harearen dinamika asaldatu dute, orain eskuinera metatzen baita, Plentzia aldean. Izan ere, Plentziako hondartzak 170 m-raino du zabalera du, eta 350 m luzera, baina kostak badiarantz egiten duen arkuaren erdian, aldiz, harea urriagoa da. Erietxea eta errepidea eraiki aurretik, hondartzaren atzealdean duna sail bat zegoen (geroago aztertuko da). Ondorioz, itsasbeheran bi hondartzak elkarturik geratzen dira, baina mareak gora egiten duenean alde banatan geratzen dira, Busterriko muturra bitarte.

Beste ibarrean, Barrikatik Plentzia ondora doan errepidea eraikitzeko lurperatze-lanen ondorioz, itsasadarraren ubidea Txipioko paduratik bereizita geratu zen, eta bien arteko ur-lotura murriztuta. Orain, mareak gora egiten duenean urperatzen da padura. Gainera, bertako zati bat ere lurperatu zuten kirol-instalazioak eta bestelakoak eraikitzeko. Hala ere, beste tarte handi bat egoera onean dago.

Gorlizen kasuan, batez ere Astondoko duna-mordoa geratu da ukituta. Lehenik itsasaldeko ospitalea (1919an bukatua) hareatzean eraiki ondoren, herritik bertaraino egindako errepideak eten ezin zuen harearen berezko ibilia. Hortaz, haizeak ezin berriturik, eta gainera bertako harea kantitate handiak kendurik, agerian geratu da haizeak ordura arte metatutako harea zementatua (“duna fosilak”).

Estuario honek behatoki asko ditu ingurua aztertzeko. Hondartzetara sarritan heltzen dira algak eta planktoneko animalia aldrak, marmokak eta sifoidunak, kasu. Padura itsasadarrean eta Txipiosen zabaltzen da, eta Gorlizeko hondartzan, Astondon, substratu arrokatsuko komunitateak hazten dira.

Pilotaleku ondoan itsasadarreko bolu zaharra zegoen, baina gaur egun errotarria baino ez dago. Leku berean, lokazti hareatsuetako komunitateak ditugu: Nereis diversicolor Scrobicularia eta berberetxoak (Cerastodema edule). Hortik kanporantz, itsasbeherarekin, hareaz inguratutako haitzak azaleratzen dira, gero eta lokatz gutxiagorekin; haietan ostra dago (Ostrea edulis eta Crassostrea angulata), eta izkirak (Palaemon serratus) erruz ageri dira marearteko putzuetan. Lapa bat edo beste ere ikusten da. Ez dago aktiniarik ordea, ezta anemonarik eta ekinodermaturik ere, Venerupis decussata eta Anomia ephyppium motetako kusku bikoak daude. Mercierella enigmatica poliketo serpulidoen tutu multzoak azaltzen dira, eta Pachygrapsus marmoratus karramarroa ere ugari da.

Hondartzaren ondoko dikearen beste aldean, haitzen inguruan ale larriagoko harea dago lokatzaren ordez. Lapak, karramarroak eta aktimiaren bat daude han, ez ordea Mercierellarik, itsasadarrekoa izanik ez omen baitu itsas ura berezko ingurua, hartara moldatzeko gai den arren. Areago, zizare mota hau ezin da gazitasun handiko uretan ugaldu.

Astondoko aldea labarretatik jausitako haitz handiek eta azaleratutako arroka geruzek osatuta dago. Laginak bil daitezke harkaiztian eta portuko diketik haratago agerian geratzen den lautadatan. Itsasbeheran lautadan agertzen den komunitatea anitza eta oparoa da, Muñakotzen antzera, eta ikusten diren espeziek adierazten dute Plentziako itsasadarraren eragina, ondoan dauka eta. Adibidez, bertako ostrekin batera lapak daude. Beste espezie batzuk ere bizi dira hor (zulogileak, poliketo lepidonotidoak eta nereidoak).

Era berean, badia leku egokia da planktona biltzeko; bertan, Bilboko Abran bezala, fitoplanktoneko eta zooplanktoneko espezieen multzoak kanpoaldean baino sarriagoak dira, Butroe ibaiaren ongarritze-efektua dela eta. Fitoplanktonaren urtaroko zikloa oso antzerakoa da badian eta kostaldean: udaberrian eta udazkenean diatomeoak dira nagusi, eta neguan plankton kantitate txikiena biltzen da. Udan ere, elikagaiak nahikoak badira, diatomeoak erruz agertzen dira badian, baina orain fitoplanktona ez da kostaldekoa bezalakoa, oligotrofia-sasoia denez, kostaldean flagelofunak baitira ugarienak. Interes bereziko landaredia

Itsasadarraren zati batek giza presioa eta ondoko bideena jasaten badu ere, padurako landaredi-azalera aski handiak gordetzen dira eta hainbat komunitateren erakusgarri bikainak aurki daitezke. Spartina maritima-ko populazioetatik hasi eta lezkadietara iritsi arte, Salicornia ramosissima-ko multzoak, Sarcocornia fruticosa eta Halimione portulacoides-eko sastraka haliofiloak, Juncus maritimus-eko ihitokiak, tamarindo multzoak, etab. barne direla. Bertako espezieen artean, adierazitakoez gain, besteak beste ondoko hauek aipa ditzakegu: Limonium vulgare, serotinum subespeziea, Cochlearia aestuaria, Saueda maritima, Frankenia laevis, Scirpus lacustris, tabernaemontani subespeziea, Oenanthe lachenalii eta Trfolium squamosum.

Ibaitik gora, goranzko marea iristen ez den tartean, landare akuatikoen populazioak aurki ditzakegu, hala nola, Potamogeton perfoliatus, P. pectinatus, P. crispus, Alisma plantago-aquatica eta Lemna gibba. Ibaiertzetan sakabanatuta dagoen Myosoton aquaticum espeziea ere bertan bizi da. Tarte horrek, estadio gutxi-asko aldatuetan, ekologiaren ikuspegitik batez ere garrantzitsua den ibaiertzeko galeri basoa gordetzen du. Bertan, flora zurkara nahiz herbazeoa denetarikoa da. Interes bereziko fauna

Plentziako itsasadarra, habitat-zati bat gorde duten guztiak bezalaxe, ingurune akuatikoari lotutako hegazti migratzaileentzat geraleku eta atsedenlekua da. Batzuentzat negu-pasako gunea ere bada.

Hegazti limozaleak (Calidris sp., Charadrius sp. Numenius sp, Tringa sp. Pluvialis sp., etab.), zenbait anatido, erralido, ardeido (lertxun hauskara eta zertzeta), ibai honetan hazten den martin arrantzalea (Alcedo athis), laridoak, ubarroi handia, etab; itsasadarrari lotutako denetariko populazio ornitologikoan biltzen dira (bazterretako limoak eta belar-unadak, lezkadiak, kanal intermarealak fitozenosi halofiloen artean... eta ibaibidea bera). Astondoko dunak

Bizkaiko Golkoko itsasoaren indarrak eta iparraldeko haize nagusiek, Astondo “duna herrestariak” sortzen lagundu zuten, hau da, hareak bere hondartzako nitxoa utzi eta muinoan eta alboko zelaietan gora egin zuen harik eta gaur egun ikus daitezkeen mendixkak sortu arte.

Astondoko duna eremua, azaletik, euskal kostaldeko handienetakoa dugu. Horren bidez kostaldeko ekosistemak eta barrualdeko sega-belardiak eta sastrakadiak harremanetan jartzen dira. Eta horrela, dunetako landaredi aniztasuna esponentzialki hazten da.

Hala ere, gaur egun, hareak hainbat barrera zeharkatu behar ditu dunari hazten lagundu ahal izateko: hesi bat, errepide bat... Ondorioz, ekarpena asko gutxi da eta duna aldean erosio-prozesu larriak ikus ditzakegu: metaketa erdi finkatuetan dauden ebaki bertikalek agerian utzi dituzte sedimentu-geruzak.

Dena eremuaren baitan bi egoera desberdintzen dira. Bata, itsasotik hurbilen dagoen zonari dagokio, tradizioz aisiarako erabilera intentsibokoa zena. Bertan ikus daitezke lehen aipatutako erosio-prozesuak eta gaur egun barrura sartzera galarazteko hesi bat dago. Babes hori garrantzitsua da, izan ere, herriak duen hondartza eder eta zabala dela-eta, udan bizilagun kopurua bikoiztu egiten da.

Bigarren egoera, berriz, itsas pinuaren (Pinus pinaster) oin ugariz estalitako duna eremuari dagokio. Aurreko zonaren alboan dago baina oraingoan barrualdean. Pinu espezie hori Frantziako hego-ekialdeko duna egonkorretakoa dela uste da eta Gorlizen ere hala izan liteke, nahiz eta espezie hori beste gure Erkidegoko hareatza batean naturalki agertu ote den ez jakin. Pinudia apurka-apurka zabalduz joango da eta ohikoak dira ale berauek gazteak eta dunan birsortzea.

Astondoko hareatzako ekialdean ikus daitekeenez, pinudien itzalpean, indar handia hartu du gramineo inbaditzaile batek: Stenotaphrum secundatum. Landare horrek tapiz trinkoak osatzen ditu eta horrela beste espezieen biziraupen aukera itotzen du; beraz, mehatxu handia da dunako gainerako landarediarentzat.

Landaredi horrek balio handia du, izan ere, espezie arraro eta galtzeko arriskuan dauden espezie asko bizi dira bertan. Lurzoru hareatsura, haizera eta gazitasunera ondo moldatzen direnez, oso bereziak dira. Besteak beste, aipatzekoak dira Herniara ciliolata robusta, Asperula cynanchica occidentalis, Koeleria albescens eta Festula arenaria.

Nahiz eta jasaten ari den degradazioa nabarmena izan, dunako ekosistema hau Euskal Herrian dunako habitaten gotorleku nagusietako bat da.