Josemari Velez de Mendizabalen hitzaldia Eusko Ikaskuntzak Zubimendiri egindako omenaldian. Donostia, 2009ko irailak 28
“Considero la lengua como el primer elemento de la nacionalidad. Por tanto, estimo que es deber de todo buen vascongado contribuir, por cuantos medios estén a su alcance, al cultivo y al desarrollo del euskera”
Baieztapen hori, gaur omentzen dugun Joseba Zubimendik egin ahal izango zukeen arren, ez da berea, baizik eta Txurrukako Kondearena, Eusko Ikaskuntzaren I Kongresuan egina, hain zuzen 1918ko irailean, Oñatin.
Joseba Zubimendi idazle eta euskaltzalea ondratzera bildu gara hona eta “Euskal literatura eta kazetaritza, gerra zibilaren aurretik” titulua eman zaio jardunaldiari. Eta beharrezkoa da halako hausnarketa txiki bat burutzea, Zubimendiren gisako lagunek gure hizkuntzarengatik burututakoa ulertzeko.
Euskara bera bezala, literatura ere oreka ariketa zail batean genuen XX mendeko lehen herenean, purismo sabindarraren eta popularismoaren artean tokia aurkitu guran. Bigarren eta hirugarren hamarkadetako literatur loraldia ez zen txantxetakoa izan eta garaiko idazleen zerrendari begiradatxo txiki bat botatzearekin nahikoa dugu, zein nolako espazioak irabazi ziren eta zein nolako aurrera pausuak eman ziren ulertzeko.
Detailetxo bat ere, dena den, erremarkatu nahi dut, aurrera baino lehen. Gaur egun, sarritan Katalunya aldera begiratzen dugu, “catalanismo” argi eta erabakigarri baten bikaintasunak aldarrikatuz, hemen falta zaigun eta nahi genukeen balizko “vasquismo” baterako. Aitortu behar dugu, aztertzen ari garen garai hartan BAZELA “vasquismo” indartsu bat, Zubimendiren euskaltzaletasunarekin batera bizikidetzen zuena. Eta bi korronteak norabide berdinean ari ziren ahaleginetan, batek –Zubimendirenak– saiakuntzan gogo gehiago ipintzen zuela garbi utzi behar bada ere. Baina ez ziren jarrera baztertzaileak, are gutxiago etsaiak, pertsonaia desberdinen arteko diferentzia politiko, ekonomiko zein sozialak kontuan eduki arren.
Joseba Zubimendiren garai hartan, euskal nortasunaren islapena bilatzen zen euskarazko literaturaren bidetik, bat ere zalantzarik gabe –goian esan dudan bezala– oso baldintzatua zegoena orduko eskema linguistikoarengatik eta, zeresanik ez, politikoarengatik. Normala, guztiz, euskal gizarteak etorkizun hobe baten esperantzan jokatzen baitzuen. Eta Zubimendiren moduko kultura eragileek itxaropen osoa zuten jarrita euskal gizartearen garapen aske, demokratiko eta bateratzaile batean.
Egia da, kasu askotan ikuspegi erromantiko eta kostunbrista batetik zuzenduak zirela ahaleginak, baina –dudarik gabe– baita –beste hainbatetan– planteamendu berritzailetatik ere. Denak ziren beharrezkoak, bide luze eta oparoa opa zekiokeen mugimendu suspertzaile hasberrian.
Baina zoritxarreko altxamendua etorri zen. Eta gure orubean jasotzen ari ziren etxea eraikitzeari utzi behar izan zioten, halabeharrez. Areago, etxea ikusi ere nahi ez zuten haiek lurreratu egin zuten Zubimendiren eta horren adiskideen egitasmoa, eta urte luzez sasiak eta zaborreria izan ziren nagusi lur sail hartan. Egitasmo haren hainbat langile betiko desagerrarazi zituen uhin faxistak eta beste askori erbestera ihes egitea beste irtenbiderik ez zitzaion geratu. Zubimendi, kasu.
Desertuko zeharkaldia burutua, euskal gizartea ez zen berdina. Mundu osokoa ez zen bezalaxe. Euskal literaturak ernamuin berdeak ageri zituen, gerorako uzta ona ahalbidetuko zutena. Zubimendi berri ugari azaldu ziren eta euskal literaturak inoiz baino mugarri garaiagoak iritsi zituen. Seguru nago Zubimendik pozik ikusiko zukeela euskal literaturaren egungo egoera. Ez nago hain seguru gauza bera sentituko zuenik euskal gizarteaz… zatitua eta elkarren kontrako liskar burugabe eta etengabean galdua. Eta, barkatuko didazue oroitzea, 1976an ARTEAN posible zen lehengo “vasquismoa”ren aztarnarik gabe. Alde horretatik ere atzera egin dugu, geure erruz.
Zubimendi eta bere garaiko zubi-egile asko, gizarte irekiagoa, modernoagoa eta libreagoaren bilakuntzan aritu ziren, etorkizunerako ihardun etengabe, sutsu eta kuraiez beterikoaren bitartez. Etsitu gabe, amore eman gabe. Eta horiei esker sortu ziren kimu berriak, gaur hemen egon beharko zukeen Mikel Atxagaren gisakoak.
Mikel kazetaria, Mikel “bidegilea”... Euskal kazetagintzan ia-ia berrogei urte daramazkigun askoren Mikel maisua... eta kriseilua. Mikelek hitz egin zidan aurreneko aldiz Zubimendiri gorazarrezko ekitaldiren bat eskaintzeko komenientziaz, eta Mikeli berari eman nion Eusko Ikaskuntzaren baiezkoaren berri.
Zubimendi eta Atxaga; bi harri landu sendo, euskal kazetagintza eta kulturaren eraikinean. Gogoan zaituztegu!