50 Zenbakia 1999-10-15 / 1999-10-22

Gaiak

Dendrokronologia: Gure basoen historia ezagutzeko oinarrizko tresna

HERRERA, Javier

Dendrokronologia: Gure basoen historia ezagutzeko oinarrizko tresna Dendrokronologia: Gure basoen historia ezagutzeko oinarrizko tresna * Javier Herrera Enbor baten eraztunak zenbatzerakoan bere adina jakingo dugula entzun dugu beti. Halaxe da: gure zuhaixka eta zuhaitz gehienek urtero bere enborrari eraztun bat gehitzen diote. Baina hau ez da horrela mundu osoko zurezko landare guztientzat; batzuek etengabe hazten direlako (ohian tropikaletan adibidez), beste batzuek eraztun bat baino gehiago egiten dutelako urte bakoitzean (uda oso lehorra duten lekuetan batez ere). Latitude hauetan, berriz, zuhaixka eta zuhaitzek bere hazkuntzan etenaldi bat egiten dute urtero neguak mugaturik. Hazkuntza garaiko hasierako eta bukaerako zura ezberdina izaten da eta horregatik eraztunak ezberdintzea posible da. Gainera, beste faktore batzuek ere hazkuntza oztopatzen dute (klimak, konpetentziak, kutsagarriak eta abar) eta hauen eragina urte batetik bestera aldatzen den heinean sortutako eraztunaren zabalera ezberdina da. Ondorioz, enborra eraztun estu eta zabaletako sekuentzia batez osatuta dago. Sekuentzia hauek ikertzen eta ulertarazten duen zientzia Dendrokronologia ( ) du izena. Hazkuntza eraztunek zuhaitzari bere bizitzan zehar gertatutako guztia islatzen dute eta dendrokronologiaren lana gertaera garrantzitsuenak identifikatzea da. Ikerlanaren arabera faktore batzuk murrizten saiatzen da interesatutakoa nabari arazteko, eta hau laginketa diseinu on batekin eta aztertzeko teknika batzuekin lortu daiteke. Klima ikertzeko adibidez, basotik kanpo hazitako zuhaitzen laginak hartuz gero, nutrienteengatik eta argiagatik konpetentziaren eragina baztertzen dugu anitz. Bizirik dagoen zuhaitz bizi baten sekuentzia osoa lortzeko, ez da zuhaitza moztu behar. Zulagailu berezi batez enborraren erradioaren zilindro txiki bat ateratzen da eraztun zabalera guztiak lortzeko. Hildakoetan berriz, enborraren ahal den sekziorik handiena erabiltzen da, zilindro hauetan informazioa galdu baitaiteke.Sinkronizazioa Egia esanda, zuhaitz baten adina jakitea ez da izaten kontaketa hutsa. Askotan lehorte edo beste gertaera baten ondorioz zuhaitza ez da hazten eta eraztuna ez da egiten. Beste batzutan eraztun faltsuak egoten dira. Horregatik eraztunen sekuentziak alderatu behar dira, sinkronizatu (Cross dating ingelesez), akats hauek aurkitzeko. Sinkronizazio hau urtez urteko makroklimaren aldaketetan oinarritzen da. Zuhaitz guztiek makroklimaren aldaketa hauek jasaten dituzte eta urte batzuk sekuentzia guztietan nabariak izaten dira. Bestalde, sinkronizazio honek beste erabilera interesgarria dauka: bizirik ez dauden egur zatiak datatzea. Zuhaitz biziekin hasita, hildako egur zatiekin solapatuz kronologia luze bat lortu daiteke. Munduko toki batzuetarako Kristo aurretik 1000 urte baino gehiagoko kronologia lortu da. Dendrokronologiaren erabilera Dendrokronologiaren aplikazioak ugariak dira. Aplikazioaren arabera izen ezberdinak erabiltzen dira dendro aurrizkia jarriz lagundutako zientziaren aurretik: Dendrogeomorfologia, lur azalaren prozesuak datatzeko; Dendrohidrologia, ingurune urtarraren dinamika ikertu eta datatzeko; Dendroglaziologia, iragan eta egungo glaziarren dinamika ikertu eta datatzeko; Dendropirokronologia, iragan eta egungo sute naturalen dinamika ikertu eta datatzeko; Dendroklimatologia, iragan eta egungo klima ikertzeko; Dendroarkeologia, zuhaitzak noiz bota ziren eta eraikuntzan noiz erabili ziren datatzeko ; Dendroekologia, ekosisteman eragina duten faktoreak aztertzeko; adibidez azken mendeko CO2 igoeraren eraginez hazkuntza aldaketa azterzeko. Dendrokronologia Euskal Herrian Beste herrialde batzuetan zientzia hau oso aurreratuta badago ere, gurean hasi berria da. Dakigunez lehenengo ikerketa Nafarroako Alaiz eta Leyre mendikateetan egin zen ( ). Honetan pagoaren prezipitazio eta tenperaturekin loturiko hazkuntza azaldu zen. 1991 ean Fréderic Guibal ek beste ikerketa batzuk egin zituen ( ) Gipuzkoa eta Bizkaiko hemezortzi eraikuntzetako zuretanhartutako zilindroak aztertuz (denak Quercus sp.). Grafika honek Urkiolako baso baten pagoen hazkuntza aldaketaren portzentaia ematen digu. Honekin baso honetan noiz egon diren mozketak jakin dezakegu. Bere helburua XV. mendetik XVI. mende bukaerarainoko kronologia egitea zen. Lortu ez bazuen ere bere datuak oso oinarri baliagarria izan daiteke ondorengo ikerketa sakonagoentzat. ARKEOLAN ek, adibidez, duela ia bi urte dendroarkeologiako proiektu handi bat martxan jarri du: Irunen portu erromatar baten aztarnak datatzea. Horretarako, garai hartarainoko kronologia eraiki behar da gaur egunetik hasita, Gipuzkoa osorako kronologiak osatuz eta beharbada beste lurraldeenak ere. Horregatik Guibal en datuak ere oso baliogarriak izango dira seguraski. Joseba Lizeagak ere 1995 etik haritzez (Quercus sp.) kronologia osatzen ari da Nafarraldean. Hasierako asmoa bere etxea datatzea zen. Horretarako bizirik dauden zuhaitzetan (420 urtetakoa zaharrena) eta inguruko etxeetan laginak hartu zituen. Azkenean etxea 1710. urte inguruan datatu du (gainera lehenengo jabeen ezkontza urte horretan izan zen). Hartutako eraztunik zaharrena 1420 urtekoa da. Euskal Herriko Unibertsitateko Ekologia eta Landare Biologiaren Sailan ere duela urte erdi bat dendroekologiako ikerketak egiten ari dira Urkiolako baso natural baten historia eta bilakaera ezagutzeko. Mekanismo hauek ezagutzea oso baliagarria izan daiteke berriztatze lanak egiteko, hau da, gure baso naturalak berreskuratzen laguntzeko. Oharrak 1) Dendron (zuhaitza), Chronos (denbora) eta Logos (zientzia) greziar hitzetatik. ( ) 2) CREUS J., FERNANDEZ A., MUNARRIZ D. (1992). DENDROECOLOGIA DE LOS HAYEDOS SURORIENTALES DE NAVARRA, SIERRAS DE ALAIZ Y LEYRE. Actas del congreso internacional del haya (19 23 de octubre de 1992). Pamplona (Navarra) Vol. 1. Ministerio de Agricultura y Pesca e Instituto Nacional de Investigación de Tecnología Agraria y Recursos Forestales. ( ) 3) GUIBAL Fréderic, (1993). ANALYSE DENCROCHRONOLOGIQUE D'ÉCHANTILLONSDE BOIS DU PAYS BASQUE. Berak Arkeolan i utzitakoa. ( ) Oinarrizko bibliografia: Stokes M.A. & Smiley T.L. (1968). An Introduction to Tree Ring Dating. University of Chicago Press, Chicago. Fritts H. C. (1976). Tree rings and Climate. Academic Press, London New York San Francisco. Fritts H. C. & Swetnam T.W.(1989). Dendroecology: A tool for evaluating variations in past and presents forest enviroments. Advances in ecologicas research, Vol 19. Academic press, London. Cook, E. R. (1990). Metods of dendrochronology: aplications in the environmental sciencie. International Institute for Applied System Analysis. Kluwer Academic Publisers, Dordrecht, The Nertherlands. Internet en: Javier Herrera, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekologia eta Landare Biologia Saileko kidea Euskonews & Media 50.zbk (1999 / 10 / 15 22) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria