50 Zenbakia 1999-10-15 / 1999-10-22

Gaiak

Apezak euskal mitologian

ARANA, Anuntzi

Apezak euskal mitologian Apezak euskal mitologian Anuntzi Arana 1. 2. 3. 4. 5. 6. 7. 8. Sarrera Apezak ez dira izaki mitikoak, mundu honetako pertsonak ontsa egiazkoak baizik. Eta halere leku handia dute herri mitologian, haien ustezko ahalak naturazgainekoak direlakoan. Kondaira gehienek kontatzen dituzte jendeek beste mundukoekin dituzten tirabirak eta enfrentamentuetan usu apezen indarrak eta baliabideak neurtzen dira: jendeen alde eta parte txarrekoen kontra jarriak dira, ontsalaz, baina dituzten ahalek berek eramaten dituzte batzuetan sorginen eremuan kokatzera. Funtsean, hain da llaburra sorgina eta sorginaren aurkako borrokaegilearen arteko bidea non, askotan, bi poloak batuak baitira. Printzipio logiko hau da: gaitza galarazteko ahala duena, gaitza egitekoa ere badu. Eta horixe da apezek eragiten duten sentimentua, herri mitologian. Kondaira askotan erakutsiko dute betiko bikoiztasun hori: gauezkoen garaileak dira, sorginen konjuratzaileak eta sorginak, ekaitzen konjuratzaileak eta ekaitz egileak, kondenatuak eta arima erratuak, osagileak, trufen objektu irringarriak eta jendeen salbatzaile eta heroi tragikoak. Apezen irudi hori ez da biziki ortodoxoa, mitologiaren egiturak bere erara egokitu eta aldarazi baitu, bere egiteko. Dena den, ortodoxian ere apezak izan dira beste mundukoen kontrako baliabideak: exorzista bat bada katedral guztietan eta, alde horretatik, kristianismoaren eta paganismoaren ideiak ez dira elkarrengandik oso urrun izan. 1. Apezak "gauezkoen" etsaiak Euskal Herriko hainbat lekutan esaten da parte txarrekoak (laminak, basajauna etabar) suntsituak izan direla apezen otoitz edo benedikazioei esker. Larraineko oihaneko basajaunak malur anitz kausatzen zizkien bizizaleei; apezak neskenegun gau oroz "Salve Regina"ren kantatzen zuen eta, bide hartaz, basajaun urrunarazi zuen (Cerquand, 1986). Lapurdiko herensugea "batzuek erraten dute apez batek madarikazionea egin omen ziola eta handik kasatu omen zuelaitsasgorrietara (Barandiaran). Isturitzeko laminak apezen otoitzei esker suntsituak (Oxobi Gure Almanaka). Jendeek beste mundukoekin, arima erratuekin edo, arazoak zituztenean apezarengana jotzen zuten, eta harek aholku ona ematen zien. Laminak eta holakoak, bistan dena, mendakatzen saiatzen dira, ez beti lortu. Mondarraingo laminak, preseski: Larrungo mendiaren oinetan bizi ziren laminek, leze batean; jendeak pertsekutatzen zituzten, inguruko etxekoak bereziki. Behin, apezaz trufatzeko, auzoko gizon bati erran zioten: Hoa Sarako erretorearengana eta erraiok guregana etortzeko. Erretora badoa "bainan halako moldez izitu eta beldurtu zituen haren bertuteak, non ez baitzen lamina bat agertu apezaren inguruetara, eta apeza etxera itzuli zen nehor ikusi gabe. Laminak berriz lehengo mandatariarengana: Zer zen oraistian hemen izan den gizon arropa beltz hura? Hoa berriz harengana eta emaiok gerriko zinta seda hori gerrian ibil dezala. Hala egin zuen gizonak; apeza mesfido zen eta galdegin zion: Badakizu zinta horren neurria zenbat den? Ez jauna. Zoazi lezeari hurbil den gaztainondora eta neur ezazu zenbat inguru egiten duen zuhaitz horretan. Gizonak hola egiten du, zuhaitzaren inguruan neurtzen du zinta eta azkena egin duen bezain sarri, suntsitzen zaizkio begi aintzinean bai zuhaitza eta bait zinta seda (Cerquand, 1986). Aldi honetan bai, baina ez dira beti osorik jalgitzen apezak borrokatik. 2. Apez sorginaren aurkakoa Beste mundukoak menperatzen dituen bezala, mundu honetako sorginak ere harrapatzen ditu apezak. Adibideak anitz badira, eta bat azaltzeko: Berasategiko neska bat joan zen konfesatzera, gorrotatzen zuen familia bateko sei haur hil zituela. Sorgina zen eta euli bilakaturik zintzurrean sartzen zitzaien eta hiltzen zituen. Zazpigarrena salbatu zuen apezak, estolaz eulia harrapatu eta kutxa batean sartu: kutxaren barnean gero hila zen neska (Barandiaran 1973a: 501). Estola baino areago liburua da apezaren tresna: tradizioan ez da apezik libururikgabe, jendeek beti gogoratzen dituzte brebiarioa eskuetan. Liburu misteriotsua, ulertezina denentzat, irakurtzen dakiten gutientzat ere latinezko idatzia baita. Formula magikoaz betea, jende askoren ustez liburuan kontzentratzen ziren apezaren ahalak. Baina liburua ere bikoitza da, sorginkeriaren kutxa... 3. Apez sorginak Liburuaren eta sorgin indarren jabea dira apezak. Ospetsuak dira Sarako Atsular, Iruñea ondoko Atarrabiokoa, Nafarroa hegoaldekoa Bargotakoa... Denek modelo edo egitura oso antzekoa dute. Pertsonaiak egiazki bizi izan dira, ospetsu egin eta mitoa erantsi izan zaie. Apez horiek biziki ahaltsuak dira: Atsular eta Atarrabioren kasuan erraiten zuten deabruaren eskolan ikasiak zirela, Salamancan edo Zugarramurdiko harpean. Deabrutik biziki hurbil dira, beraz, ikasle izatea filiazio modu bat baita; hori aski ez balitz, anaia ere deabru dute, ekaitzegilea, eta haren kontra borrokatzen dira. Maddi Ariztiaren bilduman (18 or), Urdazubiko apezak (Atsularrek) jakin baitzuen "gure Aita Saindua deabruarekin esposatzera egun zohala", Erromara joan zen minutu batean airetik eraman zuten galtzagorri batek, Azkueren bertsioan eta hantxe uxatu zuen deabru hura gurutzearen bidez: harri batez bi xori egin zuen Atsularrek, ipuinaren kontalarien ustez "geroztik Atsular apezari esker izan zen gauza bat ona: ez zirela gehiago esposatzera libro izan". Halabeharrezko zelibato atzerakoiak, alta, herritarren burlak jasan beharra ekarri die apezei, ondoko kantua, adibidez. Ezkondu ez, baina giltzaria edo neskamea dute mitologiako apez batzuek. Harekin, galtzagorrien laguntzaz, aireko bidaia xoragarriak egiten ahal zituzten. Orozko Axpuruko abade neskameei buruz istoria polit hau kontatzen dute, beti ironia doi batez: Maiatzaren zortzi batean, Urduñan zezenak eta neskamea apez etxeko leihoan hasperenak egiten: Ai! Nor izan litekeen orain Urdunako zezenak ikusten Apezak entzun zuen eta galdetu Joan nahi duzu, ala? A, bai, eta pozik joan ninteke Atera zituen apezak bere familiarrak(prakagorriak) eta "rrraaa", laino baten gainean, airetik, Urduñara. Hango plazan zezenak ikusten, ederki. Han zeuden beste familiardun batzuek egin zuten beren artean: To! Hor zeudek halako herriko apez neskameak. Ez zioten sinesten, baietza eta ezetza: Nahi baduzue haren zapata ekarriko dautzuet Apeza kexu, zapata kendu zioten eta: Ez badautazue zapeta gibel ematen adar bat egingo dautzut kopetan. Erran eta egin, adarra ezarri zion ohoinari, eta hura ahalgeturik zapeta eman zion. Eta gero zezenketa bururatu zen eta etxera berriz apez neskameak. Sorginen indar edo galtzagorri horiei esker, beste hainbat gauza miresgarri egiten dituzte apez sorginek. Edozein sorginek bezala jendeen eriarazten ahal dituzte, baina bere berezko maneran: eihar mezaren bidez. Eihar meza erdarazko "meza beltza" dateke. Jendeak eihartarazten du, eta hiltzen. Euskal Herriko apezengana ibili naiz haren berri jakin nahiz eta inork ez dit izena baino gehiago aipatu... Ez dukete deus jakin nahi holako kontuekin. Haietarik bati, ez hain aspaldi, norbaitek eskatu zizkion bi eihar meza emateko, eta apezak ihardetsi: "bat zuretako emanen dut nahi baduzu"; hor gelditu zen gauza. Zorionez Gaskoiniako meza horren deskripzio luze zabal ematen digu Sébillot ek. Han, messe de santo Sécario (Saint Sécaire) erraiten diote, hitzez hitz Jondone Eiharren meza. Biarnon eta Gaskoinian oso hedaturik zen sineskeriaren arabera, etsai bati mendekatzeko aski zen haren kontra eskomunikazioa botaraztea apez bati; horren ondorioz anatema pean zegoen pertsona desmeritzen joaten zen. Apeza, elizatorra eta estola jantzirik, gainean kapa beltza ere, inprekazioen hamabi zerrenda erraiten zituen, hamabi tortxa beltzek argiturik. Gaskoinian bazen Santo Sécario ren meza, haren xedea baitzen norbait emeki emeki eiharraraztea. Oso apez gutik zekien horrelako meza emaiten, eta haietarik zar batzuk baizik ez zuten egiten, naski. Meza hori jende multzorik kokatzen ahal ez duen eliza batean bakarrik eman daiteke, hau da, ondamenetanedo profanaturik izan diren elizetan. Mezemaileak bere maitalea hartu behar du bereter, eta biok elkarrekin afari on bat eginik izan behar dira. Hamaiketako lehen zeinu hotsarekin batera hasten da meza eta gibelekoz aitzina jarraiki, oren baten buruan, gauerdian tanko, amaitzeko maneran. Beltza izan behar da hostia eta ez borobila, eta lau puntakoa baizik... Apezak ez du arnorik kontsekratzen, horren orde ura edaten du, bataiatu gabeko haur baten gorpua bota duten iturriko ura, hain zuzen. Gurutzearen seinalea ezker zangoaz egiten da, lurrean (eskuin eskuaz eta bularrean egin orde). Gironde n ematen omen zen horrelako meza eta 20 50 liberetan zen saria. Bigorren heriotz gaiztoko meza bazen (messe de male mort): hil hurren luze eta zernahi pairatuz eragiten zuen. Neska bat seduzitu eta harekin ezkondu ez zen mutila eihartzen eta hiltzen zen, haren kontrako eihar mezaren ondorioz; halaber ezkontzeko hitz eman eta senargaia uzten duen neska. Amodio gaiztoko mezak, alderantziz, sobera gibelatzen den ezkontza arinarazten zuen. Mutil bat, harekin atxiki eta, utzi zuen neska batek, beste batekin ezkontzeko; lehen haurra ukaitetik hil zen eta herrian zioten eihar meza emanarazi ziola mutilak. 4. Apez ekaitz konjuratzailea On eta gaiztoaren arteko joan jinetan, parte txarrekoen kontrako apezarengana etorri behar dugu berriz. Aldi honetan sorginak ez baina ekaitza konjuratzen ditu apezak. Funtsean bi gauzak uztartuak dira, ekaitzak sorginen lana ere baitira. Maiatzeko Gurutzetik Iraileko Gurutzeraino, 1960 arte leku askotan igandeko meza aitzin apeza jalitzen zen Veni Creator kantatzen, elizaren ingurua egiten zuen eta, gehienetan, hilerrietako gurutzearen ondoan, airea benedikatzen zuen, sainduen litaniak erranez eta lau aldeetara ur bedeinkatua hisopatuz (Marliave, 1995: 25). Ortodoxia kristauak horrela esplikatzen du zeremoniaren zentzua: airean ibiltzen diren deabruek egiten dituztela ekaitzak. Deabru horiek, herriaren ikuspidean, beren mitologiako pertsonaiak izan daitezke,gure kasuan Anbotoko Anderea edo herensugea. Berriz ere esan behar da tradizio giristinoa eta herrikoia aski hurbil direla, ez dugu hemen betarik nola eta zergatik azaltzeko. Kontua da, ekaitza eta harria galaraztea biziki gauza inportantea zela laborantzarako, eta herritarrek konjuratzaileen beharra zutela. Asko bazirela diosku Castagnegak, Superstizioen eta sorginkerien traktatu an (1529): Hodei konjuratzaileak hain dira ospetsuak non mirakulua bailitzateke laborari herri batean haien zerbitzuak ez ordaintzea eta haientzat etxola bat ez izatea kanpaidorrean edo leku gora batean, hodeietatik eta deabruetatik hurbilago izan daitezen. Herriek ispisuak edo parioak egiten dituzte beren artean, zeinek duen konjuratzaile azkarrena; batzuetan apezak direla konjuratzaileak. Zirkuluak egiten dituzte eta barnean deabruekin borrokatzen, hain gogorki non zapata bota behar baitiete joan daitezen, eta biziki akituak jalgitzen direla gatazka latz horietatik. Beren konjurua noraino heltzen den jakinarazten dute eta harro dira hodeia auzoen eremura igorririk, han bota duelakoan harria. Konjuru egiteko mezaren kanoneko hitzak erabiltzen dituzte, haien bidez ogia eta arnoa Jesukristoren gorputz eta odol bilakatzen diren bezala, harri erauntsia ur bilakatuko dutelako ustean. Nola nahika nahasten dituzte latina, hebraiera eta grekera: "Per ipsum crucem, cum ipso cruce, Eli, Eli lama zabakthani, agla, aglata, tetragranmaton, adonay, agios, otheos, ischiros, athanatos, eloim", etabar. Eta ez baitute deus konprenitzen, misterio espantagarriak kokatzen dituzte hitz horietan (laburtua). Gastagnegak manera ortodoxoa proposatzen du: Zeinuak jo, jendeak bil daitezen elizara: apezak sakramentua atera eta, argi piztuak haren inguruan, Salve Regina kantatuz eta misaleko otoitzak erraten ditu. Gero, Joanesen ebangelio erranik, gurutzea hartu eta joan hilarrietara edo hodeia biltzen ari den aldera, han Gurutzearen laudeak kantatu: ... "Salva nos Christe salvator per virtutem crucis, qui salvasti Petrumin mari miserere nobis, Ecce crucem Domini, fugite partes adversae" ... etabar. Eta behar izanez gero, hodeiaren aurrean gurutzea finkaturik ("puesta la cruz hincada contra la nube", sainduen litaniak erran. Horrela eginik ere Jainkoak zigortzen baditu, pazientzia, eta ez horregatik modu onei katolikoei utzi (laburtua). XVI. mendeko modu kanoniko horretaz, edo antzekoaz, egin izan da hodeiaren benedikazioa, oraintxe arte. Baina Castagnegak arbuiatzen zituen ez hain ortodoxoek ere iraun dute, herriak pagaturik preseski (Marliave): Ozkazen San Antonin 1895 arte, eta Larrun tontorreko kaperan 1897 arte: Mendekostez herritarrak beilaz joaten ziren euria eskatzera eta besta egitera. Kanonikoa zein heterodoxoa, apezek ekaitz deabruen kontra eginiko borroka epikoak egunean ere kontatzen dira Euskal Herri osoan. Hona ale bat. Ezterentzubin harri erauntsia, arada intzuten zen, arada. Hala erraiten duzie ziek ere? Harriaren azantza, harri erauntsia heldu delarik haren azantza, arada, kliskita klaskata, zur idorrez joka bezala da... zera, xalapartaren azantza egiten du. Eta arada hautemaiten zen, eta apeza eta beretiarra galdeginik, kanpoan, elizatik kanpoan otoitzean ari zen eta ur benedikatia botatzen eta latinez otoitz, hitz mirakuluzkoen erraiten, sakratiak, sekretuzko hitzak. Eta apeza (enfasia) izerdi uharretan! Eta beretiarra harritia hari so, eta hura ari zen bere zeretan eta: Ezarrak zangoa ene zangoaren gainean. Eta beretiarrak ezarri zien zangoa apezaren zangoaren gainean eta ordian ikusi zien Iturranburuko parrean Iturranburu mendi bat da, ezta, Ezterentzubiko mendi bat Iturranburuko parean ikusi zien hodeietan apeza borroka deabriarekin ari. Debria buztanarekin eta adarrekin eta guziak, e? biloekin eta. Eta deabriarekilan borrokan (enfasia) tira ahalarik! Eta ordian hartako zen apeza izerdi hola. Bistan dena: apezak irabazi zuen eta debria gibelarazi: ez zen jin harria, ez zen herriraino harria jin (Eñaut Etxamendik kontatua). Apezen erantzukizuna handia zen,Nafarroan Luzaide, Sakanan "conjurar era la carga que más rigurosamente pesaba sobre el cura, y se le criticaba si no lo hacía" (Satrustegi). Frantzian berdin zela kontatzen digu Sébillot ek (1968 I: 108). Alpeetan, XIX. mendeko hasieran, exorzisatzera behartzen zituzten apezak, eta biziki preziatuak ziren arrakasta biltzen zutenak; baina kasu huts egiten bazuten eta uztak harriak suntsitzen bazituzten! Anitzetan gertatuz geroz herritik joan behar zuen apezak. Normandiako "bocage"n, bortxaz eta mehatxuz konjurarazten zioten. Armagnac eko herri batean hogeitamar urtetan harririk ez zuen egin eta apezari esker zela zioten: biziki ospetsua zen, sorgina omen, ikusia zuten eta hodeiak herriaren gainean banatu eta bi aldetara joaten auzokoen uztak xehatzera, parrokiakoak hunkitu gabe. Arestian aipatu metodoak erabiltzen zituzten, gurutzea erakusten hodeiari, hostia ere bai: batek mehatxu egin zion lohitara botako zuen ez bazen deabrua baino azkarragoa. 5. Apez ekaitzegilea Sorgin diren bezala, apez ekaitzegileak ere izan omen dira, Frantzian ugari, Sébilloten arabera: Uste izan da apezek ekaitzaren uxatzeko ahala bai, baina egitekoa ere bazutela. Hainbat lekutan (Eure, Orne) zioten brebiarioak formulei esker zutela bertutea; erraiten zuten bala benedikatuaz tiro eginez hodeiari, hartan kokaturiko apeza botatzen ahal zela. Berry n kontatzen zuten horrela botatu apezaren sakelan babazuza pikorrak atxeman zituztela; beste behin, balaz zauritua, bele itxuran erori zela lurrera apeza. Sineste horretatik dator erran molde bat: zerua beltz eta ekaitzak mehatxatzen duenean "apezak eroriko direla" diote Frantziako iparraldean (Hainaut). Apezen ahal bikoitza ongi irudikatua da Oihartzungo istoria batean: Oihartzungo komentuko fraile bat eta erretora beti erasiaka ibiltzen ziren. Fraileak Iruñera joan behar zuen egunean "apezak konjuru egin zuen harri jasa frailearen bizkarrean eror zedin". Fraileak igarri eta zer egin zuen? Behi larru bat bizkarrean, apezaren sagastira joan zen,dena loretan zena, eta sagarrondo bakoitzaren azpian geratu zen: lore denak harriak suntsiturik izan ziren. Joan zen apezarengana eta: Zer moduz bidaia? Eta zer moduz sagastia? Horri inork ez ziok peatzen (Garmendia 1991) 6. Apez barregarriak: jaleak emaztezaleak Ugariak dira istorio antiklerikalak Euskal Herrian, kantuak ere bai: Apez emaztezalearen irudia Webster ek aurkeztu digu: senar emazte batzuek anderea kortejatzen duten bi apezez barre egin nahi dute, diru pixka bat ere atera, bide nabar; eta lortu egin zuten, bata gordea zen labea pizten. Sébillot ek kontatzen du nola "un curé surpris aux champs en conversation amoureuse, laisse sa culotte pour courir plus fort; un autre (...) se débarrasse de sa soutane pour se sauver plus aisément. Apez zozo inuxentea ere bada (Vinson, Webster), laborari maltsur batek "erbi mezulari eskolatua" saldu baitzion kario, bai eta jende hilak berpizteko errezeta. Apez jale tripazalea da beste irudi topikoa: benedikazio eta errogazioneak kari oiloak eta axuriak ematen baitiete, ez beti gogo onez, gizen irudikatuak dira. "Ventre de curé, cimetière de poulets" entzun dut Zuberoan. Sébillot ek, bere aldetik, entzun du "le dire béarnais "Sorcières et loups garous font manger des chapons aux curés" (...) d'où l'expression "Cemiteri de capous". Bizkaian esaten dute pezaren eltzea txikia baina ona dela. 7. Apez osagilea Irudi txar hori konpentsatzen du alderantzizko beste batek, Euskal Herrian oso zabaldua. Apezak jendeen larritasunen eztigarri eta eritasunen sendatzaile izan dira. Mendiben izan da erretor bat biziki otoitz erraile handia, medikuaren ezean apezarengana jotzen zuten jendeek kinka larrietan: Leskar irisartarra zen. Zugarramurdiko apezak ere izugarri famatuak ziren jendeak sendatzeko, eta inguruko jende anitz joaten zen ebangelioak irakur zekizkiela, liburuan, bistan dena. Beiletan irakurtzen zizkien apezek ebangelioak beilariei, eta gauza on anitz biltzen zituzten haien bidez, ez jakin apezen indarraz edo ebangelioenaz,edo bienaz. Salbatoreko beilan apezak mutuak sendatzen zituen eta deabruak ateratzen. Gizotxo edo banpiroetatik ere begiratzen zuten herria. En Normandia, au commencement du XIXe siècle, ils visitaient les cimetières la nuit pour s'assurer de la bonne conduite des défunts, et s'il apercevait que quelque damné allait devenir loup garou, ils ouvraient la fosse, coupaient la tête du cadavre avec une bêche neuve, eta allaient la jeter dans la rivière. Zerbitzu publikoa betetzen zuten, beraz, apezek. Baina dena iruzurra dela pentsatzen den momentotik hasten dira ordaintzeko arazoak: aspaldidanik uste baitute hori batzuek, aspaldikoak dira satirak. Horretarako ere beste batzuen sinestea behar da, bestela sistema ez da ibiltzen. Eta sinestunen istorien arabera, ongi merezitua da apezen lan saria, betetzen zituzten eginkizunak ez zirela arrisku gabekoak eta lan istripuak gertatzen baitziren. 8. Apez heroi salbatzailea Kaltegarritzat hartzen diren herensugearen eta basajaunaren garaileak dira apezak. Rol salbatzailea kario ordaintzen dute batzuetan, heroiak usu hiltzen baitira borrokan. Hona Bizkaiko kondaira bat: Orozkoko auzo batean gizon bat hil zen, ez omen zen biziki ona. Eta gero gauean agertzen zen gaztainondo baten gainean, dena su eta gar, oihu ikaragarriak egiten. Herritarrak ez ziren pozik eta eliz gizonei eskatu zieten zerbait egin zezaten. Fraile bati tokatu zitzaion agertuari aurre egitea. Joan zen, beraz, eta oihukariak galdegin zion hil eta jantzi zioten habitua ken ziezaion, harengatik infernuko oinazeak handiagoak ziren eta. Fraileak, kondenatua ez ikutzeko, kako batez kendu zion habitua. Gero etxera joan zen eta ez gehiago jalgi: ikaraz hil zen, odolak bihurturik. Kondenatua ere ez zen gehiago azaldu eta bake ukan zuten. Leku horri Kako erreka deitzen diote geroztik. Gauzak bikoitzak dira herri tradizioan, apezak edo fraileak berak bezala, badira irringarriak, badira heroiak, herria monstruotik begiratzeko beren biziaz ordaintzen dutenok: heroien arteansartzen ahal da Kakoerrekako frailea. Anuntzi Arana, antropologoa. Euskonews & Media 50.zbk (1999 / 10 / 15 22) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria