5 Zenbakia 1998-10-09 / 1998-10-16

Gaiak

Lope de Agirre, Oñatiar ameslari goiztiarra

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Lope de Agirre, Oñatiar ameslari goiztiarra Lope de Agirre, Oñatiar ameslari goiztiarra *Traducción al español del original en euskera Josemari Vélez de Mendizabal Auskalo zer den egia Lope de Agirre zenaren inguruan esaten denaz. Izan ere, Ameriketako abentura odoltsu hartan oñatiarrak eragindako esames, ipuin eta leiendak oro gizakiaren irudimen jostalariak eraikitako zutabe hondartsuak bezalakoak dira, salbuespen bakar batzuekin. Amerikar historiak Lope de Agirreren gisako abenturazaleak ere behar zituen, hainbat eta hainbat beltzune aitorrezinak estali ahal izateko. Irabazleek idatzitako kronikek, gehiegikeria eta keria guztiak nori egotzi behar dute izan, osotasunaren ikurra garbi gera dadin. Horrela gertatu da beti, gerra eta auzi guztietan, eta, bestela, aztertu gaurreguneko gerra eta liskarrak, sakrifikatuen artean erakusgairen bat aurkitzeko, alde bateko eta besteko guztien hasarre eta madarikazioak jasotzen dituena, bi aldeetako gehiengoaren errakuntza salbatzearren. Ameriketako abentura, ezin uka, abenturazaleen eskutik garatu zen eta inork ezin zezakeen espero, han, botere politiko eta finantzailearengandik milaka kilometrotara, giza grinak garaiko moral eta teoria katolikoen parametroetatik neurtuak izango zirena. Nola hartu behar dira Hernan Cortés, Francisco Pizarro eta gainerako abenturazale haien "heroizitateak"? Ez al dute horiek, Lope de Agirreri leporatu zaion anker izatearen ospea merezi? Agian, oñatiarrari akats (edo bertute?) bakar bat egotz lekioke, hau da, bere sentimenduak argi eta garbi azaltzea, batere azpijokorik gabe, espainiar errege zenari, Felipe II ahaltsuari, abentura guzti haren gezurra aurpegiratuz. Hortxe erakutsi zuen Lope de Agirrek bere linea zuzena, nahiz eta horretarako onartu behar da jarduera oker eta ezlegez baliatu zen. Munduak, hala ere, berriz diot, ez du bere betartea ezertan aldatu azken bostehun urteotan, mundu zahar hau guk gizonok egiten baitugu eta, antropologo batek orain dela gutxi esaten zuen bezala, pentsatzekoada leizeetako gizakiaren eta geure adimenen artean oso diferentzia txikia dagoela. Grinei dagokienez, betikook bide gara. Inperioak denetariko beharrak zituen. Lanabesak, makinak, animaliak... eta baita gizon emakumeak ere. Haiei kalitatea eskatzen zitzaien, hots, euren betebeharra burutzeko gutxieneko baldintza tekniko eta estrategikoak. Itsasuntzietarako iristen ziren animalia arrazoidunei, berriz, ez zitzaien jatorria eta nortasuna exijitzen. Denak balio zuen, itsasoz bestaldekoen ebangelizazioa baitzen helburu nagusia, eta ezpataren bidez indio fedegabeen gaineko garaitia ziurtatua zegoen. Inperioko morroei nahikoa zitzaien, beraz, armen indarra, gurutzearen izenean erabilia, hori bai. Salamankako katedretatik aldarrikatutako ikasgai etikoek, katolizismo itsugarriaren dirdirapean, Felipe II.aren agindupeko konkistaren historia beltza zuritzen zuten... ia bere osotasunean. Baina, urrezko arauei jarraiki, irabazleen izpiritu orosuntsitzaileak bere kidekoen artetik biktimak aukeratu behar zituen, sakrifizio publiko batean garaipen higuingarriaren zuriketa faltsua antzezteko. Lope de Agirre traidore izan zen, baina ez besteek esaten dugulako, berak horrela izenpetu zuelako baizik, Felipe II.ari zuzenduriko eskutitzean. Seguru asko, espainiar erregeri sekula helduko ez zitzaion gutun salatzaile eta kontraesanez beteriko haren bitartez, oñatiarrak gainerako abenturazale guztien artetik bere burua nabarmentzen du, oharkabez nonbait, dimentsio zintzo bat eskainiz. Bere krudelkeriaren errepontsablea egitean, eroen gardentasuna erakutsi zuen, batere konplexurik gabe. Beranduago, Bolivar edo San Martin "askatzaileei" egozten zaien duintasuna erokeria bihurtzen da Lope de Agirreren kasuan. Nik, ordea, ez dut azken bi horien eta oñatiarraren arteko diferentzia antzematen, hirurak izan baitziren euren sentimendu abenturazaleen preso. Bik zorte gehiago izan zuten eta, euskaldunaren metodo berdintsuak erabiliz, helburura ailegatu ziren. Lope de Agirrek goizegi ekin zion bere ametsari.Eta kalkuluetan huts egin zuen. Josemari Vélez de Mendizabal, idazlea.