Herri Irratia: iragana eta etorkizuna Herri Irratia: iragana eta etorkizuna *Traducción al español del original en euskera Txema Auzmendi Iragana; historia laburra Bi zati nagusi bereiz daitezke Herri Irratiaren historian: bata, hasierakoa, hots, Francoren diktaduraren garaikoa eta, bestea, Francoren diktaduraren ondotik gaur artekoa. Herri Irratia (H.I.): Francoren diktadura garaian Loiolako H.I. 1961. urteko otsailaren 2an sortu zen, hasieratik bertatik Jesusen Lagundiarena izan delarik. Ez horrela Donostiako H.I., 1962ko abuztuaren 15ean sortu baitzuen Elizbarrutiak eta, urte batzuk pasa ondoren, Lagundiari eskaini zion eta honek onartu. 1970eko abenduaren 25eko kontuez ari gara. Historia honetan ezin aipatzeke utzi zenbait egun seinalatu: 1) 1965eko uztailaren 26a, holakoan itxi egin behar izan baitzen Loiolako H.I, agintarien aginduz eta urtebete beranduago (1966 07 31) berriz ere emititzen hasi zen. 2) 1977ko martxoaren 27a, egun honetan "24 ORDUAK EUSKARAZ" ekitaldi paregabea burutu baitzen, Euskal Herriko irratien historian egun aipagarria bihurtuz. Egun osoan zehar euskara hutsezko trasmisioak egin ziren estrainekoz gure artean. 3) Pixkat beranduago, ekainaren 2an, Loiolako H.I.ak Itxumendin zeukan emisorean lehergailu batek eztanda egin eta ixil arazi zuten gure irratia, 15 egun igaro eta euskal herritarrek emandako diruari esker berriro ere lanean hasi zen arte. Francoren diktadura garaian H.I.k jakin zuen oztopo eta zailtasun handien artean bere mezua ( humanista kristaua, elebitakoa edo bilinguea eta kritikoa) azaltzen eta zabaltzen, ondorio latzik ekarri bazion ere ( aipaturiko Itxumendikoa, isun ugari e.a.) eta aldi berean herritar askoren estimua ere bai. Herri Irratia: Frankoren diktaduraren ondoren gaur arte Bi puntu eta zenbait datadura bildu nahi nuke zati honetan: batetik, urte batzutan COPErekin egindako nolabait esan elkarlana eta, bestetik, COPErekin hautsi eta geure ibilbidea erabat autonomoa hastea ( azaroaren 1ean 5 urte beteko dira!).COPErekin egindako elkar lanaz, labur labur, hauxe esanen nuke: gure mezua eta COPEk gure antenatik aireratzen zuena sarri hain kontrajarriak ( bai Elizbizitzari zegokionez: COPEtik Euskal Herriko gotzain eta apaiz batzuen aurkako iritzi eta hitz gogorrak eguneroko bazka genuen, geuk onartzerik ez genuena; bai politika arloari zegokionez: COPEk ABC egunkariaren jokaera ekarri zuen irrati mundura, gizarte giroa zakartuz eta txartuz; eta bai kultur arloari zegokionez: euskera eta euskal kulturaren aldeko zenbait ekimen eta ekitaldiak irainduz eta gutxietsiz) ziren, ez genuen horrela aurrera egiterik gure artean eta gure entzule askorengan nolabaiteko "eskizofrenia" eta bestelako "patologiarik" sortzen lagundu nahi ez bagenuen. Hau guztia gogoan hartuz, eoera ekonomikoa aztertu eta lankideen ustea jaso ondoren, Lagundiak COPErekin apurtzea erabaki zuen, honek oso ondorio latzak ekarriko bazizkigun ere. Bost urteotan bi berregituraketa egin behar izan ditugu, dozena bat lankide COPEra pasa araziz edota kaleratuz. Erabaki zailak, erabaki mingarriak, ezinbestekoak baina, geure irrati propioa eduki eta aurrera atera nahi izanez gero. Guzti honetan Jesusen Lagundiaren babesa eta laguntza oso garrantzitsuak izan dira. "Nori berea, euskal legea" dio esaera zaharrak. Bihoakio, bada, lerro xume hauetatik gure eskerrona LOIOLA Probintzia jesuitikoari bere eskuzabaltasunagatik. Datu osagarri batzuk: 1) COPEtik apartatzeak ez digu entzuleen kopurua jaisterik ekarri, zorionez. Inkesta ezberdinen arabera, 50.000 eta 60.000 bitarteko izan da azken urteotan . Beste hitzetan: Gipuzkoan entzuten diren irrati komertzialen artean batzutan ( 07.00etatik 15.00etara) lehendabiziko tokia ere lortu dugu arestian.2) HERRI IRRATIAn ( Donostia eta Loiola) egun 30 lagun ari dira kontratu tinkoarekin eta beste 70 kolaborazio mota ezberdinetan. Etorkizuna HERRI IRRATIAren etorkizuna Herri honi egiten dion eta egin diezaiokeen zerbitzuari loturik dago. Zernolako zerbitzua? Batetik, zuzentasuna eta gizaeskubideei dagokiena, batez ere bakegintza esparruko lana, eta bai eta elkartasunari dagokiona ere; bestetik, gure programazioan oso gogoan dugu inkulturazioa, euskera eta euskal kulturari toki dexente eginez ; eta, azkenik, kutsu edo ikutu humanista nabarmenduko nuke. Programazio berriak zerbitzu eta erronka eder honi erantzun nahi dio. Geroak esango asmatu dugun ala ez. Txema Auzmendi, Herri Irratiko Zuzendariordea.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.