Euskara komunikabideetan, italieraren edo irlandesaren ereduraino? Euskara komunikabideetan, italieraren edo irlandesaren ereduraino? *Traducción al español del original en euskera Javier Díaz Noci Argi dago komunikabideek hizkuntzak bateratzeko eta arautzeko izan duten eta duten garrantzia. Horrek ez du esan nahi, jakina, ibilbidea erosoa denik. Horixe ere bada, hain zuzen ere, gaurko erronka kazetaritzaren euskarari dagokionez: naturaltasuna lortzea, zuzentasuna, estandarra eta, azken batean, artifizioa (artez eta teknikaz egindako gauza bat baita kazetaritza, eta artifiziorik onena, irakurleak, entzuleak edo ikusleak nabaritzen ez duena) alde batera utzi gabe. Ez dago, nire ustez, gehiegi kezkatzeko ziorik. Jakina, ez dugu, gainontzeko hizkuntzetan bezalaxe bestalde, guardia jaitsi behar. Hor ditugu, noizbehinka, hainbat filologoren abisuak, kazetarion (eta komunikabideen) erantzukizuna gogoratzen dizkigutenak; espainiarrek hitz eta berbetan gezia jartzen duen Lázaro Carreter baldin badute, guk ere euskara batuaren ajeak salatzen dituen Ibon Sarasola badugu. Arrazoia dute biok hedabideetan gehiegitan irakurri, entzun eta ikusten diren akatsak salatzean, baina egia ere bada kazetariek egunero eta momentu oro, asti askorik gabe, hizkuntzaren erabilerari soluzioak eman behar dizkiola. Neologismoak eta teknizismoak noiz eta nola erabili, barietate dialektalei (gure kasuan euskalkiei eta tokian tokiko hizkerei ere) beren lekutxoa ematea, estilo ulergarri eta zuzen bat egitea, adibide batzuk baino ez aipatzearren, ez da txantxetako gauza. Harrigarria bada ere gure artean, non akordioak ez dira (zoritxarrez) oso maiz inondik ere agertzen, hizkuntza kontuetan, Hegoaldean behintzat, euskara batua erabat onartuta dago eta erabiltzen da. Hizkuntz barietate gaztea gure estandartxo hau, gogora dezagun: ezin eska diezaiokegu gure batuari 30 urtetan egitea alboko beste hizkuntza batzuek hainbat mendetan egin duten bidea. Gauzak, lasai egon, ailegatuz gero, bere garaian ailegatukodira. Hainbat gauza falta badira ere, gure estandarra abian da eta, Euskaltzaindiak behin eta berriz errepikatu duenez, erabilera landuetarako den barietate komun honek eguneroko presentzia badu. Eta presentzia hori komunikabideek, kazetariek azken buruan, ziurtatzen dute 1970ean Anaitasuna aldizkarian batueraz idatzitako lehen testuak agertu zirenetik. Gaur egun, Euskaltzaindiak ere etengabe gogoratu duen aholkua betetzeko eta hitz hutsean geldi ez dadin praktikara eramateko orduan aitzindariak ditugu komunikabideak: haiek ere euskara ona diren euskalkien presentzia ziurtatzen dute. Hainbat eta hainbat tokian tokiko aldizkari, irrati eta telebistetan, gehienetan batuaren aldeko apustua alde batera utzi gabe, bertako barietateak berreskuratzeko ahalegina egiten ari da. Lehen begiradan euskara batuaren aldeko mugimendu zentripetoaren kontrakoa eman lezake herri bateko euskalkiaren aldeko mugimendu honek, batuarentzako zentrifugo alegia. Baina, ondo begiratuta, oraingoz behintzat ez da: bi ahalegin horiek, askotan elkarren gehigarriak eta osagarriak izan daitezkeenak, azken batean estandarizazioaren alde ari dira lanean. Bertako barietateak bultzatzeko nahi izate hori behar bezala burutzeko, bertako hizkera kodetu eta arautu egin behar da, ez dago beste erremediorik. Dena ez da, ordea, arrosa kolorekoa, edo berde esperantzakoa. Badago problema, aje eta oztoporik. Esate baterako, hainbestetan aipatu izan den erdararekiko menpekotasuna. Hobe esanda, erdarekiko menpekotasuna, Hegoaldean espainolarekikoa eta Iparraldean frantsesarekikoa, eta nire kolkorako galdetzen dut ez ote den han hemen baino handiagoa, ez ote ditugun piska bat paternalismoz edo anai arreba txikiak bailiran ikusten gure iparreko hizkuntzakideak. Ahoskera ere, ikusentzunezko hedabideetan, erabaki beharko da. Garatu behar den naturaltasun horretan euskalkiek badute zer esanik. Ez dakit posible ote den edozein azentu eta ahoskera erabiltzea euskara batuan. Agian, beste hizkuntza askotan gertatu den bezalaxe,bat bakarrik suertatuko da garaile. Baliteke Beterriko gipuzkerarena ezartzea, bai baitirudi horixe dela orain arte gure irrati telebista nazionalean gehien zabaltzen ari dena. Nork daki. Euskara batua hizkuntza bizi bat bihurtzeko ibilera honetan, denbora kontua besterik ez delako esperantza daukat: hor dugu italieraren kasua. Italiera estandarra toskano literarioan oinarrituriko hizkuntza nahiko artifiziala zen, joan den mendean italiar kulto gehienek erabilera jasoetarako ibiltzen zutena, baina kalean, familian eta lagunartean dialettoz mintzatzen ziren. Hala ere gaur egun gero eta italiar gehiagok erabiltzen du italiar estandarra, l'italiano della radio alegia, hizkuntza bakar gisa; zergatik ez da gauza bera gertatu behar gure batuerarekin?. Ezibestekoa zaigu integrazioa eta elkarbizitza. Hizkuntzen elkarbizitza eta, batez ere, hizlarien eta gizakien elkarbizitza. Badakit oso utopikoa edo, nahi baduzue, inuxentea izan naitekeela hau esatean, hala ere esan ere esan behar dut: euskara, benetako komunikaziorako tresnatzat har daitekeen beste edozein hizkuntza bezalaxe, gizarte baten hizkuntza izan behar da. Beste modu batez esanda: Euskal Herriko guztiek (euskaldunak edo, behintzat, elebidunak izan beharko luketen horiek; hezkuntzari esker, horretara goaz) eta, harrigarria badirudi ere, euskaldun guztiok ere, gure gurea sentitu behar dugu euskara. Ez naiz hizkuntzaren balio sinbolikoaz ari. Eta ez naiz, jakina, militantismoz ari. Beste garai batzuetan ziur aski baliagarria izan zen hori gaur ere ez da, nire uste apalean, gure bidaian beti lagun onena izango. Nire ezjakintasunean, bi bide ikusten ditut euskararentzat. Bat eredu italiarra da, lehen aipaturikoa. Bestea da eta aspalditxotik Koldo Mitxelenak arrisku horren berri eman zuen beste gauza batzuetan horrenbeste miresten gaituen Eireko kasua. Inoiz baino hobeto omen dago irlandesa: ofiziala da, eskoletan irakasten da, guztiek ezagutzen dute eta gauza dira erabiltzeko, berezko hizkuntzarekiko atxekimendua inoizbaino handiagoa da. Inoiz baino gutxiago, ordea, entzuten da irlandesa Dublingo kaleetan. Ez dezagun geure burua engainatu: erakundeen laguntza, erabaki eta ahalegin guztien ondoren, hizkuntza bat bizi edo hilko da hizlariek nahi duelako. Javier Díaz Noci Eusko Ikaskuntzako Komunikabide Saileko presidentea eta Basque Fellow Oxford en
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.