3 Zenbakia 1998-09-25 / 1998-10-02

Media

Udal irratiak EAEn: ahuntzaren gauerdiko eztula

MONTERO, Patxi

Udal irratiak EAEn: ahuntzaren gauerdiko eztula Udal irratiak EAEn: ahuntzaren gauerdiko eztula *Traducción al español del original en euskera Patxi Montero Artikulu hau nostalgiko batek idatzia da. Izan zitekeenaren eta izan ez denaren kronika. Ametsek itsuturik proiketu biziak eraikitzen ziren garai erromantikoen epitafioa. Askatasunaren, bizitasunaren, gizarte dinamikaren, pluraltasunaren sinonimoa izan da irratia. Horregatik, herri bakoitzak bere irrati lokala izateko aukera arautuko zuen legea onartzear zegoela jakin genuenean, ametsa sendotzeko unea ikusi genuen aurrean. Batzuek sinistu genuen itxitako irrati libreen lekua beteko zutela irrati lokalek; zentsuratutako mugimendu haren izpiritutik edan eta proiektu sendoago baten atarian geundela, babes legalaren eta antolaketa arrazionalago baten bermeaz. Inozoak! Dinamizazio tresna hura berpizteko azken ahalegina, irrati lokal legalak hedatzeko itxaropena, hutsean geratzear dago. Ezer aldatzen ez bada, ezinean geratu zen ahalegin apal bat bezala gogoratuko da irrati publiko lokalen historia. Zorioneko Dekretua etorri zen, kostata etorri ere (estatu mailan lehenik, Nafarroan gero, eta urte eta erdi beranduago EAEn), baina ez zen etorri irratiak loratzen laguntzera. Ezta gutxiagorik ere. Legea mugatzailea da oso. Hain da mugatzailea, EAEko hainbat herritan irratia sortzeko edo irrati txikiak indartzeko ziren proiektuak, horretan geratu dira, gauzatu gabeko asmotan. Dekretua onartu zenetik ez da irrati lokal publiko berririk sortu. Eta lehenagotik martxan edo eratze bidean zirenen artean, batzuk mutu daude, beste batzuk eskolaren bati lotuta jarraitu dute, bat edo beste irrati komertzial pirata bihurtu da… Baziren orduan EAEn dozena erdi bat irrati, udal erakundeek babestutako irrati lokal publiko sendoak izateko asmo serioa zutenak. Zertan dira gaur? Udalengandik sortu zirenak noraezean dabiltza, sortu duten zerbitzuarekin zer egin ez dakiten udal gobernuen pasibitatearen menera, hil artean bizi, hutsaren hurrengooihartzun sozial eta entzulego mailak dituztela, aurrera gabe atzera, mirariaren edo atea behin betirako itxiko duen udal aginduaren zain. Beste bi, ordea, Durango Irratia eta Bermeoko Itsuki Irratia, hobeto dabiltza, baina abiapuntua ere ezberdina da. Ez dira udalaren magalean sortutakoak. Bi hauek irrati libreak ziren aurretik, zerbitzu publiko izan nahian udalaren babesa lortu dute gero, baina beraien martxa autonomoa eta jende talde bultzatzailea daukate atzetik. Ez dira jadanik "irrati libreak", nahiko estandarrak baizik, baina sikiera irrati biziak dira. Adierazgarria. Herritarra vs. instituzionala. Gainbehera honen zergaitia ulertzea ez da zaila. Gobernu Zibilak irrati libreak ixten zitueneko garaietatik barneratuta daukagu nonbait garantiaz eta itxieraren beldurrik gabe irrati serioak sortzeko, legezkotasunaren bedeinkapen guztiak behar ditugula. Gaur, irrati lokalak legez egiteko esparru bakarra udal irratien legea da. Eta legeak dio, udalek zuzenean gestionatu eta gidatu behar dituztela irratiok. Puntu honetan, besteak beste, lau arazo sortzen dira: BAT. Udal gehienak ez daude irrati baterako inbertsioak egin eta langileen kostuaren kargu egiteko moduan. Baldintza hau erabakiorra izan da, hasiera batetan udal agintarien artean ondo hartutako hainbat proiekturi atea ixteko orduan. BI. Gauza bat da talde batek zerbitzu publikoa izateko bokazioa duen irrati bat antolatu nahi eta udalari babesa eskatzea, eta oso bestelakoa da udalak berak gestionatzea. Irrati bat sortzea baino, hamaika premia nabarmenago aurkituko ditu udal batek sosak gastatzeko. HIRU. Udal gobernuaren eskuetan dagoen irrati bat ez da komunikabide libre bat, panfleto bat baizik. Helburua hori bada, konforme, aurrera, baina dudatan jarriko nuke proiektu horren arrakasta. LAU. Eguneroko martxan, administrazioa eta komunikabideak bateraezinak dira. Komunikabide batean erritmoa bizia da oso, baita herri komunikabide batetan ere, erabaki asko segundutan, edo asko jota egunean bertan hartu behar dira.Beste aldean, guztion ahotan da jauregiko gauzak zein motel doazen. Komunikabide batek ezin du aurrera egin administrazioaren lojikan murgilduta. Ez da posible (eta ez dut alferrik esaten. Neronek nozitu behar izan dut). Muga hauek ez dira gutxi, baina ez dira guztiak. Oraindik gehiago dago. Dekretua onartu aurretiko eta ondorengo garaietan, irrati lokalen munduan genbiltzanok hainbat alditan bildu ginen eta luze hitzegin genuen gure artean. Nor bere esperientzian oinarrituta, guztiok inpresio bera genuen: Jaurlaritzak ez zuela udal irratiak bultzatzeko batere asmorik. Ez lege mugatzaile horregatik bakarrik. Udal irratien inguruko kontsulta guztiek erantzun magiko berdina jaso zuten Kultura Sailarengandik: "EZ". Horixe zen hitz magiko omnipresentea. Ezintasunak edonon. Trabak edonon. Eta halaxe hartu genuen, gure irrati proiektuak aurrera ateratzea borroka bat bihurtu zen. Jarrera hermetiko hari interpretazio posible bakarra aurkitu genion: telebista lokalen kasuan Jaurlaritzak ez zuen tresnarik hedatzen ari zen fenomenoari altorik emateko, egoera ez baitzen ilegala, alegala baizik (ez zegoen legerik), eta bazirudien irratien kasuan ez zuela aukera galdu nahi euskal informazio publikoaren monopolio sakrosantua bere horretan gordetzeko. Arrazoiak arrazoi, kontua zera da, udal irratien Dekretua irrati lokalen garapenari atea ixteko eta daudenak desagetze bidean jartzeko bide eraginkorra suertatu dela. Eta orain zer? Badirudi jarrera instituzional itxi hori aldatu egin dela nonbait azkenaldian. Berandu da, ordea. Irratiaren garaia, pasa da. Gizartean, herrietan, giza mugimenduen artean ez da somatzen irrati lokalak sortzeko edo daudenak suspertzeko gogo berezirik. Irudiaren garaian bizi gara orain, telebistaren garaian. Teknologiaren garapena medio gero, eta samurrago eta merkeagoa da telebista bat martxan jartzea. Gaur, giza talde aktiboak telebistari begira daude. Irratiei itxi zitzaien bidea telebistek bete nahi dute, eta beteko dute, alajaina. Telebista lokalen legea,gainera, alde daukate, nahiko lege irekia baita, udal irratiei dagokiena baino askoz irekiagoa. Beste kontu bat da zer eskaini behar duen telebista lokal batek, ze preziotan, eta eskaini behar duenaren zati nagusia askoz merkeagoa den irrati batek ez ote lukeen beteko. Ni baiezkoan nago. Baina bizi garen momentuan bizi gara eta, irudia edukita, irratia out geratu da. Hala ere, irrati lokal bat sortu nahi duenari zer esan? Egin dezala, udalaren babesa lor dezala, elkarlanerako harreman ona eta intentzio ona gorde dezala, baina funtzionamendu praktikoan urrun dadila berarengandik, banpiroa gurutzetik bezala. Eta ez dadila legaltasuna kezka nagusia bilakatu; ez dute itxiko. Alderantziz, jar dezala esfortzu handiena benetako komunikabide zabal, praktiko, hurbil eta herritarra eraikitzen, herrian oihartzun sendoa lortzen. Irratiak emandako zerbitzua baloratzen den neurrian irabaziko du babes soziala. Hau irabazita, orduan da proiektuarentzat babes legala bilatzeko ordua. Patxi Montero, kazetaria