Euskal Herriko komunikabideak: bat bateko ustekabeak normalean gutxi mugitzen den panoraman Euskal Herriko komunikabideak: bat bateko ustekabeak normalean gutxi mugitzen den panoraman *Traducción al español del original en euskera Javier Díaz Noci Aurtengo erdialdean, ohi bezala bestalde, sorpresa gutxi gertatu dira Euskal Herriko komunikabideen panoraman. Eguneroko prentsan titulu berdinak zeuden eta salmentak berdinak zituzten. Gailurrean, nola ez, Grupo Correoko egunkariak, El Correo nagusi nagusi Bizkaian eta Araban batzuek espero ez bezala El Periódico de Álava merkatuan manendu bada ere eta El Diario Vasco berdin Gipuzkoan. Urrun samar, kutsu politikoa dela eta edo, bere merkatu kuota mantenduz hala ere, Deia eta Egin. Uztailean, aldiz, bat bateko ustekabeak gertatu dira, inork gutxik espero zituenak. Lehenik eta behin, El Periódico de Álavako zuzendaria zen José Manuel Alonso kazetari trebatu eta ezagunak kargua utzi egin du. Badirudi urte askotan Araban egindako egunkari bakar gazteak, oraindik bigarren urtebetetzera ailegatu ez denak, lehen krisialdia sufritu duela. Udako oporretatik bueltan, agian, aldaketa nabariak ikusiko dira, kurtso politikoa hastapenekin eta urriko hauteskundeekin batera. Baina ustekabe handienak Egin eta Egin Irratiaren itxierak izan dira. Batez ere epaile baten aginduz izan direlako. Uztailaren erdian gertatu zen, eta badirudi, lerro hauek idazten ditugunean, luzerako doala itxiera. Administrazio Kontseiluko kideak kartzelan, zuzendaria bera den Jabier Salutregi ere bai, bi komunikabide horien egoitzak prezintatuta eta langile guztiak kale gorrian, lehen Orain eta gero Ardatza enpresetako produktuak berriro argitara irtetzea zaila izango da. Falta da jakitea ezker abertzalearen aldeko beste komunikabide egunerokorik aterako den, eta, batez ere, oraingoz neurri kautelarrak behin behinekoak, beraz behin betikoak bihurtuko diren edo ez. Iritzi gehienak zuhurrak izan dira, eta ez da falta Garzón Madrilgo Entutzutegi Nazionalekoepaileak gehiegizko neurria erabaki ez ote duen galdetzen duena. Hor dago eztabaida: adierazpen eta informazio askatasunak kolokan dauden edo, askatasun guztiak bezalaxe, mugak dituzten eta Eginekoek gainditu ez ote dituzten. Beste ustekabe bat uztailean: Nafarroako Gobernuak irrati frekuentziak banatu ditu, eta berriro ere Iruñean euskara hutsez emititzen duen irrati bakarrari ez diote ezer eman. Euskalerria Irratia frekuentziarik gabe gelditu da, nahiz eta euskarazko irratia ere baden Xorroxin Irratiak, Baztangoa alegia, frekuentzia bat jaso duen. Dudarik gabe, Euskalerria Irratiaren egoera kezkagarriagoa da erabaki honen ondoren, eta euskararentzako berri txarra da. Bestalde, gauza guztiek bere horretan segitzen dute. Egunkariek irakurleak galtzen dituzte, edo, hobeto esanda, ez dute irakurle gazterik lortzen. Joera hau aspaldikoa da beste lurralde batzuetan, Estatu Batuetan eta Europako hainbat lurraldetan, hain zuzen ere. Badirudi hona joera horiek beranduxeago ailegatzen direla, baina kezkatzeko ordua iritsi da. Belaunaldi berriak ohituago daude telebista bitartez informatzeko. Eta panorama nazioartekoan ere kezkak publiko egin dira: hor ditugu Giovanni Sartoriren Homo videns edo Ignacio Ramoneten La tiranía de la comunicación liburuak. Irudirik ez duten informazioak ez omen dute ezertarako balio, eta horrek komunikabideen arteko lehiak gero eta handiagoak, krudelagoak egin ditu. Hori, jakina, publikoaren kalterako da. Badago komunikabide elektroniko berrietan bere esperantzak jartzen dituena. Euskal Herrian ezin gara oso baikorrak izan: orain arte kontsulta daitezkeen produktuak nahiko nbeldurtiak dira. badago salbuespenik: Bitniks Bilboko aldizkari elektronikoak bere bertsio inprimatua alde batera utzi eta ziberespaziora joan zen. Sorpresarik handiena, eta pozgarriena agian, Argiaren apustua izan zen: CD ROM egiteaz gain, webgune interesgarri bat prestatu du. Hor aurkitu daitezke, besteak beste, bere bizitza osoan argitaratutako elkarrizketa guztiak. Bertsiotradizionalari balio erantsia ematea, ez dago beste erremediorik. Pausu zuhurrak ematen ari dira zenbait egunkari ere: aipagarriena, El Diario Vasco, El Correo baino. Gainontzekoen kasuan, ezer ez: Iruñeako El Diario de Noticias badago, Deia ez, Iparraldekoak ere ez, Egin ez zegoen eta horren itxieraren ondoren atera den Euskadi Información egunkaritxoa sarera pasatu da lehen momentutik. Behin behinekotasuna badago, jakina. Gauzak horrela, badirudi Euskal Herriko merkatua, enpresek hala nahita behintzat, apenas mugitzen dela. Kanpotik dator mugimendua: hor dago gakoa, nork eta nola beteko duen Eginek utzitako hutsunea.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.