
Artisautza
Jesus Mª Arsuaga. Xarea: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Xarea 3 atalek osatua dela esan daiteke: kanpoaldeko zurezko uztaia, barneko sokak eta giderretakoa.
Gaztainondo edo hurritz adar bat da oinarria; 1,3 m-ko adar zuzen bat hartzen da, bi urteko enbor batetik moztua, mendian. Gaztainondoa bada, urritik urtarrilera bitarteko hilabeteetan mozten da, ilbehera denean; eta hurritza bada, garai berean, baina ilgoran. Ur berotan sartzen da adarra, bigun dadin eta hautsi gabe tolesteko moduan geldi dadin, eta forma ematen zaio, bi aldeak lotuta. Gero, lehortzen edo finkatzen utzi behar da, urtebete inguru.
Denbora hori igarotakoan, soberako atalak kentzen zaizkio, azala kentzen zaio eta leundu egiten da, inguru guztia lodiera berekoa gelditu arte; gero, lizatu eta bernizatu egiten da.
Amaieran, honako neurri hauek eduki behar ditu: 58 cm-ko luzera, eta 16-8 cm bitarteko barne-zabalera, 5º-ko makurdurarekin.
Egurrezko egiturak 130 bat g-ko pisua izaten du.
Gazteentzako bada, 54 cm izaten da luze.
Ondoren, giderra egiten zaio, arkuaren zati hori soka gogor batez bilduta.
Gero, soka ezartzen da; bi motatako sokak. Hasierakoetarako edo perimetraletarako soka gogorragoa erabiltzen da, “traila” deritzona; 2-3 buelta egiten dira barne-perimetro guztitik. Soka hori 11 gunetan lotzen zaio egurrezko euskarriari.
Soka horretan barne-soka jartzen da gero, amaraun baten modura; barnerako soka hori kotoizkoa izaten da, eta, beraz, malguagoa.
Orotara, hauxe behar izaten da: 0,8 m traila, euskarrietarako; 3,5 m, barneko bueltetarako; eta 5,5 m, giderrerako. Kotoizko soka, berriz, 8 metro.
Xare osoak 160-170 g-ko pisua izaten du.
Aipatu beharra dago garai baten ez zutela xarean trinketean jokatzen, frontoian baizik, eta, horregatik, xare palak estuagoak eta luzeagoak zirela, palanka-efektua hobeto egiteko.
Argentinarrak munduko lehen txapelketara etorri zirenean, beren erraketak ekarri zituzten, laburragoak eta zabalagoak, trinketerako egokiak. Erraketa haietako batzuk hemen utzi zituzten, eta, hemen, eredu hura kopiatzen hasi eta bertan behera utzi zuten eredu zaharra; harrezkero, gaur egun erabiltzen diren motakoak egin izan dira.
Larruzko pilotarekin jokatzen da; 55 mm-ko diametroa eta 80 bat g-ko pisua izan behar ditu pilotak.
Jesús Marik dioenez, lehiaketako partidetan ez da komeni estreinatu gabeko xarea erabiltzea; izan ere, kotoiak apur bat emanda, finkatuta eta ez oso tenkatuta egon behar du, baina, era berean, ez du izan behar oso tresna erabilia, hala izanez gero soka emanegi egongo baita. Oreka bilatu beharra dago, erabilia izan dadin baina emanegi egon ez dadin.
Soka hautsiz gero, xarearen soka osoa aldatu beharra dago.
