493 Zenbakia 2009-07-03 / 2009-07-10

Artisautza

Jesus Mª Arsuaga. Xarea: Historia

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Historia apur bat

1919 edo 1920 inguruan, Aramako José Jáuregui zegoen Iruran apaiz, eta Argentinako iloba bat etorri zitzaion bisitan herrira. Ilobak azaldu zion Argentinako euskaldunak trinketean aritzen zirela pilotan, xare zeritzonean. Apaizak pilotarako zaletasun handia zuen, baina ez zuen modalitate haren berri. Azkenean, ilobarekin xareak egiten ikasi zuen apaizak, eta horrela hasi ziren Iruran xareak eta izen bereko joko-modalitaterako pilotak egiten.

Antzina, “argentinar erraketa” ere esaten zioten tresna horri.

Garai hartan, elizako arkupeetan hasi ziren gazteak pilota-modalitate horretan.

Apaizak neska talde bati ere erakutsi zion jokoa. Neska haietako batzuk profesionaletara iritsi ziren.

José Ameztoy, Iruritan jaioa bera (Nafarroa), Irurara joan zen bizitzera, eta xareak egiteko sistema ikasi zuen José apaizarengandik. Apaiza 1942an hil zen.

José Ameztoyren seme bat, Gregorio, kirolzale amorratua atera zen. Gaztetan, futboleko jokalari profesionala izan zen, eta, adina iritsi zitzaionean, xarean hasi zen, zaleen mailan, baita paletan ere, larruzko paletan. Munduko I Pilota Txapelketan, xarean jokatu zuen, Donostian; 1952a zen. 1958ko munduko txapelketan, Iruñean, larruzko paletako modalitatean jardun zuen.

1956 inguruan xarean jokatzeari utzi zioten Iruritan, tresnarik (xarerik) ez zegoelako, batik bat.

Bitxikeria gisa, esan dezagun herri hori dela xareari eskainitako kale bat duen bakarra.

1970eko munduko txapelketari esker, gure artistauak, Jesús Mª Arsuagak, berriro xareak egiten hastea erabaki zuen; hala, 15 egun eman zituen José Ameztoirekin, tresnaren fabrikaziorako teknikak ikasten; gerora, bere kabuz sakondu zuen prestakuntza. Eta, pixkanaka, Iruran xarean jokatzen hasi zen taldetxo bat.

Josetxo Iraundegi, Nazioarteko Pilota Federazioko idazkari eta Irungo Kurpil Kirolak taldeko lehendakari izan zenak, trinketea sustatu nahi zuen, eta txapelketa bat antolatu zuen, trinketeko 5 modalitateak bilduta: buruz buruko esku-pilota, binakako esku-pilota, gomazko paleta, larruzko paleta eta xarea. 1971. urtea zen.

1971n, Irurako hiru gazte, Julian Larrinaga, Eugenio Arrieta eta Jose Olano, Argentinara joan ziren, xare jokoaren teknikak hobetzeko asmoz. Hilabete igaro zuten han, garai hartako jokalaririk onenekin. Itzuli zirenean, Iparraldekoen kontra jokatzeko aukera izan zuten, eta berriro ere zaletasuna pizten hasi zen Irurako herrian.

1974an, Uruguaiko Munduko Txapelketan parte hartu zuten, lehen aldiz, eta harrezkero txapelketa guztietan aritu dira.

Mikel Uzkudunek haurrentzako eskola bat antolatu zuen, Iruran, eta 6-7 xare jokalari bikain atera ziren handik. Haietako batzuek irabazi zuten 1998ko Mexikoko Munduko Txapelketa.

Horien guztien artetik, José Ignacio Lopetegik jarraitzen du xarean jokatzen, zaleen mailan. Bera da sarituena.

Gregorio Ameztoy 1972ko urrian hil zen, zirkulazio-istripu batean, ibilgailu batek harrapatuta.

Gaur egun, oraindik badira modalitate honetan jokatzen duten haurrak Iruran.

Jesús Mª Arsuagak lagunentzako xareak egiten ditu, enkarguz, baita giltzatakoetarako xare txiki batzuk ere. Hautsitako xareen sokak konpontzen ere jarduten du.

Artisautzako hainbat azokatan parte hartu izan du, Ordizian, Donostian, etab.

Arsuagaren arabera, modalitate honek laguntzarik jaso ezean, laster galduko da erabat.