491 Zenbakia 2009-06-19 / 2009-06-26

Artisautza

Maider Telletxea. Larrukigintza: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Prozesuak

Maiderrek, gure artisauaren eskuek, lantzen duen pieza bakoitzak bere lehengaiak eta lantze-prozesuak behar ditu: batzuk eskuz josten ditu, beste batzuk makinaz, batzuk material mota batekin, besteak beste batekin, eta badira aldi berean hainbat material mota behar izaten dituztenak ere.

Hainbat larru mota erabiltzen ditu Maiderrek bere lanean; ahuntzarena, ardiarena, zaldikumearena, txahalarena, etab.

Larru tratatuak erabiltzen ditu, bai landareen taninoarekin onduak, baita kromoarekin onduak ere. Materialok Galiziako, Bartzelonako, Madrileko, Asturiaseko... zurrategietan erosten ditu.

Interesgarria iruditu zait aurreko larrukigintza-artisauari buruz hitz egitean idatzi nituen bi paragrafo berriro ere hona ekartzea:

Larrua, prozesu naturalaren ondorioz ustel ez dadin ontzen da, edota lehortzen denean gogor-gogor eginda gera ez dadin. Historiaurreko gizakiek, animalien gantzaz ontzen zituzten larruak. Egiptoarrek, berriz, landare eta fruituetatik ateratako zukuen bidez, eta, gainera, olio eta gantz batzuk erabiltzen zituzten edertzeko. Kromozko gatzen bidezko ontze mineraleko teknikak XIX. mendean agertu ziren.

Elementu begetalekin ondutako larruek tonu marroixka hartzen dute, zuhaitzen enborraren parekoa, eta eguzkiak eman ahala, indartu egiten dira, eta edertasun natural handiagoa hartzen dute. Kromoz trataturiko larruak, berriz, meheagoak izaten dira, eta hasieran kolore zuria izaten dute, gero nahi den kolorez tindatzen badira ere.

Maiderrek nahiago du landarez ondutako larrua lantzea, baina batzuetan, tindatu egin behar badu, kromoz ondutakoa aukeratzen du, tindatzeko hobea delako.

Prozesuak ere interesgarriak dira, produktua bozeldu, tindatu, etab. egin daitekeelako.

Bozelketa, bai larruarena eta baita metalarena ere, mailua erabiliz egiten da: materialaren aldeetako bat mailuz lantzen da eta modu horretan nahi den erliebea azalduko da beste aldean.

Erremintei dagokienez, gure artisauak hainbat erabiltzen ditu: guraizeak, eztenak, puntzoiak, uhalak ateratzekoak, orratzak, titareak, bozeltzeko gailuak, erregelak, konpasak, txantiloiak, uhalak moztekoak, ertz ebakitzaileak, trokelak, mailuak, aliketak, mozkailuak, kuterrak, etab.

Era berean, bere lanean material ugari erabiltzen du: haria, argizaria duen haria, argizaria, kolak, tipula-papera, kartoi meheak, lixak, kortxozko oinarria, koloretako tintak, arkatza, Rotringa, uhalak, errematxeak eta bestelako osagaiak, hala nola, ixteko gailuak, belarriak, giltzarrapoak, lehen aipatu ditugun agatak, harriak, metalak, txanponak, etab.