
Gaiak
Euskal Herritik zehar: Oñatiko Corpusa. Herri baten sentimendua
Beste urte batez, datorren ekainaren 14an, jantziak eta pausoak hamabi hilabeteko lozorrotik esnatuko dira, orain dela bost mende Oñatin ospatzen hasi zen tradizioa berpiztuz. Erlijioa eta folklorea elkartuko dira, Corpus eguna ospatzeko.
Berez, 1468. urtean aipatzen da lehenengo aldiz festa hau; gaur egun arte zailtasunez iraun duen Corpus egunaren festa alegia. Erdi Aroan ospakizun xumea zen tradizio hau, ospakizun liturgiko adierazgarrienetakoa bilakatu da.
Oñatiko Corpusa. Prozesioa.
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala. Erlijioa eta folklorea
Ospakizunak ostiralean hasiko dira dantzarien eskutik. Herriko auzo guztietan barrena dantzan ibiliko dira, igande arratsaldera arte atsedenik hartu gabe. Hala ere, bai oñatiarrak, bai bisitariak ere, Corpus egun handiaren zain egongo dira. Igandeko egitarauaren unerik berezi eta garrantzitsuenak goizeko prozesioa eta arratsaldeko dantzak izango dira.
Ihiekin apaindutako kaleak isilik daude. Bat-batean, kanpai-hotsek lasaitasun hori etetzen dute. Meza Nagusia bukatu da eta prozesioa hastear dago. Pausoak herriko kaleetan zehar ibiliko dira, dantzarien kriskitinen soinuez lagunduta. Bat da ordea, pauso guztien artean, biziki espero dena eta prozesioko protagonista: San Migelen eta hamabi Apostoluen pauso biziduna. Jantzi eta maskara horien azpian “ezkutatuta” dauden pertsonentzat ohore handia da gainera.
Dantzariekin hasten dira Corpus eguneko ospakizunak eta beraiekin ere amaitu egingo dira. Igande arratsaldean, Corpus Eguneko dantza egitarau osoa eskainiko dute herriko plazan: San Sebastianen Dantza, Banako Makil Dantza, Launako Makil Dantza, Zortziko Makil Dantza eta Arku Dantza. Bukatzeko Aurreskua dantzatuko dute. Badira jada lau mende dantza hauek sortu zirela (izan ere, 1560 urtekoa da lehenengo aipamen idatzia). Aurten ere, zortzi dantzariz eta maisu batez osatutako Oñatz taldea izango da egun berezi honi amaiera emango diona.
Txistu eta danbolinen doinuak ixiltzen doaz. Eguna bukatzen ari da eta, datorren urtera arte, tunikak, ileordeak, maskarak eta bestelakoak kutxetara itzuliko dira.
Berako Corpusa. Sindikoa bandera mugitzen.
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala. Oñatin ez bakarrik
Oñati Corpus eguneko ospakizunetarako apaindu egingo dute, Euskal Herriko beste hainbat herri bezala. 3digitala web guneko argazkietan murgiltzen bagara, Euskal Herriko txoko guzti horietako tradizio eta berezitasunak ezagutu ahal izango ditugu: Iruñeko Katximorroa eta San Lorenzoko dantzariak, Berako sindikoa bere bandera mugitzen, Iholdiko lantzariak eta zulatzaileak,...
Oñati, Segura, Tolosa, Bera, Iholdy,... Bidai birtuala gure herriko Corpus eguneko ospakizunetan zehar. Ezinbesteko aukera, Corpus eguneko festa ezagutu eta horren muina eta sentimendua gureganatu ahal izateko.