Euskonews Gaztea
Gaiak: Joane Somarriba
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Gernikak profesional handia eman dio euskal txirrindularitzari: Joane Somarriba. Bizkaiko herri horretan jaio zen 1972ko abuztuaren 11an eta nazioartean ospea lortu duen emakumea dugu.
Joaneri ez zitzaion bat–batean iritsi pedalekiko zaletasuna, familiatik datorkiola esan daiteke. Izan ere, haren aita, ahizpak eta baita osabak ere kirol honekiko afizio handia zuten eta zenbait urte eman zituzten ziklismoa praktikatzen.
Bere ibilbide profesionalean lorpen ugari eskuratuko zituen bizkaitarrak. Goiz hasi zen podiumera igotzen, gazte mailan zebilenean birritan izan baitzen Espainiako Txapelketako irabazlea, 1987an eta 1988an hain zuzen.
Hala ere, 1991an gertaera batek ia txirrindularitza uztera behartu zuen Somarriba. Urte hartantxe, hernia diskal batetatik operatu zuten eta hasieran ebakuntza sinplea zirudiena konplikatu egin zen; infekzio batek hartu zuen Joane. Bere etengabeko lana dela eta, arriskutik irten zen eta berriro ere bizikleta gainera igotzeko gai izan zen.
Baina jaioterrian geratuz gero etorkizun zaila izango zuela iritzita, Italia aldera jo zuen 1998an. Erabaki gogorra izan zen arren, profesionalki hazten lagundu zion. Bertan, Alfa Lum taldeko kide izatera pasa zen 2001era arte eta beraiekin irabazi zituen bi Giro, 1999 eta 2000 urteetan.
Podium gosea asetzeko, Frantziako Tourra hiru aldiz irabazi du emakume honek. Hankak pedal gainean eta barneko indarrak aterata, 2000, 2001 eta 2003an elastiko horia jantzi zuen Somarribak. Gainera, 2001eko Tourrari Bilbon eman zitzaion hasiera bere omenez eta Joanek 1 zenbakia erakutsi zuen maillotean.
Beste sariketa batzuetan ere arrastoa utzi du euskal kirolariak. Izan ere, Atlantako Joko Olinpikoetan (1996) eta Sydneykoetan (2000) parte hartu zuen. Bestalde, Munduko Erlojupeko Txapelketatan ezaguna da eta Kanadako Hamilton herrian urrezko domina lepoan jartzea lortu zuen 2002an. Hiru urteren buruan, 2005ean, Madrilen burutu zen txapelketa berean bigarren postuan geratu zen.
Jon Ribas kazetariarekin batera, emakumezkoen txirrindularitzari buruz eta kirol honekiko pasioa adierazten zuen Joane Somarriba izeneko liburua argitaratu zuen.
Bere lana aintzatetsiz, Estatuko Kirolaririk Onena izendatu zuten 2001ean Joane eta 2003an berriz, Euskadi Kirol Saira eman zioten, kirolean euskaltasuna zabaltzeagatik.
Horrenbeste urtez bizikleta lantresna gisa erabili zuen emakumeak, profesional moduan lastertzeari utzi zion 2005ean. Hala ere, guztion oroitzapenean geratuko da, besteak beste, ikurrina bizkarrean Parisen podiumeko goiko kaxara igo zeneko momentua.