475 Zenbakia 2009-02-27 / 2009-03-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Azken txanpa

BEREZIARTUA, Loren



Azken txapan ezin da atzera egin. Gure barnean nonbait ezkutatuta dauden indarrak bildu eta kosta ahala kosta aurrera egin behar dugu bizitza honetan, helmuga edozein delarik ere. Esaterako, azterketa garaian, gainditzea bada gure asmoa, badakigu ikastea ezinbestekoa dugula. Edota gustuko dugun pertsonari zer sentitzen dugun erakustea pentsatzen badugu, arnasa sakon hartu eta balentriaz jokatu beharko genuke.

Noski, emaitzak agian ez dira espero ditugunak izango... Baina beno, saiatzea garrantzitsua da, atzera egin ezean badakigu ez dugula ezer lortuko eta. Zenbatetan gertatu ote zait gauza bat desiratzen egon, eta azken momentuan kikildu naizelako nire egitekoan huts egitea?

Hori dela eta garrantzitsua deritzot norberaren mugak ezagutzea. Hots, desengainurik ez hartzeko eta burumakur ez amaitzeko noraino iritsi gaitezkeen jakin behar dugu. Baina tentu, horrek ez baitu esan nahi gura duguna lortzen ahalegindu behar ez garenik! Jakina, erdietsi dezakegu edo ez. Baina zer litzateke bizitza emoziorik gabe? Gainera, uste duguna baino errazagoa egingo zaigu beharbada eta oztopoak ez dira horren latzak izango.

Akaso baikorregia naizela pentsatu eta “erraza da hitz egitea,” esango duzu zure kolkorako. Ados, baina ezkorra izanez gero eta energiarik atera ezean, Miguel Indurainek ez zituzkeen bost Tour irabaziko, ezta? Edota nire bikotekideak apirileko egun hartan telefonoz ez deitzea erabaki izan balu akaso ez nintzateke horren alai biziko...

Nork daki. Patua, patua da eta agian gertatu behar ziren gauzak dira. Baina erabakitzen dugunarekin egoerak guztiz aldatzen direla ezin dugu ukatu. Zer eskuratu nahi dugu? A edo B egin, emaitza C edo D.