469 Zenbakia 2009-01-16 / 2009-01-23

Artisautza

Alberto Saavedra. Eskultorea: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Prozesua

Jakin beharreko lehenengo gauza da bezeroak zer nahi duen eta zertarako nahi duen. Prozesu desberdina izango dute, esate baterako, kanpoaldean egongo den dinosauruak edo museo barruan egongo den fraide baten figurak. Beraz, lanean hasteko, ezagutu egin behar da egitera zoazena.

Artistak berak dioen bezala:

Premia bakoitzeko, proiektuaren azken emaitza irudikatu behar duzu. Beraz, sortu egin behar dituzu prozesua, materialak, trikimailuak eta magia, esandakoa lortzeko. Ilusioak eta beldurrak bat egiten dute. Lan bakoitzean zerotik hasi behar duzu, onerako eta txarrerako. Baina, azken finean, beti aldatu beharrak bizi-poza ematen dizu.

Hurrengo urratsa gaia ondo ezagutu eta marrazkiak eta bozetoak egitea da, kanpo eta barne itxura nolakoak izango diren jakiteko.

Artelanak bizitza laburra izanez gero, adibidez, egun batekoa, poliesterra edo poliuretanoa erabiltzen ditu, edo goma-aparra, dentsitate handikoa (40). Figura materialean bertan tailatzen du, zuzenean. Gero, osagarriak jartzen dizkio: kapelak, arropak, lumak...

Kanpoaldean jartzeko figurak badira, plastikoa edo plastikozko ehuna erabiltzen ditu. Albertok barrez esaten duen bezala, hornitzaile nagusiak “Emausko traperoak” ditu. Arropa, osagarriak, poltsak, betaurrekoak eta gainontzekoak oso garrantzitsuak dira, pertsonaiaren nortasuna adierazten dutelako. Hori dela eta, aproposenak bigarren eskukoak dira. Albertoren ustez, “arropa guztiek dute berezko arima”.

Pintatu ere egiten ditu figurak, eta normalean puzte-sistema erabiltzen du.

Artistak berak azaldu digu nola egiten duen lan:

“Borroka da, materiala geldo eta lo dagoelako. Sobera duena kendu egin behar diozu, barruan duen figura atera arte. Figura zain dago eta konturatuz gero, agertu egiten da. Bila ibili eta gero, tentsioa pasa eta ahalegindu eta gero, ikusi egiten duzu. Abisatu, ez du abisatzen, baina sobera daukana kendu ahala, agertu egiten da, begi-bistan duzu, gehiagorik ez ukitzeko, bestela min egingo diozulako, ez duelako balioko. Esandakoa gertatzen denean, hor duzu figura, hori pentsatzen dut behintzat.

Gero, alde praktikoagoa dator: oinarrizko forma estali beharra dago. Izan ere, material iraunkorrak eta lantzeko eta garraiatzeko errazak direnak erabiltzen ditut: adibidez, erretxina, beira-zuntza... Aipatutako materialek sendotu eta gogortu egingo dute figura.

Esandako guztia egin ostean, figurari nortasuna, gizatasuna eta adirazkortasuna eman behar dizkiot. Horretarako pintura erabiltzen dut, ehundurak, ñabardurak eta zehaztasunak lortzeko. Ezinbestekoa da, baita, ilea jartzea, gizaki egiten gaituen elementua delako. Begiak ere jarri beharra dago, begiradak figuraren barrua eta izatea erakusten dizkigulako. Azkenik, arropa dugu, erabilitakoa, gizatasuna ematen diona figurari, benetakoa dela pentsatzen dugulako.

Nik nahi dudana da figuren aurrean egoten denak zer pentsatua izatea, nolabait hunkitzea. Hori lortzeko, figurek arima behar dute izan, eta nire helburua horixe da: arimadun figurak egitea”.