466 Zenbakia 2008-12-19 / 2009-01-02

Gaiak

Joxe Letona: ehun urte

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Norberaren jaioterriarenganako sentimendua, gizakiaren funtsezko abiapuntu emozionala ez ezik, nor bere izpirituarekin ongi egoteko ezinbesteko baldintza da. Gizakiok, herriarenganako pertenentziaren sentimendua garatu dugu eta normalean denok eraikitzen dugu oharkabean herriarekin, modu batean edo bestean, lotzen gaituen zubia. Badira, ordea, sentimendu horren ezarian bizi direnak, baina —esango nuke— terapia psikiatrikoaren premian daude, eta gaurkoak ez luke arnegarien esparrua jorratu nahi, askoz elementu baikorragoak ekarri nahi baititut lerro hauetara.

Espektroaren mutur osasuntsuan ditugu herriarenganako atxikimendua erroetaraino barneratua daramatenak, herriaren usainik ezean bizi ezin daitezkeenak. Herri guztiek eman dituzte horietakoak, gizon emakume herrikoiak. Eta beren herrikideek karakteristika horrengatik neurtzen dituzte. Pertsonaia herrikoiak, gizarte ondarearen zati nabarmen aberatsa gertatu ohi dira, zein arlokoak diren berdin diolarik. Pertsonaia herrikoia herri oroitzapenaren protagonista izaten da, solasaldietako subjektu pasiboa, txaskarriletako aktorea eta herri fantasiaren eragilea. Baina bada beste nolakotasun bat, normalean pertsonaia herrikoiekin bat etortzen dena, eta –nik behintzat– ezagutu ditudan kasu guztietan aurreneko planoan ageri dena: eskuzabaltasuna. Nik ez dut uste izan daitekeenik herrikoi zekenkeriatik. Ospetsua bihur daiteke pertsona bat, hori bai, maitatua edo gorrotatua —bi sentimendu horiek ezin dira ezkondu herrikoitasunarekin— eta gainera, lasai asko, ospea ergelkeria eta zitalkeriaren praktikatik jaso daiteke. Beharbada, eskuzabaltasunari apaltasuna gehitu behar zaio, zinezko gizon-emakume herrikoia izateko, gizartearen substratu guztiek onartua izateko.

Iragan azaroaren lehenean bete ziren ehun urte, Arrasaten Joxe Letona Arrieta jaio zela. Joxe gizon herrikoia izan zen, ezagutu genuen guztion iritziz. Joxe Letonari herritartasunak azalaren poroetatik alde egiten zion, etengabe. Gizon intelektuala genuen —frogatua geratzen da ez dela arlote izan behar herriaren hatsarekin bat egiteko, XX. mendearen lehen hereneko Arrasate hartan intelektuala izateak adierazten duen mugekin—, batez ere sendi langileko semea denean. Baina Letonak aurre egin zion gabeziari eta bere burua jantzi zuen, herriaren historiako ezkutuetan murgil egiteko lagundu ziona. Udal artxiboaren arakatzaile nekaezina izan genuen, bere aurretik Esteban de Garibay, Miguel Madinabeitia eta Juan Carlos Guerraren gisako pertsonaiek irekitako bideari jarraikiz. Haiek ez bezala, Letonak uztartu egin zituen lan intelektuala eta herriarekiko ukipen zuzena. Horrexek eta bere eskuzabaltasun neurrigabeak bilakatu zuten herrikoia.

Liburuak idatzi zituen, makina bat ikerketa lan burutu zituen eta beste hainbestetarako materiala eskaini zion, bila joan zitzaionari. Arrasateko Udalak 1987ko urtarrilaren 30ean ekitaldi txiki bat eratu zuen Joxeren omenez eta brontzezko herensugea eskaini zion. Herritar askoren ustez, ekitaldia ez zen Letonak merezitakoaren araberakoa gertatu. Urte hartako uztailaren 4an hil zen Joxe. Eta handik urtebetera, Udalak plazatxo bati Joxe Letona izena ematea deliberatu zuen.

Orain dela hogei urte idatzi nituen ondoko lerroak, hain zuzen Joxeri plazatxoa eskaini zitzaionean: “Bere sinuaren kontra zeharo murgilduta dagoen gure Herri honek, Joxeren gisako pertsonak behar ditu. Ongi burututakok lanaren bitartez, euskal gizartearen ongizatea helburu duten gizon emakumeen premian gaude. Eta gutxieneko oinarri bat lortzeko xede horretatik oraindik urruti samar gaudelakoan nago. Gurea baino askoz prestakuntza hobeko gazteria daukan gure gizarte honek ez du bere norabidea aurkitzen, humanistikatik urrun daude beste aukera desberdinak hautatu dituelarik. Behin eta berriz gogoratu beharko genuke, etengabe, Joxe Letona zenak erakutsitako modus operandi zabal eta jorian aplikatu beharko genukeela ahalegina, euskal gizartea zentzuz eta bizipozaz aberatsagoa eta askeagoa izateko”.

Orain, gizon jator hura jaio zenetik ehun urte bete direnean, Arrasateko herritarrek gogora ekarri dute, brontzea eta marmola ongi daudela, baina giza kolektibo gisa eskerrona aurkeztu nahi eta behar ziola Letonari. Erakutsi nahi izan du, modu xume-xume batez, omenezko keinua posible dela. Eta herri kulturaren iturrietatik edan zuen pertsonaia herri kultura-ondarea gau eta egun aberasten saiatu zela oroitarazi gura izan du, belaunaldi berriek erreferenteak behar baitituzte. Herri markarekin zizelkatuta dauden gizon-emakumeak ezinbestekoak ditugu, gure herri honek —hizki xehe zein larriz— aurrera joko badu.

Txikia baina beroa, xumea bezain ederra. Horixe da 2008ko San Nikolas egunean, abenduak 6, Arrasateko herritarrek Joxe Letona zenari eskainitako gorazarrea. Eguerdiko ordu-batean haren izena daraman plazatxora bildutako Letonaren lagunek, txiki-txikitatik arrasatear guztiok abestu duten eta Joxek arreta bereziz ikertu zuen haur eskale kopla haizatu zuten.

San Nikólas, coronado

Arzobispo Mariandres.

A la luna noche y día,

etxekoandra noblia,

egizu, egizu pilia,

San Nikolás, kriskiliskras

dáme una castaña y no quiero más.

Aquí estamos cuatro, cantaremos dos

Para San Nikólas, por amor de Dios.

Belengo portaleko ate zabaletan,

Hotzak ikaraz dago Jesus lastuetan.

Angelitos somos, suspi-suspiramos

Lukainka, txorizo.

Neskai (mutilai) bapez, mutilai (neskai) dana

¡Va por tí, Joxe!