464 Zenbakia 2008-12-05 / 2008-12-12

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mikel Laboa

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Mikel Laboa Manzisidor Pasai Donibanen jaio zen 1934ko ekainaren 15ean. Euskal musikariak agur esan zigun 2008ko abenduaren 1ean Donostian, azkenaldian pairatzen zuen makalaldi baten ondorioz.

Mikel txikia zenean Gerra Zibilak harrapatu zuen familia eta tropa faxistak Donostiara gerturatzen ari ziren heinean, alde egin behar izan zuten bertatik. Hala, alde batetik aita Frantzia aldera abiatu eta ama Lekeitiora mugitu zen zazpi seme-alabekin batera; bederatzi hilabetez bertako baserri batetan gorde ziren. Ondoren, Gipuzkoako hiriburura itzuli eta marianisten eskolan burutuko zituen ikasketak; behin batxilergoa amaituta, medikuntza ikasteko hautua egin zuen Laboak.

Medizina arloan 1953. urtean murgildu zen Mikel. Horretarako, Madril, Zaragoza, Iru?ea edota Bartzelonara joan zen ikastera; azkenean, 1967an haurren neuropsikiatrian espezializatu zen. Ikasle garai haietan gitarra hartu eta emanaldiak emateari ekin zion, lagun artean batik bat. Baina publikoki euskaraz, Zaragozan ikasle zela kantatu zuen aurrenekoz 1963an. Ekitaldia euskal ikasle batzuek antolatu zuten eta Laboak euskal kantu tradizionalak interpretatu zituen batez ere.

Iturri desberdinetatik edan zuen lan propioak sortzeko ibilbidean, bai folklore, nola genero modernoagoetatik, eta emaitza bikaina lortu zuen, berezko estiloa sortuz. Ez dok amairu (1965-1972) talde entzutetsuaren fundatzaileetariko bat izan zen, beste zenbait euskal artistekin batera.

Zentsura ere pairatu zuen egoera politikoagatik, baina baita gizarteko zenbait tradizionalistek bere modernitatea gaizki ikusten zutelako. Ondorioz, Gipuzkoa zein Bizkaian emanaldirik eskaini ezinik egon zen; urte eta erdiz eta sei urtez, hurrenez hurren.

Bat-Hiru disko bikoitzak argia ikusi zuen 1974an, eta bertan jasotako abestien artean, Txoria txori izenekoa zegoen, gaur egun oraindik sona handia duen kanta. Ikimilikilikik lana egin zuen 1975ean Artze anaiak eta Jose Mari Zabala bidaia-lagun zituela. Nazioartean aritu ziren, Venezia edota Parisen, esaterako. Ikuskizunean, Zumeta marrazkilariaren irudiak eta soinu eta irudi biziak erabili zituzten, momentu bereziak sortuz.

Mikel Laboak disko ugari kaleratu zituen, batzuk aipatzearren, Lau herri kanta (1964) Bertolt Brecht (1969), Haika Mutil (1969), Euskal kanta berria (1972), Lau Bost (1980), Sei (1985), Lekeitioak (1988), Mikel Laboa zuzenean (1997) edota Xoriek 17 (2005).

Baina gainera, ikasteko denbora hartu eta 1978an etenaldi bat egin zuen 1984ra arte. Orduantxe sortu ziren lekeitioak, umore eta bohemiar ukituz landutako kantak. Horrek oraindik ere bereziago bihurtu zuen Laboaren kantagintza. Gipuzkoako Urrezko Domina jaso behar zuen gipuzkoarrak 2008ko abenduaren 23an, baina heriotzak lehenago eraman zuen kantaria. Mikel Laboaren bizia itzali da, baina bere kantak betirako geratuko dira gure artean.