Euskonews Gaztea
Gaiak: Ikusezinarekin zita
Goizeko 10:30ak, larunbata da. Dagoeneko 30 kilometro egin ditut automobilez eta aparkatzeko arazotxo batzuk ere eduki ditut. Ohikoa den bezala, auto ilarak topatu ditut herrian, zirrikitu txikiena ere okupatuta dago; eta ez hori bakarrik, espaloi askotatik ia ezin da ibili... Gaur udaltzainek lan mordoxka izango dute!
Baina ordurako iritsi naiz, eta ez dut huts egingo urteroko hitzordura. Gizon ikusezinarekin daukat zita, eta lagun zaharra den arren, zin egingo nuke iaz aurpegia zeukala. Bai. Txapela buruan, pipa ahoan, zakua bizkarrean eta arroparik ez soinean! Olentzero zela iruditu zitzaidan orduan; edabe magikoren bat hartuko zuen agian!
Ez dio ardura. Elkarrekin emango ditugun minutuetan literatura eta musika izango ditugu hizpide nagusi; nobedadeen berri emango dit eta gustuko izanez gero, giroan murgildu eta inguruko jendearen zipriztinez bustiko naiz goitik behera.
Unetxo bat. Badator, ikusten dut haren txapela. Hara! Oker nengoen, ez da gizon ikusezina, emakumea da! Edo ez? Berdin–berdin zait, egia esan. Pasatuko ditugun momentuak onak izango dira ziur! Nola agurtu; muxu bi edo eskua emango diot? Tontakeria, besarkada bat eta kito!
Baina... zer da hori? Banekien gertatuko zela. Bai. Aurten ere, uholdeak jarraitzen dio pertsonaia berezi honi, ez naiz berarekin geratu den bakarra... Baina banentorren etxetik egoera honi aurre egiteko prest. Bai, arropa erosoez jantzita eta burua edozein zulotatik sartzeko gertu nago. Askok kritikatzen dute gure zitaren zergatia, baina errealitatean, gehienek bat egiten dute elkarretaratzearekin.
Ba al zatoz zu ere? Apuntatu: Landako Erakustazoka. Nork daki, etortzen bazara agian elkartuko gara bertan; ikusezina alboan izango duen horixe naiz ni.