463 Zenbakia 2008-11-28 / 2008-12-05

Artisautza

Pedro Mari Arreitunandia. Maisu grabatzailea: Prozesua

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Prozesuak

Artisau-grabatua hizpide dugunez, jakizue lanbide horretan ez dela inolako prozesu mekanizaturik erabiltzen.

Grabatzeko moduagatik bi teknika edo modu daudela esan daiteke:

A. Burilaz eta mailuaz, euskaraz “burila”.

B. Eskuz, euskaraz “eskuaire” eta italiarrez “bulino”.

Lehenengo teknikarekin, artisauak “grabatzaile-mailua” izeneko mailu txiki batez burila jotzen du golpe txiki eta arinekin, burilak metalari hozka egiteko.

Burilak altzairu onekoak dira, eta orokorrean artisauak berak fabrikatzen ditu. Grabatzaile-mailua txikia da, eta horrekin golpe txiki eta errepikakorrak ematen dira.

Bigarren kasuan, artisauak bulinoaz bere eskuen indarra baino ez du erabiltzen. Lan mota horretarako grabatzaileak lupaz baliatzen dira.

Marrazki motei dagokienez, orokorrean askotarikoak eta anitzak dira grabatzen diren arabeskoak. Interesgarria da jakitea munduan eskopeta finak fabrikatzen dituzten etxe garrantzitsuenek beren marrazkiak sortu zituztela, eta gaur egun mundu osora hedatu diren arren, fabrikante horien izenaz ezagutzen direla. Esaterako:

A. Grabatu ingeles fina, edo “escrol”, PURDEY era (markaren izena). Marrazki txiki aniztunez egiten da.

B. HOLLAN (eskopeta-marka) erako grabatua, “purdey”-ren antzekoak baina marrazki handitxoagoez.

Ostean, eskopetari urrea emateko edo damaskinatuak egiteko aukera dago.

Lan-prozesuari dagokionez, oso erraza da. Behin grabatzaileari bezeroaren nahia azaldu ostean, eskopetan irudikatu nahi den marrazkia paperean eta eskalan marrazten da. Ondoren, kalko baten eta lapitz koipetsu baten bidez metalera eramaten da eta markagailu fin batez silueta markatzen da piezan. Horrela, egin beharreko marrazkiaren eremu nagusiak finkatzen dira, ondoren grabatzeari (grabatzailearen argotean “ebakitzeko” prozesuari) ekiteko, “burilaz eta mailuz” nahiz “eskuairez”. Askotan eskopeta batek bi teknikez eginiko grabatuak izan ditzake, baita estilo askotarikoak ere.

Grabatzen amaitzean, pieza gainetik olioz bustitako lixa oso fin bat pasatzen da, geratzen diren lazguneek eta bizarrek arazorik sortu ez dezaten eskua gainetik pasatzean. Horren ostean, pieza kromatu egiten da. Prozesu horren bidez marrazkiaren ondoak beltz kolorea hartzen eta erliebe osoa nabarmentzen du, eta amaierako patina ederra ematen dio.

Gaur egun badira titaniozko kaxekin egiten diren eskopetak, gutxiago pisatzen dutenak.

Eskopeta fin batek, hau da, kalitatezko batek, 200 ordu inguruko lana du grabatzen. Interesgarria da ikustea nola Pedro Marik egin beharreko lana ikustean automatikoki badakien zenbat ordu behar izango dituen lan hori burutzeko. Hori dela eta, bertan momentuan errealitateari loturiko aurrekontua egin dezake. Egia da ere, modelo jakin bat eskatzen diotenean, askatasun osoko (bere irizpidearen edo gogoaren araberako) lan bat egiten baino denbora gehiago behar izaten duela grabatu hori egiteko.

Pedro Mari dioen moduan, “grabatu-lan on bat egiteko batez ere behar-beharrezkoak dira: pazientzia, gustua eta marrazten jakitea”.