Erregimen Zaharretik Berrira igarotzea Urola Garaian eta bere eragin eremuan Erregimen Zaharretik Berrira igarotzea Urola Garaian eta bere eragin eremuan * Antonio Prada Azken errege absolutista izan zen Fernando VII. hil eta ondorengo urteetan, nolako gobernu politikoa eratu zehazteko borroka izan zen Espainian. Borroka hori ez zen arlo politikoan eman bakarrik, Antzinako Erregimenaren eta Erregimen Berriaren zaleek guda eremuan bertan egin baitzuten borroka. Erregealdiko azken urteetan, Fernando VII. konturatu zen bere alaba Isabelen ondorengotza eskubideen gainetik pasa nahi zuela On Karlos Infanteak lege salikoaz baliatuz, eta Espainia era absolutista batez gobernatu nahi zuela. Bere alabak tronora igotzeko zituen eskubideak defendatzeko, azken hogei urteetan eramandako iharduera politikotik bereizi behar izan zuen erregeak 1830 31 urteaz geroztik. Ordurarte etsai politiko izan zituenen artean, liberalen artean hain zuzen ere, bilatu behar izan zuen babesa. 1833ko irailaren azken egunetan, Fernando VII. hiltzean, eta liberal moderatuak gobernuan zirela, On Karlosen jarraitzaileak monarkiaren eremuko hainbat tokitan altxatu egin ziren, euskal lurraldeetan indartsu bereziki. Liberalak garaile ateratzen baziren euskal probintziak eta Nafarroako erresumak foralitatea galtzeko arriskua zutenez, aipatutako lurralde hauek On Karlosen jarraitzaileen alde agertu ziren. Izan ere, antzinatik zetozen pribilegio guztiak kendu eta Espainiako lurralde edo probintziak arlo guztietan berdindu nahi zituzten liberal haien aurrean, foralitatea defendatzeko, Nafarroako Erresumako eta euskal probintzietako gobernanteek ez zuten On Karlosen alde jartzeko inolako zalantzarik izan. Bereziki, On Karlosek Portugalen erbesteratuta zegoelarik, Nafarroako eta Euskal Herriko foralitatea defendatzea zin egin zuenetik. Hiriburuak eta merkataritzaz baliatzen ziren kostaldeko herri batzuk baino ez ziren nabarmendu foralitatea defendatzen zuten gainontzeko herrien aurka, atlantiko aldeak etaEuropak azken urteetan zeraman norabide ekonomikoa ikusita, garapen ekonomirako oztopo gertatzen baitzitzaien; eta adibide bat besterik ez dugu jarriko hori ikusteko, aduanak Ebro ibaian zeuden eta hori sekulako kalte ekonomikoa zen herri horientzako. Bilbo, Gasteiz eta Gipuzkoan Oñatin altxatu ondoren, karlisten partida irregularrek monarkiako armadari eraso zioten. Partida horiek hasieran txikiak zirenez eta liberalen armadak baino antolamendu gutxiago zutenez, Zumalakarregiren zain egon behar izan zuten. Zumalakarregik partida horiek antolatu eta armada indartsu bat antolatu zuen, eta Nafarroa osoa (Iruñea izan ezik) konkistatu ondoren, Madril ez erasotzea erabaki eta Gipuzkoa konkistatzera abiatu zen. Helmuga horretan garrantzi handia izan zuen Deskargako ustekabeak, 1835eko ekainaren 2an. Izan ere, Zumalakarregik Ordizia setiatua zuenean, eta hura babesteko Bizkaiko Komandante Generala zen Espartero bera zetorrela, Urretxuko paraje horretan ezusteko eraso bat eta porrot garbia jasan zituen. Ondoren jausi ziren Ordizia, Bergara, Tolosa, Durango eta abar karlisten eskuetan geratu ziren.Guda bukatu arte, Gipuzkoa osoa, Donostia izan ezik, karlisten menpe geratu zen. Konkista horretatik aurrera, lurralde honetako biztanleen eguneroko bizitza gudak baldintzatuta geratu zen, batez ere irabazleen zapalkuntzarengatik. Euskal Herriko biztanleek ez zituzten karlistak gaizki ikusi 1833tik 1835ko erdira arte, foruak defendatuko zituztela esaten zutelako. Handik aurrera, ordea, behin lurraldea konkistatu ondoren, asmo horiek alde batera utzi zituzten karlistek lurraldean gudako ekonomia antolatu baitzuten. Orduan hasi ziren karlistak ordurarte liberalek egin ez zutena egiten: mutilak armadarako bahitzen, lurrak lantzeko familia askotan beharrezko zirenak eramanez: era guztietako hornigaiak, elikagaiak... eskaera izugarriak egiten, herriko agintariei heriotz mehatxuak eginez. Hau guztia ordaintzeko Zumarraga, Urretxu eta Ezkiokok, zeuzkaten ia herri baso guztiak saldu beharizan zituzten. Ondorioz, karlisten aurkako kexu mugimendu isil bat sortu zen herri hauetan (egoera hura ulertzeko adibide bat honakoa litzateke: nahiz eta Foruak urtebeko agintaldia eman alkateei eta lehen ohorezko kutsua zuen kargua izan, egoera berrian ez zuen inork alkate izendatua izan nahi, eta eskualdeko herri batzuetan, "indarrez" izendatu ziren alkateak. Beste herri batzutan agintaldiak lau hilabetetara edo hilabete batetara mugatu zituzten). Demografia atalean ere eragina izan zuen gudak: jaiotza tasak behera egin zuen karlistak agintean egon ziren urteetan, eta batez ere 1835 eta 1836 urteetan, ezkontzak asko jeitsi ziren. Errepresiorik handiena herritar xehearen aurka egin ordez, herrian nolabaiteko eragina zutenen aurka egin zuten: alde batetik udal idazkarien aurka, eta bestetik, eta hau oso interesgarria da, herriko apaizen kontra. Zumarragan bertan, bikoarioak alde egin behar izan zuen karlistek lurraldea konkistatu baino lehen; benefiziodun bat urtetan eduki zuten beste herri batzuetan konfinatuta. Urretxun antzera gertatu ziren gauzak. Beharbada, honen arrazoia izan daiteke lurralde hauetan desamortizaziorik egin ez izana. Edonola ere, uste izatekoa da, eta nire iritzia da ematera noana, aurretiko egoera pertsonaletan egon daitekeela jarrera hauen arrazoia (karlisten aurka agertzea). Herri hauek jasan behar izan zuten zapalkuntza handiaren beste adierazgarri bat da 1836an Zumarraga Urretxun jarri zuten "Comisaría de Vigilancia Pública" delakoa. Gipuzkoan, 1839ko abuztuaren 31n sinatutako itunarekin amaitu zen guda. Aurreko egunetan Maroto generala Zumarraga eta Urretxun izan zela eta, aditzera eman zuen bai militar karlistak bai lurraldeak berak (euskal probintziak eta Nafarroako erresuma) izugarrizko gainbehera ekonomikoa jasaten ari zirela. Lurralde hauek, monarkiaren eremuko xumeenak izanik, gudaren ia karga osoa bere gain izan zuten eta erabat agortuta zeuden. Baldintza horietan guda berehala amaituko zelakoan azaldu zen Generala. Guda amaiera horrenbeste ondorio bat izan zen, lehendabiziko une batean, euskal probintziak eta Nafarroako Erresuma monarkiako legeria konstituziolistaren barruan sartzea, Foruen zatirik haundiena 1837ko konstituzio aurrerakoiak kenduta. Hala ere, 1839ko urriaren 25ean emandako Lege garrantzitsuak, Foruak errespetatu egin zituen, noski monarkiaren konstituzio batasunaren kalterik gabe. Gipuzkoan Aldundiak eragin, eta 1841eko urrian izandako moderatuen matxinadaren emaitza izan zen Espartero Erregeordeak 1841ko urriaren 29an sinatutako Dekretua. Dekretu haren bidez, foralitatearen zati interesgarri batzu desagertu egin ziren. Dena dela, Esparterok 1844an izan zuen porrotaren ondorioz foralitatearen ia ia zati guzti haiek itzuli egin zitzaizkien euskal probintziei. 1833ko urritik aurrera euskaldunak ez ziren karlista gisa nabarmendu, historialari askok hala esaten duen arren. Beraz, liberalek erasotako foralitate baten defentzaile izatera pasa ziren. 1836an, karlistek agintea beren esku zutela guda garaiko ekonomia ezarri zutenean, gipuzkoarrak, eta euskaldunak oro har ordura arte laguntza eskaini bazieten ere, laguntza hori emateari uko egiten hasi ziren. Liburu honetan, erregimen aldaketaren eraginez eta gudarengatik eskualde honetako biztanleengan eragina izan zuten aldaketa guztiak aztertzen saiatu naiz: gizartea, arlo ekonomikoa (baita udal ogasunak ere), zerbitzuak: errepideak, posta, sanitatea, hezkuntza, prentsa, jaiak; arlo instituzionalak, hauteskundeak, udal enplegua, eliza, guda ekintzak, armadaren antolakuntza, pentsioak, ondasun bahiketak, herrien arteko harreman bereziak, eta abar. Antonio Prada, Historian Doktorea Irudiak: Auñamendi Entziklopedia Euskonews & Media 46.zbk (1999 / 9 / 17 24) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.