Aramaio, herri txiki baten ondare kulturala errekuperatzeko lanetan Aramaio, herri txiki baten ondare kulturala errekuperatzeko lanetan * Rosa Mondragon Euskal etnografiari buruzko liburu batean, Aita Barandiaranek aipatzen zituen hitzak gogoratuz hasiko dut nire artikulua: "Herri baten kultura osatzen duten hainbat elementuren artean, beti izango da inoiz ahaztu eta premia gehiagorekin heldu behar den lana, desagertzeko zorian egon daitezkeen tresna, egoera edo bestelakoak berrreskuratu eta jasotzeko lana, hain zuzen". Ildo honi jarraituz, Aramaio, nire jaioterriaren, ondare kulturala nolabait ezagutu eta aztertzeko aukera izan dut Eusko Ikaskuntza eta Aramaioko Udalak bultzatutako ikerketa lan bati esker. Industrializazioaren eraginez, erabat aldatu zen garai batean gure herrietako bizimodua. Ordutik gaur egunera jaso diren beste aldaketak, beharbada ez dira hain sakonak izan. Baserri inguruetan, Aramaioren kasuan bezala, aro batetik bestera eman diren aldaketek lehengo bizimoduaren hainbat ezaugarrien desagerpena ekarri dute: gure aiton amonen pentsatzeko modua, lanbideak, antzinako hainbat ohitura eta abar. Hauetariko asko gure nagusien oroitzapenean gordetzen dira ordea. Honekin zera esan nahi dut: kulturaren trasmisioan, pertsona nagusiek dutela protagonismo osoa eta beraiei dagokiela testigantza uztea. Hain nagusiak ez garenoi, bestalde, lekuko hori jaso, ezagutu eta Aramaioko kultur historiarako gordetzea dagokigu. Nola berreskuratu? Nola gorde gerora? Zeinen ardurapean? Gazteleraz esaten den bezala milioiko galderak dira, ezta? Argi eta garbi dugu gure herriaren historiaren ezaugarriak berreskuperatu eta nolabait gorde nahi ditugula, era berean, gure seme alaba eta gerokoak ere horren lekuko izan daitezen neurri batean. Helburua garbi dugu, beraz, baina lan zailena ondokoa da, noski. Aramaioko kasu honetan adierazgarria da Udalak eta Eusko Ikaskuntzak erakutsi duten ahalegin berezia. Ikerketa honen arabera, herriaren ondare kulturala errekuperatzeko lehentasunakfinkatzen saiatu naiz; gure herriaren jakitura guztia, belaunaldiz belaunaldi eta ahoz aho transmititu dena, nola bildu eta etorkizunerako behar den bezala gordetzeko lehentasunak finkatzen, azken finean. Ikerketa, atal desberdinetan sailkatu dudanez, beraie dagokien informazio labur eta zehatza azaltzen saiatuko naiz jarraian. Kontutan hartuz, Aramaion bezala beste herri askotan antzerakoa gertatzen dela, beharbada batzuentzat adibide edo erreferentzi bihur daitekeelakoan nago. Aramaioko kasuan, euskarak duen berezitasunagatik, lan horri heldu behar diogu lehendabizi, desagertzeko arriskuan baitaude ezaugarri propio horiek. Horregatik planteaturiko lehentasunen arabera, beharrezkoa da adinekoen ahotsa jasotzea, beraien ahotan baitago gure hizkuntzaren mamia. Herri askotan garatu da jadanik toponimiaren gaia; gure inguruan Arrasateko kasua dugu hurbilena. Arlo zabala da, eta gure kasuan gauza gutxi dagoenez aurretik egina, errazenetik hastea hobe. Arlo honetan egin daitekeena: baserrien jatorrizko izenak hartu eta herriko mapa batean kokatu; belar, zuhaitz eta landareen izen eta erabilerari buruzko fitxak egin; bide zaharren nondik norakoa jaso; eta abar. Aspektu honetan, beste gehienetan bezala, herriko pertsona edo talde desberdinen laguntza aurreikusten da, jubilatuena esate baterako. Bestalde, bailaran oraindik bizirik ditugun historiaren arrastoak behar diren bezala gordetzeko ahalegin berezia egiteak bere garrantzia dauka. Horra hor: aspaldiko hilobiak, bide zaharrak, gurutzeak, ermitak, eta abar. Besterik ez bada, saiatu gaitezen belaunaldiz belaunaldi gugana heldu diren arrastoak ahalik eta egoera onenean gorde daitezen kontzientzia sortzen. Etnografiaren arloa zabala dela kontutan hartuz, aspektu esanguratsuetan sakonduko dugu soilik. Jasotako lehentasunen artean, garai batean erabiltzen ziren eta gaur egun ia desagertuta dauden tresneri zaharrak berreskuratzeko ahalegin berezia azpimarratzen dut. Gehienak garai bateko lanbideekin daude lotuta: ikatzgileak,tejeroak, errotariak, harotzak, kanteroak. Beste batzuk, etxeko objetu edo gauza pertsonalak izan daitezke: izarak, bajillak, arropak, erlojuak, tokilak, orraziak, moneta zaharrak, ... Sail berezia merezi dute argazki eta dokumentu zaharrek. Izan ere, jakin badakigu etxe askotan oraindik ere gordetzen direla hauetariko asko. Horiek gordetzeko modurik egokiena bilatzea (digitalizazioa) eta katalogatzea lirateke. Azkenik, nahiz eta besteak hainako garrantzia duen beste puntu bat izan: ohiturak eta folklorea. Kapitulu honetan hainbat ezaugarri ditugu: ipuin zaharrak, jokuak, jaiak, erlijio ohiturak (peregrinazioak, errogatibak, bedeinkapenak, kofradiak, ...). Aipatutako ezaugarriak jasotzea ezinbestekoa bada, hori bezain garrantzitsua da hori guztia ezagutzera ematea. Hainbat aukera ditugu, nik honako bi hauek planteatzen ditut: ahalik eta materiale gehiena artxibatu eta katalogatu ondoren, guztiontzat eskuragarria izango den toki jakin batean gorde (Kultur Etxean esate baterako); urtero gai desberdin baten inguruan erakusketa antolatu (lanbideak, festak, txerri boda, ...) Ikerketa bukaturik, ondoren, lehentasun horiek kontutan hartu eta beraiei heltzea dagokigu. Bi erakundeek, Udalak zein Eusko Ikaskuntzak, interes handia dute aurrerantzean lanari jarraipena emateko. Beraz, ez dadila paperean gelditu bakarrik, eta has gaitezen urratsez urrats lanean. Rosa Mondragon, Ikerketaren egilea Euskonews & Media 46.zbk (1999 / 9 / 17 24) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.