
Gaiak
Bittoriano Gandiagak Oteizari
Manuel Lekuona Saria 1996 Jorge Oteizari. Oñate 4 de Mayo de 1996. Oteitza Arantzazun
Poema baten susmoa
EMENTXE dago arkaitza. Ume nintzanean, soin gabeko poema bat usmatu neban, eziña, arkaitz zurtz onen ganean.
Ementxe dago arkaitza; ementxe poema, susmoa maite bat oraindik, soin gabeko ta eziña, arkaitz zurtz onen ganean.
Oteitzari baietza
Nik ez dut orain idazten paper-saskirako baizen, agian, noibait, zeozer.
Zer paper-saski ta sasko? Euskalerri ez al dago paper-saski, hutsik asko?
Entzun nue ta pentsatu Herriak nindun ikutu. Herriak eta egiak guztiok behar baikaitu.
Tailer batean nengoan, Oteitza baten ondoan. Hitzak lapalki entzun nizkion ta asmo bat hartu beroan:
Agintzen dizut, egia, idazten dudan guztia tailer hontara jasoko dizutk. Gaurtik hemen dut saskia.
Oteitzaren eskaritik herriarenak entzunik, iratzarri naiz jadanik lotan nengoen paper-saskitik
Banatorkizu, Oteitza. Bete nahi dizut nik hitza. Idatzi ditudan hauek inon utzi ahal banitza...
Eskaiola ta buztina, lan-garra ta zipristina... Irudi busti nimiñoz dago bereizi didan izkina.
Den hau egia ote den, inor zalantzan baledi, Pelay Orozkok badaki.
Andre Mariaren irudi berria
Behe aldean zirenak ikusi ondoren, herritar barreiatuen hila irtennintzen, Errodrigok ardien hila irten zuen bidez. Banenbilen eta, halako batena, Errodrigok harako ezkila entzun zuen tokian, mailu baten tokian, mailu baten taukia entzun nuen. Herritar bat ote zen hurreratu nintzen eta, Ama Birjinaren irudi berri bat aurkitu izan nuen. Ez zen Errodrigok aurkitua halakoa. Ez zen portaleko Ama gazte haren antzeko. Baizen Kalbarioko Ama Iarriaren. Harrizkoa zen arren, ez zen Errodrigoren harrizko beste haren harri zuri-gorrizko argia. Ezperen harri beltzezko harri handi ta beltzezko; larriak zutik harritutako Seme hil baten ama harrituaren lurreko harri beltz ta lutuzko iluna.
Parajea
Baso galduen erdian, kare-harrizko mendiak gorri, aizto ta mutur, iparrak melar zorroztu sarriak.
Lur aitu baten azurki penagarri ta larriak... Labandutako gantzu ondarrez, azpitik, zerbait bustiak.
Zeatu zitun aldiak, lasatzen ditu euriak. Noizbait, asperen gisan, egozten dituen elorri urriak.
Miñaren erreiñu eder, maite deutsudaz zauriak: Iretargiak maite ditun lez abar urratu ta ausiak
Foto: Lamia
Basilika berria
ARKAITZEZ gora, elorri, astrapalatsu, basati, arkaitzez, garratz, eleiz arkaitza azkar dator, barri.
Arantza ta agin biziki, lehi gogor baten itzuli, iakar ta lakatz, ba-da akatsezko neurri ta formen ausardi.
Goiartuz troka ta mendi, aldiko bekoki larri, oiñarri zaar gain, iñoizko gogoaro bat nai dau giltzarri.
Gorri torre t’orma ta arri, indar ta altura iratzarri, arkaitzez, garratz, eleiz arkaitza, irme ta aidor, barri.
Jorgek minez egin zuen lan
Tiriki, tauki, tauk mailuaren hotsa. Tirki, tauki, tauki mailuaren hotsa. Hamasei harri lantzen ari da Oteitza. Ai, oi, ai, ari da Oteitza.
Tiriki, tauki, tauki, mailuaren hotsa. Tiriki, tauki, tauki, mailuaren hotsa. Mailua penazkoa harria gau beltza. Ai, oi, ai, harria gau beltza.
Tiriki, tauki, tauki, mailuaren hotsa. Tiriki, tauki, tauki, mailuaren hotsa. Etsipen kolpe bat da ukaldi bakoitza. Ai, oi, ai, ukaldi bakoitza.
Miña harrietan ere
Non zegoen nahigabea? Oteitzaren txintxan? Harri beltzetan gordea? Edo agian herritarren begi larrietan?
Baina non ez ote zegoen? Agian trintxan ere bai; agian herrietan ere; badakigu begietan zenbat nahigabe zegoen.
Trintxak ikutu-ahala harri beltzetan ere nahigaberik bazela agertuz joan zen.
Basilikaren frisoko poema
Ikusten duzu herriko igerleak dioen alegia, harrizko letra beltzez harrian idatzia. Zer irakurtzen duzu horma haundi horretan? Zeuretzat idatzi du, zeuri zaizu mintzo, zeuri dagokizu profezia hori. Sinets egidazu: hor duzu gertatu dena eta gertatuko denaren ezaugarria. Ez dago letra bat alferrik: Amak zutik behar zuen, Semeak zerraldo, apostoluak halaxe eta halaxe hutsunean eta halakoxe. Profezia hau historia batia eta historia hau profezia. Denak daude zerurantz oraindik bizi direnak biziak itxaropena behar baitu bizitzeko. Hila dago bakarrik lurrerantz lurraren alde hil denez. Ausar zaitez galdetzen ulertu ezin baldin baduzu. Zergatik idatzi du eliza honetako atari hau Kalbarioko profeziaz? Zergatik ditu elkartu Semearen heriotza eta Amaren itxaropena? Zergatik daude apostoluak zutik buruzagia zerraldo badatza? Hutsune nabarmenki haundi hau zergatik ez dago ilunez beztuta? Herriko igerlea Herritik mintzatu zaizu. Bazekien bazentozena, bazekien zure berri eta heriotzarenganako daukazun beldurra. Eta horregatik jarri ditu zutik hilaren ondoan denak eta hila zeharretara etzana, baina altu, hegadan bezala. Zeu lasaitzeko idatzi du historia hau, gertatzen dena gertatzen dela, zutik irauten jakin dezagun itxaropenetik sortzen delako bizitza; ahantz ez dakizun. Baina jadanik aski duzu berpiztearen sinesmen-lekukotasun hau eta igaro zaitez jadanik horma honen atez edo horma hau den atez, eta ikus berpiztea egia dela, ikus barruan nola gaztetu den Ama, hila nola den berriro Haurtxoa, eta nola berriro dena hasten den, berrien berriz berriro, udaberri bat bezala.
Arantzazu. Flash labur bat
ZERUAN, izarra, gaillen ta bakarra, arkaitzean torre luze ta lakarra, eta Udaberri goiz, ta Arantzazu alai eta uren marmarra...
T’elorriak zuri ta aidez loreen usai argi ta txikarra. Ta, ikuspen bat legez, ona ta ukikorra, arriz egindako Andra Mari zaarra.
Oteitza
Pentsamenduaren eta egitearen abangoardian Oteitza, bere garaiko eskultore konprometitu eta balio unibertsalekoa. Zentzu erlijioso handi baten jabe.
Oteitza, landu dituen harri blokeen tamainako hitzak dituena. Arantzazuko basilikaren frisoko harrizko poemaren autore Oteitza.