447 Zenbakia 2008-07-04 / 2008-07-11

Artisautza

Javier Murillo. Naturako imagineria: Prozesua

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

PROZESUAK

Hainbat material erabiltzen ditu lanetarako: falla-kartoia, kotoi-oihala, poliestireno hedatua, aluminiozko xaflak, paperezko orea, beruna, erretxina sintetikoak eta eskaiolak.

Jarraian, lana egiteko prozesuaren urrats orokorrak aipatuko ditugu, labur-labur.

Lehenik eta behin, dokumentazio grafiko ona (argazkiak eta ilustrazioak) eta datu biometrikoak bilatzen ditu. Gero, jatorrizko eredua buztinaz egiten du, eta bukatu ondoren moldea osatzen du, gehienetan bi piezakoa. Irudi handien moldeak eskaiolaz egiten ditu, eta txikienak, berriz, silikonaz. Hortik abiatuta, ondoren, kopia bat egiten du, isurketa bidez edo eskuz moldeatuta. Paperezko orea, kartoia, erretxinak edo eskaiolak erabiltzen ditu kopiak egiteko, moldearen tamainaren eta materialaren arabera.

Hegaztiei dagokienez, hankak ere moldeatu edo tailatu behar dira, eta dagokien moldea egin. Irudi beraren piezak –gehienetan bi– bateratzea izaten da hurrengo urratsa, eta junturak ez igartzeko moduan uztea. Azkenik, hankak eransten zaizkio.

Pintura plastiko matea erabiltzen du pintatzeko, eta begietan berniz distiratsua. Javierrek dioenez “hanka eta moko luzeak dituzten hegaztiak egitea ez da hain erraza, baina animalia multzorik korapilatsuenak anfibioak eta narrastiak dira. Egin ditudan lanik zailenen artean, kurrilo bat nabarmenduko nuke: hegaka zihoan, lepo izugarri luzea zuzen-zuzen aurrealderantz jarrita, eta hankak atzeraka. Edo sai baten irudia, geldirik baina hegalak zabalduta, erasotzeko prest, haratustelaren ondoan”.