445 Zenbakia 2008-06-20 / 2008-06-27

Gaiak

Idazketa sortzailetik pentsamendu sortzailera

ARRIETA MALAXETXEBARRIA, Yolanda

Irudimena

Zer dago ipuin baten atzean? Zer dago olerkien ostean? Non hasten da sortze prozesua? Zer egin dezaket liburu batekin? Euskarazko produktuak ekoizteko ez ezik, zertan gehiago lagun dezake, gaur egun, orokorki Literaturak, eta zehazki, idazketa sortzaileak?

Argazkia: clspeace.

http://www.flickr.com/

photos/clspeace/2436510670/ Pentsamendu logiko-zientifikoaren ondotik pentsamendu narratzailea deritzona ari da ezagutarazten eta indarra hartzen Psikologiako manualetan. Lehenak, azalpenetan oinarritutako sistema matematiko, formal eta deskribatzaile bati erantzuten dio, egia enpirikoetara iristeko helburuz. Bigarrenak, aldiz, gizakien akzioei eta esperientzia emozionalei erreparatzen die, hots, gizakiok gure nahiak lortzeko bidean aurkitzen ditugun oztopoei zer akzioren bidez erantzuten diegun, bakoitzaren izate eta esperientzia emozional horiek kontuan hartuz gero.

Pentsamendu narratzailean pertsonak aktore gisa hartzen dira. Nola da hori? Aktoreek helburuak dituzte eta tresnak erabiltzen dituzte, inguruan aurkitzen dituzten oztopoei aurre eginez, bide horiek lortzeko. Honenbestez, pentsamendu narratzailea giza akzioei buruzko errepresentazio narratzailea litzateke, non aktoreek, akzioek, helburuek, tresnek eta inguruak egitura bat osatzen duten, eta non egitura horri beste elementu subjektibo bat gehitu behar zaion. Zer? Kontzientzia, alegia, gizaki-aktoreok dakiguna, pentsatzen duguna, uste duguna, sentitzen duguna, edota gizaki-aktoreok ez dakiguna, pentsatzen ez duguna, uste ez duguna edo sentitzen ez duguna.

Pentsamendu narratzailea idazketaren aurretikoa litzateke, ahoz kontatzen ziren ipuin herrikoien egitura hor dugu, esate baterako (V. Propp). Beraz, neurri batean, gizakioi berezkoa zaigun egituraketa komuna litzateke, aldian aldiko aktoreek, beraien unean uneko esperientzia eta kontzientzia bitarteko, etenik gabe, berregiten doana.

Nola lotu pentsamendu narratzailea eta pentsamendu sortzailea? Idazketa sortzailearen bidez. Idazketa ezagutu aurretik gizakiek erabiltzen zuten egitura narratzailea idazketara eramanez, non gizakiok pertsonaiak garen, espazio eta garai batean, egoera bati aurre egiten –narrazioa–, eta non gizakion narratzaileak ere bagaren, espazio eta garai batean, egoera bat bizitzen eta sentitzen, eta bizipen horiek zentzuen bidetik deskribatzen, kontatzen eta irudikatzen, hitzak bitartekari –lirika–.

Izan ere, askotan ahaztu egiten baitugu pentsamenduaren barnean aurkitzen dela lehena eta oraina josiz “behin bateko” lurraldeetara salto egin eta balizko egoerak irudikatzeko ahalmena; hitz edo izen gisa, euskarak hain ondo eraikia: irudimena. Kontuak

Idazketa sortzailea oraintxe ari da entzuten gure artean, baina laurogeigarren hamarkadan izan zuen bere “boom”a, batik bat, Estatu Batuetan eta Argentinan. Literaturarekin lotu arren, gaur egun, indarra hartzen ari da beste zenbait alorretan, psikologian, humanismoan edota naturismoan esate baterako, baina baita enpresa munduan ere, talde dinamikak edota barne komunikazioa lantzeko garaian.

Hortaz, esperientzia solteak egon badaude, baina euskarari dagokionez, esperientzia horiek %90 literaturarekin lotzen dira, idazleak direlarik emaileak, eta kultura eta hezkuntza –liburutegiak, kultur etxeak, eskolak, institutuak, euskaltegiak– esperientzia horiek martxan jartzeko guneak.

Ni neu naiz horietako emaile bat eta azken hiru urteotan literaturaren xedea birplanteatzen aritu naiz neure jardunean, hots, zer da literatura?, galderari erantzun berriak bilatzen.

Izan ere, funtsean, zer da, bada, Literatura? Kontuak entzutea –edo irakurtzea– eta kontuak esatea –edo idaztea–. Argazkia: exrorro.

http://www.flickr.com/photos/exrorro/380997909/ Sormena Zer da idazketa sortzailea? Zer da pentsamendu sortzailea?

Hamabost urte pasatu daramat haurrekin, gazteekin eta helduekin idazketa lantzen, euskaraz, modu sortzailean. Baina, zerk bereizten du idazketa mota hau ohiko idazketa arruntatik? Batik bat, helburuak. Helburua ez da emaitza, baizik eta bidea, prozesua, bilaketa, hots, aurkezten den abiapuntu –arazo, egoera, fikzio– bati konponbide idatzi bat ematea, era pertsonal eta original batez. Zer lantzeko? Delako abiapuntu horrentzat bakoitzaren NI-ak antolatzen –eraikitzen, sortzen, eratzen– duen erantzuna. Erantzun hori besteekin partekatzean, bi gauza lortzen baitira: bat, NI ezberdinek abiapuntu berari emandako erantzunak ezagutzea (bakarkako pentsamendu sortzailea). Bi, bakoitzaren NI sortzaile horretatik GU sortzaileak eraikitzea (pentsamendu sortzaile kolektiboa).

Gizarte ereduak eta identitate kontzeptuak aldatzen ari diren garai honetan aberatsa bezain konplexua agertzen zaigu egunerokotasuna; aberatsak bezain konplexuak, banakakoak eguneroko bizimoduari aurre egiteko moduak. Informazioa lortzeko bide anitz daukagu, baina informazio hori norbanakoaren baitatik iragazteko asti eta gune gutxi.

Irudimena, berritasuna, sormena, banakakoaren ekarpena gune kolektiboetan... Halakoak inoiz baino gehiago entzuten ari dira gure artean. Lantzeak, ordea, denbora eta espazioa ez ezik, egitura malgua duten egitasmo pilotuak martxan jartzea eskatzen du. Nola, baina? Aurretiaz ondo zehazturiko ezaugarriekin eratuko diren ekimenak frogatuz, neurtuz eta sistematizatuz. Zer lortzeko? Euskaraz aritzeko tresna batzuk, non euskara, hizkuntza gisa, emozio, zentzu eta irudimenez osaturiko pentsamendu integral batekin lotzen den.

Idazketa tresnatzat harturik, sormena –ere– euskaraz garatzeko erreminta efektiboak antolatzea litzateke helburua, literaturaren oinarriari helduz, kontuak esan, entzun eta irudikatzeko erreminta aplikagarriak eratzea, edozein delarik erabiltzailearen adina (haur, gazte, heldu), edozein delarik bere formazioa (zientziak, letrak) edozein delarik bere zeregina (ikastea edo lan egitea).

Sormena berezkoa zaigun arren, sormen hori entrenatzea geure esku dagoelako %100an. Zorionez...