Euskonews Gaztea
Gaiak: Zeanuritik, Erroten Ibilbidea eginez
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Argazkiak eta informazioa: Jon Urutxurtu
Zeanuri, Bizkaia. Mendi arteko herria Arratia ibaiak bustitzen du. Maiatzaren 4erako hitzordu berezi batetara deitu dute Ipizki Taldeak eta Joko Alai elkarteak. Zer dela eta? Aurten, Zeanuriko Erroten III. Ibilaldia antolatu dute eta deialdia mundu guztiari luzatu diote.
Asmo ezberdinekin burutuko dute 21 kilometro inguru dituen osteratxoa. Hasteko, herria bera ezagutzera eman nahi dute antolakuntzako kideek, bai barrutik eta baita kanpotik ere. Gainera, eta bereziki, herrixka honetan urte luzeetan zehar errotek izan duten garrantzia azpimarratu nahi dute.
Izan ere, XVIII. mendearen amaieran sei burdinola eta hemezortzi errota – guztiak hidraulikoak – zituen Zeanurik. Baina poliki–poliki, erroten agonia eman zen, geroz eta gutxiago erabiltzen ziren, eta esan liteke XX. mendearen erdialdean okertu zela egoera. Hala, gutxika bertan behera utzi ziren eiherak.
Maiatzaren 4an animatzen direnek, erroten aztarnak edota oraindik zutik daudenak bisitatzeko aukera izango dute. Horretarako, egunean bertan eman beharko dute izena herriko plazan, goizeko 8:30etan hasita eta bi euro ordainduta.
Ordu erdi beranduago emango diote hasiera martxari. Plazatik abiatuta, 21 kilometroak egiten hasiko dira eta bidean, bi errotatan sartu–irtena egiteko aukera izango du ibiltariak: Ibargutxi eta Olabarri errotetan hain zuzen ere. Bisitatuko den errotetako bat.
Ibargutxi, noizean behin martxan jartzen den errota dugu. XIX. mendean burdinola bat izan zen eta originalki hiru harrirekin egiten bazuen lan ere, gaur bi ditu. Gabriel Larrazabal izan zen azken errotaria; gaur egun berriz, Bitoriano, Satur eta Ma Jesus seme–alabak dira jabeak. Guztiz eraberritu dute errota eta noizean behin etxerako garia edo artoa ehotzeko erabiltzen dute.
Olabarriko errota ere, burdinola izan zen jatorriz eta herriko patroiarena zen, Arriola familiarena, hain zuzen ere. Ondoren, Manterola eta Pujana familiek eduki zuten errotaren ustiapenaren ardura. Eta azkenean, XX. mendearen erdialdean Benigno Pujanak Arriolatarrei erosi zien Olabarriko errota. Hau hil zenean, haren semeak hartu zuen zaharberritze lanen ardura eta oraindik ere lan egiten da errotan (hemezortzietatik bakarra).
Beraz, zer egin ez dakizula bazaude, animatu eta maiatzaren 4an benetan hitzordu interesgarria daukazu Zeanuri inguruak ezagutzeko!