Euskonews Gaztea
Gaiak: Prentsa askatasunari buruz
Pertsona guztiok daukagu iritzi eskubidea, eta noski, baita hori adieraztekoa ere. Mugaz gaindi, edozer ikertzeko eta informazioak jasotzeko eskubide osoa dugu, baita horiek hedatzeko ahalmena ere.
Hori teorian horrela da. Baina beti daude salbuespenak, bai gure gizartean, baita beste toki askotan ere. Unescoren ekimenez sortu zen Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna maiatzaren 3an ospatuko da. Eta esan dudan bezala, beti daude salbuespenak. Kazetariei ez zaie sarritan beraien lana egiten uzten; mehatxatuak izaten dira, bahituak eta kasurik larrienean, beraien lana egiteagatik hiltzen dituzte. Datu izugarri bat iritsi zait nire belarrietara, eta kezkatuta geratu naiz. Izan ere, jakin dut 2000. urtean 33 kazetari hil zituztela! Eta gehienak, denak ez esatearren, beraien lana egiten!
Aipatu bezala, hori kasurik txarrena litzateke, baina ez dira prentsa askatasuna murrizten duten egoera bakarrak. Badira bestelako oztopoak askatasun hori lortzeko. Hedabideen itxiera eta kazetarien kartzelaratzea ditugu adibide batzuk. Eta zoritxarrez, gertutik bizitzea egokitu zaigu. Denok dugu gogoan Eginen edota Euskaldunon Egunkariaren ixtea.
Harrigarria iruditzen zait XXI mende honetan horrelako egoerak bizi izatea. Gainera, beti pentsatzen dugu hori garapen bidean dauden herrialdeetan edota botere autoritarioak nagusi diren tokietan ematen dela, baina ez da egia. Gutxien espero dugun lekuan ere jasotzen dira testigantzak, eta tamalgarria da. Salagarria oso. Eta aldatu beharrekoa, erabat.
Horregatik, beraien lana egiteko eskubidea aldarrikatzen duten horiek zoriondu nahiko nituzke lerro xume hauetatik, eta nire eskerrona adierazi, beraiek gabe, informazio orok kolore berdina izango lukeelako. Boterearen kolorea, hain zuzen ere.