438 Zenbakia 2008-05-02 / 2008-05-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Antonie D'Abbadie

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Antoine Thompson D’Abbadie Dublinen sortu zen 1810eko urtarrilaren 10ean. Ama bertakoa zuen, eta aita berriz zuberotarra, Ürrüstoiekoa hain zuzen ere. Zientzialari sonatua izan zen eginiko lan eskergagatik. 1897ko martxoaren 19an hil zen eta bere jauregiko kaperan dago ehortzita.

Dublinen egin zituen bere lehengo hiru urteak, familia lekualdatu zenera arte. Orduan, Frantziako Tolosan jarri ziren bizitzen eta han Antoinek bere anaiekin (Arnault eta Charles) batera ekin zien ikasketei. Hemeretzi urte besterik ez zituela fisikan espezializatu zen. Baina ez zion ikasteari utzi eta 25 urterekin maletak egin eta Brasil aldera abiatu zen lurraren magnetismoa ikertzeko asmoz;1835. urtea zen. Bi urte beranduago, bere anai Arnaultekin batera Etiopia eta Egipto Garaia bisitatu zituen eta 1948 urtera arte egon zen han ikerketak egiten.

Hendaiara itzultzea izan zen bere bizitzako hurrengo etapa; 1849. urtea zen. Abbadia izan zuen ordutik aurrera bizileku. Baina Etiopian zientzia arloko adar ezberdinei zegokien materiala ekarri eta ikerketak egiten aritu zen. Urte batzuetara, 1885ean, berriz ere maletak egin eta Kairo, Alexandria, Atenas eta beste hainbat tokitara abiatu zen, ikerlanak egiteko asmoz.

Zientziari eginiko ekarpenaren garrantzitsua aintzatetsi zioten sarritan.. Besteak beste, 1850. urtean Frantziako Soc. De Géographiek urrezko domina eman zion; 1852an Parisko Académie des Scienceseko urgazle izendatu zuten; eta 1877ean Frantziako Zientzia Akademiak Geografia eta Nabigazio Elkarteko kide egin zuen.

Baina Antoine D’Abbadiek ez zion soilik zientziari eskaini bere bizitza. Izan ere, euskaltzalea ere bazen eta bere ardura nagusietako bat, euskara eta euskal kulturaren iraupena izan zen. Euskaldun peto honek, alde batetik, sare intelektual bat sortu zuen; hau, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaltzaleak harremanetan jarriz osatu zuen. Bestalde, 1853an Lore Jokoen sortzailea izan zen eta Ipar Euskal Herrian haien bultzatzaile nagusi.

Eusko Ikaskuntzak 1997an kongresu berezi bat eskaini zion Antoine D’Abbadieri, bere heriotzaren ehungarren urtemuga zela gogoratuz.